sábado, 31 de marzo de 2012

GREBA OROKORRA


Nire amarekin telefonoz eztabaidaka ditxosozko grebaren kontura, betiko leloei aurre eginez bion partetik. Baietz ba, ez dela eskubiderik inor bere lantokia utz dezan behartzeko, ala agian bai, agian bere egoismoak gainontzekoen eskubideen kontra jotzen duenean premiazkoa nola edo hala hau jakinaraztea, baina indarkeria inola ez, zer ote da indarkeria, zenbat indarkeria mota dago, zein da bortitzena edo bidezkoeena, boteretsuen interesak kolokan jartzen duena edo jende xehearen kontrakoa?, ez al da berezkoa langileei inposatu nahi dieten erreformarena, auskalo.

Edonola ere, nola ez bat etorri amak esandakoarekin, gure etxean betidanik autonomoak izan garen aldetik inork ez digu laguntzarik eskaini, badirudi gure kabuz lan egin nahi izateagatik zigortzen gaituztela, izugarrizko atrebentzia balitz bezala nork bere aldetik ogia irabazi nahi izatea, pekatu larria gainera egiazko enpresarien parean kokatzen saiatu nahi bazenu bezala. Eta gure etxean betiere gurearen jabe, ileapaindegi bat genuen Gasteizko Etorbidean bizi ginen pisuan, estu-estu gainera, landalan nire gurasoak goizetik gauera arte. Gero geroko negozioak ekinarez ekinez, txanponik txanpon aurreztatutakoaren bidez, baina betiere lanean buru-belarri, bizian lan egitea baino ez balego bezala. Ezta oso txalotzeko modukoa nire gurasoek eramandako bizia, nik goraipatzen dut euren kemena, baina zerbait leporatzekotan bizi izatea ahaztu izana omen da, batez ere egiazko premiarik ez zuten aldetik, nahikotxo ondo bizitzeko bezainbeste irabazten baitzuten izerdipatsetan baldin bazen ere, baina lan egitea bakarrik irakatsi egin bide zieten, antza denez ez zekiten bestetik egiten, gainerakoa denbora beti alperrik galtzea bailitzan. Eta ez, ezta batere xamurra izan eure bizimodua, beti estu-estu, larri-larri, beti hamaika saltsatan sartzen baitzen aita, negozioak baino gogoan ez zituelarik, sekula ez zitzaion otu irabazten zuenaren zatitxo bat ondo bizitzeko ere izan zitekeenik, zertan ote?, betiere diru faltaren beldurraren bizi zirelako, betiere edonorekin errietan edo jabe izateak inoiz eta inola ez baitizu inoren begirunea sortzen guztiz kontrakoa baizik, gutxi inporta du gainera guztiekin zuze-zuzen edota txukun-txukun jokatu izanak, ezta ere bizi osoan elkarren ondoan jotake lan egin izana, zure ogibidearen jabea baldin bazara auskalo zeren errudun bihurtzen zara ziplo, baina ziur ere aintzakotzat hartuko zaituztela ezinbestez.

Alabaina, hori al da pisuzko motiboa gainontzekoekiko elkartasunik ez erakusteko, berez ezbidezkoa dena ez aitortzeko, zure ondokoen eskubideak zapaldu nahi dituen lege baten bidegabekeria ez salatzeko, gure ongizatearen kontra etengabe sortzen ari diren neurriak ez gaitzesteko, gizarte benetan justu, berdintzaile eta solidario baten alde ez jotzeko? Noski ezetz, zure zilborrari begira bizi baldin bazara eta gainontzekoen kezka edo interesei arduragabe The Simpsonetan agertzen den Mr.Burns aberats zeken eta kupidagabekoaren pareko bilaka zaitezke, hots, zekenkeriaren karikatura hutsa. Ezin esan gero gizaki zintzoa, bihotz onekoa zarenik bizi zaren gizartean ezberdintasunak sustatzearen alde baldin bazaude, hau da, beti boteretsuen alde eta jende xeheari muzin eginez.

