sábado, 10 de marzo de 2012

FEDE BILAKATURIKO GEZUR ETA TOPIKOEI AURRE EGINEZ.


Doala aldez aurretik halako gauzak ez ditudala batere gogoko inolako independentismo edo antzerakorik zuritzeko asmotan, niri bost axola didala orain duela bost mende gertatutakoa gure etorkizunaren giltzarri edo auskalo zeren oinarri izateko, nire aburuz benetan inporta duena orainaldiaren nondik norakoak baino ez direla, hots, gaur egungo nafarren borondatea, edonon bezala, beharko, ez besterik. Dena dela, aitortu beharrean nago historia ikasketak eginak ditudan aldetik, historia nola edo hala nire pasioetariko bat delarik, iraganeko mitoak edo leloak ikerbiderako behin berriro mahai gainean jartzeak guztiz erakartzen nauela. Badakit, nola ez, eguneroko leloa denez, nazionalismoek historia istilu edo zuribide dutela euren helmugak nolabait zilegiztatze aldera; baina, nik uste, euskal abertzaltasunarenak alde batera utzita, hots, euskal abertzaleek Nafarroako Historiaz baliatu nahi izatea kosta ahala kosta, bada egia ere espainiar nazionalismo klasikoak Nafarroaren konkistaren inguruan gezur borobilak asmatu eta menderik mende aldarrikatu egin dituena; ez baita ulertzen guztiz libre edo burujabe zen erreinu baten konkista hain argudio arin, ilun eta batez sinestezinez azaldu izana, ozta-ozta aldarrika eskatu egin zietela gaztelarrei konskitatuak izatea, bazegoen mendeak pasa ahala behin eta berriro errepikaturiko lelo anesionistan benetan susmagarri begitantzen zitzaidan zerbait, eta niri bezala badirudi gero eta historialari gehiagori ere berdin suertatzen zaiela gaurdaino sinestarazi nahi izan digutenari serioski, ikerkuntza zientifikoaren bidez edo, erreparatzerakoan, besteak beste María Puy Huizi Goñi andereari:


Deierriko Ziritza herrixkan jaioa, María Puy Huici Goñi eskola-irakasle izan zen urte askoan. Berandu heldu zion historia ikertzeari, 46 urte zituela egin zen Filosofia eta Letretan doktore, Zaragozako Unibertsitatean, eta tesi garrantzitsua idatzi zuen Nafarroako Gorteen inguruan. Tesiaren ondorioak liburu batean bildu zituen 1963an: Las Cortes de Navarra durante la Edad Moderna. Hasieran mundu akademikoan onarpen gutxi izan zuen arren, urteen poderioz ikerlana erreferentzia bihurtu zen Nafarroako historiaren zati hura arakatu nahi zuten guztientzat.

Jubilatu zenean, jadanik izen handiko historialari bihurturik, proiektu erabakigarri bati ekin zion: Comptoseko Ganbera ikertzeari. Nafarroako erreinuko kontu-auzitegia 1836an desagerrarazi zuten, zentralismoaren goraldi betean; 1980an Nafarroako Parlamentuak eraikina goitik behera eraberritu eta erakundea berriz martxan jarri zuen. Interes politiko handia zegoen Nafarroaren izaera foralean sakontzeko eta testuinguru horretan proposatu zioten Huici Goñiri Comptos Ganberako funtsak ikertzea, XIV. eta XV. mendeez Europan dagoen artxiborik aberatsenetakoa. Hilabete batzuetako lana izan behar zuena, 20 urteko eta lau liburukitako obra mardula bilakatu zen. Baina tarte horretan, 1512ko konkistaren inguruan zituen ideiak zeharo aldatu zituen. Zer gertatu zen? Zer aurkitu zuen dokumentu zahar haietan?: “Argitasun gehiagoz ikusi ahal izan dut 100 urtez okupazio-gudaroste baten pean egon ginela, eta horrek lehen ulertzen ez nituen gauza asko azaldu dizkit”.

Huici Goñik ez zuen erreparorik izan iraganeko hanka sartzeak korrejitzeko –“orain, askoz dokumentazio gehiago ikusi dudala, Gorteen liburuan esandako gauza batzuk aldatuko nituzke”–. Konkistaren inguruko konklusioekin En torno idatzi zuen ausarki, jakinik bere inguruko politikari eta historialarien kritika jasoko zuela. Nafarroako Gobernuak ez zuen liburua publikatu nahi izan, hortik atera kontuak.

Comptos Ganberaz egindako lan erraldoia eskertzeko, erakunde horren domina jaso zuen 1995ean, eta Karlos III.aren Gurutzea ere eman zion 2001ean Nafarroako Gobernuak, besteak beste Nafarroako ereserkiaz egindako lana aintzat hartuz. Fitsik ere ez En torno liburuaz. María Puy Huici Goñi 2008ko apirilaren 11n hil zen; Diario de Navarrak ohar zabala kaleratu zuen hurrengo egunean, baina ez zioen ezer konkistari buruzko bere ideiez, ezer ez En torno liburuaz, tabua bailitzan.

Beamondarrak konkistaren kontra

Liburuko esaldi bakoitza historiografia foral eta espainiarrak Nafarroako konkistaz sortutako irudikariaren kontrako torpedo bat da: Fernandok denak engainatu zituen eta zalantzak zituen konkistaren zilegitasunaz; gerra ez zen frantsesen kontra egin, Nafarroako Estatuaren kontra baizik; Nafarroa ez zen sekula Frantziarekin anexionatu; esatea Gaztelak Nafarroa eraso zuela Frantziaren aldera lerrokatu zelako, zinismoa da; Bloiseko tratatua Katolikoaren azken aitzakia izan zen konkista hasteko; Nafarroa erreinu txikia zen arren ez zegoen abandonaturik, estrategikoa zen… eta segi.

