martes, 12 de noviembre de 2013

ERRUKIGABEA



Ezaguna da haurren xalotasuna, tolesgabetasuna, hots, gauzak gordin-gordin esateko joera ondorioetan erreparatzeke. Bai, baina bada joera bat sarri askotan xalotasunetik errukigabetasunera aldatu ohi dena oharkabean. Esaterako, iaz nire seme nagusiak Errumaniatik etorri berria zen ikaskide bat zuen, bere gurasoen esanetan gaztelera telebistako marrazki bizidunen bitartez ikasi egin zuena bospasei hilabetetan eskolara joan aurretik. gurasoen esanetan ez zegoen ezer harritzekorik Luca izugarri buruargia, azkarra zelako, alegia; eta ez dakit haurraren amak behintzat azken hau bere aldean esaten zuen, ez baitzen modurik berarekin behar bezala elkar ulertzeko, gaztelera ulertzen zuela eman bai, baina egiatan ia dena aldrebes aditzen zidan eta nik berari ia dena ere trakets-trakets (esate baterako, bazen oso neska jatorra, atsegina, lagun ona, baina seguruenez Errumaniako emakumezkorik itsusiena ere bai –ni ea Transilvaniakoa ote zen galdetzekotan egon nintzen erdi txantxetan edo-, eta nik etengabe dei egin ohi nion Narcisa hala aditua bainion berari bere ezpainetan, hori noski oraintsura arte, gutun bat bidali egin zidala Marcisa izenarekin…). Eta bai, mutikoari aditu bezain laster ezin hobeto antzematen zitzaion gazteleraz oso-oso zolia zela, bai noski, zolia bezain bitxi edo xelebrea; laburbilduz, Bob Esponjaren antzera mintzatzen zen. Luka, bestalde, haur ikaragarri atsegina eta batik bat berritsua omen zen, egia esan kontakatilu porrokatua zen, zugana zetorrela etengabe ari zen txutxu-mutxuka edozein gauza edo ezagunen kontura, eta azken hau, jakina, betiere Bob Esponja delakoa zure aldamenean hitz eta pitz bazenu bezala, gauza benetan harrigarria bezain aztoragarria zein ernegagarria. Edonola ere, badirudi, baten batek daki berandu iritsi zelako, bere berezko berritsukeria komiko edo komiki-modukoagatik edo auskalo zergatik, Luca ez zen behar bezainbeste ondo konpontzen ikasgelako lagun gehienekin; baina bai ordea nire semearekin, nire seme nagusiaren hiru adiskideetariko bat baitzen; nire semeak hiru baino ez baititu, ezin du besterik esan berak esanda, hirurotatik gora oso nekagarria egingo bailitzaioke bere ustez, adiskideak egiazkoak izateko gogotik, topera, gozatu behar dituzu, bestela ez du merezi, ez. Tamalez, Lucaren aitak –tipo benetan jatorra, Europa osoa zeharkatutakoa eta hamaika pasadizo xelebre zein txundigarriren jabe- Santander aldean lanpostu bat topatu egin zuen eta hara aldatu egin zen familia osoarekin ikasturte berria hasi baino lehen. Antza denez Luca koitaduak bere Oviedoko adiskidean faltan sumatzen ditu, noski, eta horrenbestez txitean-pitean nire seme nagusiari idatzi edo hots egiten dio herri zein lagun minez edo. Atzo bertan telefonoz dei egin zion ilunkera aldera, eta atzo bertan jabetu egin nintzen ere nire semea ez dela nik uste bezain bihotz-onekoa, hain adiskide on eta zintzoa gainerakoekin jokatzen dakusadanez, hori edo beharbada nire seme nagusiaren egonarria nik uste baino txikiagoa, hauskorragoa ote da, zeren eta aurikularri eusten ziola bat-batean ia oihuka aditu egin bainion ia bere onetik at esanez: ez, Luka, ikasgelan ez da inor zutaz gogoratzen, inork ez du zutaz galderarik egiten…”

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...