Maldan-behera-doa-aguro-nire-gorputz-biluzia:
"Baliteke nire aitak zer edo zer gaizki egin izana, baliteke ere leporatzen zizkioten bidegabekerien erdiak egiazkoak izatea ere. Baina ez zen nire errua, ez nuen inolako erantzukizunik bere alaba izanagatik. Ez zuten, haatik, inolako eskubiderik nire aitaren erruaren zati bat egozteko, izugarri errukigabekoa omen zen euretako askorekin txikitandik eskolan zein jolasean lagun zuten neska zintzoarekin hain bihozgogor jokatzea. Zerbaiten erruduna nintzela mamurtzera hasi nintzen, gutxienez gure aitaren bekatuen lagun, hala bakarrik uler nezakeen bat-bateko ezinikusi hura, isiltasunaren mesprezua. Banekien nik gure aitak aldizka zeharo egoskor jotzen zuela, askotan ere oso zuzenak iruditu ez zitzaizkidan erabaki batzuk hartu zituela, besteak beste oraindik Frankoren garaian bere langile batzuk kalera bota egin zituenean eskubide sindikalak eskatu zizkiotelako. Baina banekien ere gure aitak gauza batzuk ezin zituela ulertu, ez zela bertan jaioa, ez eta herrian mika urte igaro eta gero ere, bere bizkar gainera zetorkion mundu berrirako, saiatuta ere ez zela moldatuko garai berrietara, aspaldiko ohitura txar eta samingarrien menpe bizi baitzen. Hala eta guztiz ere, noizbait norbaiti kalterik egin baldin bazion, ez zuen apropos egin, eta ez zuen ere inoiz behar baino bortitzago egin, gozatzeko edota are gutxiago inolako atarramenturik ateratzearren. Berak beti berea eta bere ondokoena defenditzen ari zela uste egin zuen, berea batik bat defenditzeko eskubide osoa zuela, berea, hau da, orduko mundua, suntsitu nahi ziotelako, zeharo oker zegoen arren. Hil zutenek, ordea, bere egoskortasun hori biziaz ordaindu behar zuela erabaki zuten. Gainontzekoek, Luzaroko herri osoak, odolezko ordainketa hori nola edo hala merezituta zutela ere erabaki egin zuten."
No hay comentarios:
Publicar un comentario