Bestalde, Huici Goñik Comptoseko Ganberan egindako lanari esker, xehetasunez zuen beamondarrek XV. mendean izandako bilakaeraren berri, eta En torno liburuan tarte handi bat eskaini zion gaiari. Asko idatzi izan da beamondarrek Nafarroako konkistan izan zuten parte hartzeaz. Behin eta berriz gogoratzen da Leringo kondea –beamondarren burua– Iruñean sartu zela Albako Duke gaztelarraren ondoan. Nafarren zati batek konkista onartu eta parte hartu zuela iradokitzen dute testu ofizialek, Fernando Katolikoaren plataforma sendoa izan zela leinu hura. Huici Goñik sekulako garrantzia eman zion hori guztia gezurtatzeari.

Bere ustez Fernando Katolikoak beamondarren eta agramondarren arteko borroka aprobetxatu zuen Nafarroan eskua sartzeko; gerra zibila elikatzeko lagundu zituen beamondarrak: “Hori da egiaz nahi zuena: lehenik erreinua deuseztatu, gero konkistatu ahal izateko”. Eta lortu zuen, bi leinuen arteko ezinikusia handia zelako oso. Beamondarrak 1512ko kanpainan buru-belarri aritu ziren, egia da, baina ondoren gertatutakoa beste upel bateko ardoa izan zen. Huici Goñik dio Leringo kondea eta enparauak konkistarekin harrituta zeudela, areago, iturri klasikoak aipatzen ditu esanez Albako dukea ez zela batere fidatzen beamondarrez, agramondarrak bezainbeste zelatatzen zituela. 1513an Nafarroako Gorteetan beamondarrek Fernando Katolikoari zin egin ziotenean, mehatxupean egin zuten (Crimen de lesa Magestad); Nafarroa Gaztelara eransteko 1515eko akta ofizialean ez dago ordezkari nafarrik, ezta beamondar bat bera ere… “Ez alda arraroa?” galdetzen du bere kolkorako Huici Goñik. “1512an beamondarrak engainaturik sentitzen dira eta gaztelarren kontra egiten dute”, horra liburuko ondorio nagusietako bat.

Okupazioa: “Oraindik ondorioak jasaten ari gara”

Liburuan desmuntatzen duen beste topiko bat da nafarrek ez zutela konkista traumatikotzat jo. Hara zer dion Alfredo Floristan Imizcoz-ek, navarrismoaren ildo ofizialeko egile esanguratsuenetakoak: “Bistakoa da orduko nafarrek ez zutela gaztelarren konkista euren ‘nazioaren’ amaiera tragiko moduan sentitu”. Esaldi horri erantzuten saiatzen da Huici, testuliburutan hainbeste aldiz irakurritako “inkorporazio zoriontsuaren” argudioari, alegia. Beretzako anexioa guztiz traumatikoa izan zen eta beamondarren artean egondako aldaketak erakusten du hori: konkistaren aurretik erreinuko bi leinuetatik batek gorroto zuen Gaztela, konkistaren ondoren, biek. Harrituta zegoen gorroto eta mesfidantza horren ondorioz erreakzio subertsibo handiagorik ez zelako egon: “Zazpiehun urte dituen erreinu bat ez da horrela desagertzen, hotz-hotzean”, dio liburuan.

Okupazioa da gakoa. Nafarroa ehun urtez baino gehiagoz gaztelarren ejertzitoak okupaturik egon zela “deskubritzeak” aldarazi zizkion konkistari buruz ordura arte zituen ideiak historialari nafarrari; kontraesan ugari argitu zituen modu horretan: “Isildu eta disimulatu egin behar zen, amore eman eta onartu, edo bestela hil”. Bere ustez okupazioa 1476an hasi zen, Tuteran agramondarrek eta beamondarrek hitzartutako menian, Gaztelak Nafarroako hainbat hiribildu eta gazteluren gaineko jabetza eskuratu zuenean. Eta 1612an oraindik okupazio-gudaroste batek zapaltzen zuen Nafarroa. Urte horretan Nafarroako Gorteek Madrilgo Gerra Kontseiluari eskatu zioten erregearen tropak ordezka zitzala bertoko aitoren semeek osatutako miliziekin; baina honek ezetz, euskalduntzat jo zitezkeen frantsesak infiltratu zitezkeelako soldaduen artean. “Oraindik ez ziren nafarrez fidatzen”, dio Huici Goñik. 1572an Iruñeko ziudadela egin zenean matxinadaren beldur ziren, “nafarrei usteko” diseinatu baitzuen Antonelli ingeniariak. Berrogei urte geroago ez ziren gauzak gehiegi aldatu


Edonola ere, goiko guzti hau irizpidera baldin badakart, nazionalismoek, edozeinek, Historiaren inguruan asmaturiko gezurrez edota topikoez jabe gaitezen da, inondik ez behin berriro nafar erresuma zaharraren Historian oinarrituz oso bestelako nazionalismo bati ekin diezaiogun, lehen ondotxo esan bezala gaur egungo hiritarron borondatea lege edo estakuru izan behar baita edozein aldaketa politikoren inguruko eztabaidaketa bat sortze aldera edo.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...