jueves, 15 de marzo de 2012

BEHIN BERRIRO ITXURAKERIA ANTZESPEN


Hor nonbait irakurri dudanez atzo egin zioten euskarari gorazarre Madrilen Etxepare Institutoak antolatuta edo. Bitxia benetan Wert bezalako kultura ministroak euskara goraipatzeko asmotan bota egin zituenak: "euskara duindu beharra zegoela". Hau da, dagoeneko batere duinik ez dela, berriro diot, Welt jaunaren aburuz euskari falta zaio gutxieneko duintasuna edo agian xarma ere bai...

Tira ba, ezer berririk ez zerupean, ohiko euskararekiko arduragabekeria edo ezjakintasuna baizik. Baina, txunditzen du eta asko gainera PPren zenbait ordezkarik oraingoan euskararen laudorioetan, txunditzen du ondo asko oso ezaguna baitzaigu alderdikide gehienok egiazko iritzia, inondik ere xamurra gure hizkuntzarekiko, oztopo baizik ez baitakusate euskera euren Gaztela zabalduaren erabateko nagusigorako.

Areago, espainar gehienen gainontzeko iberiar hizkuntzekiko jarrera ezkorra eta uzkurra ezta batere berria, badator oso antzinatik, ez dituzte sekula oso aintzakotzat hartu ez baldin bada legeak aginduta edo, eta edonola ere betiere lehen esandako oztopoa begitandu ohi zaie, maiz ere aldeano batzuen hizkera delakoan edo euren aberri maitearen batasuna kolokan jartzen duten zerbait balitz bezala, gutxienez periferiara doazelarik belarrian min egiten dien zerbait. Bada bibliografia dexente hau guztiau ilustratze aldera, gehienetan euskaldunen hizkera edo ahozkeraren gaineko ixekak edo burlak, mesprezua beti nagusi, harropuzkeria nonnahi.

Atzo esan zuten ikuspegi hori errotik aldatu behar dela, noski, saiatuko direla gogotik. Ez zuten, ordea, aipatu nola, baliteke atzokoa bezalako ekitaldiez edo, antzezpen hutsa, itxurakeria galanta, nahiz eta Etxepare Institutoaren burua Aizpearen Goenaga eta enparatuen asmoak guztiz onak, baikorrak, zirela uste izan.

Alabaina, kosta egiten da izugarri seriotan hartzea jendartean bakarrik aldarrikatzen dena, euskaldun gehienok ondo baino hobeto badakigulako guztiz errazagoa dela euskarazko liburu bat alemanierara itzultzea gaztelerara baino, kosta egiten da sinistea euskararen sustapenaren alde daudela Eusko Jaurlaritzako agintariak ere legebiltzarburua, PPkoa izanda ere, Laura Garrido euskaldunaren ordez Arantza Quiroga bezalako erdaldun hutsa hautatutakoan, nabarmen da ez zitzaiela batere axola euskaldungoaren aurrean inolako keinu adeitsurik egitea, sikiera gure hizkuntza eskubideak gogoan hartzea erdaldungoarenak bakar-bakarrik izan ezean, bidali ziguten mezua argi eta garbi baitzen: gutxiengo zarete, beraz hor konpon, gainontzekoek ez zaituztete ezertan zuek kontuan hartu behar beti.

Horregatik niri behintzat komedia eta itxura baino ez zait begitandu atzokoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...