sábado, 2 de noviembre de 2013

KANTITATEAREN LEGEAREN KONTRA




Doala aurretik nik ikaragarri estimatu, maite egiten dudala astur gastronomia, bada nolabait gordin-gordin esanda murritza, gauza guztiz logikoa, bestalde, lurraldea berez oso isolatuta egon baita antzinatik eta hori nabarmentzen da gastronomian halabeharrez. Hala eta guztiz ere, plater gutxi baina aldi berean ikaragarri onak, goxoak eta batik bat kanpoan ere ezagunak, fabada delakoa esaterako, edota astur potea, "oricio"ekin egindako edozer, arrainak prestatzeko modu andana baina aukeran nik behintzat beti burduntzian, tipula beteak, "al ajillo" oilaskoa, "pulpo pedreiro", gaztak zer esanik ez (enetako hau paradisua da, Frantzia tippi bat, ez hainbeste gazta mota, baina ozta-ozta) eta beste, nik aitatu ditut atseginen ditudanak noski. Hori da gastronomia arloan, baina oso bestelako gauza bat dira jan ohiturak, batez ere ostalaritzari dagozkionak. Badaude eskualdean jatetxe benetan aipagarriak, txalotzeko modukoak. Nik jakina ez ditut guztiak ezagutzen, beharko hemengo ostalaritza potente-potentea baita, sikeran kopururari erreparatuz, nik irizpidera dakartzat eraman gaituztenekoak batez ere, hots, Arriondaseko El Rincon del Indiano, Cangas de Oniseko El Polesu, Gijoneko La Galana edota Casa Marcial, hauek dira gehien estimatzen ditudanak bertan agian gauzak apur bat landuagoak eskaintzen dizkizutelako (Casa Marciak oraintsu arte nik uste punta-puntakoa zela, harik eta bertako sukaldariak Perfida Albion alderuntz ospa egin arte behinik behin, eta egia esan nire aitamaginarren urtebetetzen zain egoteko aitzakia bakarra...).

Horiek dira doian goi mailakoak, arazo ordea datza ertain edo txikietan, batez ere hemengo ikurra diren chigreetan, non janari ezin tradizionalagoak serbitzen diren, non asturiar guztien gustuko gauzak eskaini beharrean dauden eta merke-merke. Non datza arazoa, beraz? Ba, eta hau noski gure artean esanda bakar-bakarrik, jatetxe maila behar eta batez ere jende xeheak merezi dugun baino eskasagoa dela, edo bestela esanda, platerak funtsez guztiz arruntak izanda kristona kosta egiten dela plater arruntok txukun-txukun, xamur-xamur, prestatzen dituen jatetxe xumerik topatzea. Ikaragarria, sarritan ere eskandalagarria, da, bai, zenbat eta "herrikoiagoa" den horietariko chigre bat gero eta zailagoa izaten da zatar edo txar-txar ematen ez duen platerik topatzea, are maizago krisialdia hasi zenez geroztik. Izan ere, gezurra balirudike ere, esan liteke argi eta garbi maila ertain eta txikiko jatetxeetan "nahi besteko kantidadeak" lege direla kalitatearen aldean, azken honen kalterako, bezeria bila ari dena aurrenekoa bailitzan soil-soilik.

Gaur eguerdian bertan, ezkon familiarekin bazkaltzera eroan nautela ustez goi mailako jatetxe batera Oviedo ingurumarietan, azken honekin lotutako adibide ezin garbiago bat. Gorago aipaturiko astur plater tradizionak ezin txukun/xamurrago prestatzen dituzte, hortaz dudarik ez, batez ere fabada, potea eta abar. Alabaina, eta ustezko goi mailakoa izanda ere, beti azaltzen da kartan nire onetik ateratzen nauen plater bat: parrillada. Bai, arrain edo okela parrillada, edo bestela esanda arrain zein okela mota ezberdin denak batera nahastuta eta burduntzitik pasata. Ez du buru buztanik, nahaspila hutsa da, eta gainera, delako parrillada mahai gainera heldu orduko mahaikideek txahalkiari eusten diote zoro moduan, gero txorizo kriolloari, ondoren txerrikiari eta azkenik betiere eta espero bezala oilaskokiari; ordena beti-beti berdina izaten da eta, ez dago sekula salbuespenik. Jakina, azken hau lagun artean izan liteke aukera eder, paregabeko bat mahai gainean sardaska zein aiztoekin leian egiteko, nork txahalkia lehena eta nork oilaskokia azkena. Zure emaztearen senitartekoen aldamenean eserita zaudela, aldiz, ez dut uste zorioneko oilaskokia nork bildu duen esateko beharrik, edo bestela esanda, ditxosozko gizalegeak behartuta nork bazkaldu dituen gaur eguerdian txerri sahieski zein oilasko hegaltxo kiskali eta lehorrak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...