Gainera, zure inguruan baino ez duzu begiratu behar, badituzu langile hutsak diren ahaideak zein adiskideak, zu ere edonoiz eta edonola izan zaitezke printzipioz beti zure kasa ibili nahi izanagatik, zu ere noizbait soldatapean lan egin duzu, etzazu ahaztu edo ukatu. Gogoratu, alde batetik nekazal lurjabe apal baten iloba zarela, baina ez ahaztu, bestaldetik zure beste aitaita bodega handi bateko langile arduraduna zena, ez ahatzu aitaita horrek PCEren karneta ezkutuan izan zuela, baita bi anaia gerran galdu eta gero ere, ez ahaztu beraz zure aurretikoen bizipinen morroi zarela hein handi batean nahitaez.

Edonola ere, aitortu beharrean gaude guztiok badagoela gizartean oso muga handi bat soldatapekoen eta autonomoen artean, gero eta zabalago egiten ari dena goikoek eraginda, zeren eta zenbat eta handiagoa egitea gero eta errazagoa eurendako euren alde izatea euren kabuz lan eginez ere langile hutsak direnak. Gutxi bailitzan, badute egiazko jabe edo boteretsuok oso amuzki erakargarri zein erabatekoa: autonomoei sinestarazten diete handikien parekoagoak direla gainontzeko langileenetik baino.

Baina ezta egia denok kinka larrian egoteko arriskutan dauden aldetik, guztiok kale gorrian gedatzekoak, batzuk ugazabek kaleratzen dituztelako, eta besteek ere euren negozio apalen porrotak berdin egiten duelako. Horrenbestez, nik beti izan naiz greba orokorren alde, giza eskubide guztiz zilegizkoa baita gizartean ondoeza boteretsuen aurrean aldarrikatze aldera. Hori dela eta ere, biziro ernegatzen nau euren buruz joan nahi dutenak koska ahala kosta, hau da, gainontzekoen lepotik, egoismoa ikur dutenak ondoko aitzakia gezurtiari eutsiz: "niri inork ez dit laguntzarik eskeintzen nire negozioa aurrera atera dezadan, zer dela eta kezkatu behar gainontzekoen eskubideez, ni gizartean bakarrik nago-eta".

Horrexegatik pena ikaragarria hartu nuen, izugarri atsekatu egin nintzen, Oviedoko alde zaharretik nindoala eta bertako taberna gehienak, bertako gazteendako aproposak, irekita ikusitakoan. Tabernari gehienak, noski, autonomoak omen dira, baina niri zeharo ezinezkoa begitantzen zait Gasteiz, Iruña, Donostia edota Bilboko alde zaharretako tabernak berdin ikustea, ez dut behintzat inoiz ikusi aurreko greba orokorretan. Baina, tira, hortaz gogoeta egiten nenbilelarik Oviedon nengoela jabetu nintzen ezustean, eta hemen, jakina, gauzak oso bestelakoak ikusi ohi dira, hemen badira ikus/pentsamolde batzuk nagusi direnak eta oso zerikusi eskasa dutenak elkartasunarekin edo, hau da, Asturiasen ere garaile suertatu zen greba orokorrari muzin egin zion hiri bizki atzerakoia, hau da, Regentauria.

Eta amarekin eztabadaika ari nintzela telefonoren bitartez, nola ez gogoratu aspaldiko greba orokor hura, Feliperi egindako biotako bat, oraindio, tartean, ikasle edo nintzela, dena giltzapean, kaleak hutsik, zer egin ez genekiela eta lagun bati proposatu egin niola Iruñaraino joatea Clinica Universitarian operatu berria zen nire amari bisita egiteko asmotan. Sakanatik zehar gindoazela Etxarri-Aranatzen gelditu eta bertako plazan irekita zegoen Euskal Herriko ia taberna batera sartu ginen zurrutean lasai asko egitera erreinu zaharreko hiriburua iritsi baino lehen, badirudi indarrak bildu beharrean nengoela nire amagana joateko edo, ez baitakit greba orokorra izan ez balitz Iruña alderaino joango nintzatekeen, hain gazte txoriburu edo tontolapikoa nintzen-eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...