Arraindegira joan naiz txipirorien bila
beste behin munduko arrain-saltzailerik zakarrena nire zain
Ez al dituzu apurtxo bat handiagoak?
saldu nahi zidan potarroa.
Berdin dio, eraman ditut txikiak bezain goxoak
Gero auskalo nola beteko,
baina zapatu goizean ez dago modurik
arraindegirik arrainegirik joateko alderrai.
Zerbitzatu bitartean Fidel etorri zait gogora
baita umetan gure aitarekin kantatzen genituen kantu iraultzaileak ere,
edota alderdiaren karneta bizi osoan ondo gordeta izan zuen
nire amaren partetiko aitona,
36ean heriotza zigorrera kondenatua
bere emaztearen senide txapelgorri batek salbatu zion bizia,
akabatu zizkioten aldiz bi anaiak.
Gerora gure ama Venezuelara joan zen joskin lanera
bertan ezagutu zituen Errusiatik ihes egindako lankideak
pozik zeuden gure amarekin zeuden beharrean
batez ere euren herriko lantoki sozialistaren aldean.
Hiru urteetara gure ama itzuli zen sorterrira
Orduan aitortu zion bere aitari Sobiet Batasuna
ez zela berak betidanik sinestutako paradisua.
Maiz gogoratzen digu hori izan zela bere aitak belarriondoko bat eman zion lehendabizikoa eta azkena.
Esan dezagun gure amak hautsi ziola gure aitonari fedea
Urteak pasa ahala koskortu nintzen fedegabe,
ez eta txikitako fraileen artean ere,
edota nerabetako lagun iraultzaileekin nenbilenean
Gure etxean gurasoan ez ziren aparteko irakurtatzaleak
baina bagenituen armairuetako apalak liburuz gainezka
oso izen arraroak zituzten. "Contra el revisionismo",
"La lutte de classes en france", "Republicanos españoles del siglo XX", "La "voie tchécoslovaque vers le socialisme" 1945-1948.
Baziren ere Marcuse izeneko filosofari baten zenbait
edota Gasteizko seminarioko "Txistu" izeneko aldizkari ale pila,
bertan irakurri nituen euskarazko aurreneko testoak,
bai, jaun-andreok, nire osabak ziren seminaristak
abade eta txistulari nuen nire aitaren anaia txikia,
nagusia ordea Madrilen irakasle hainbat lekutatik
kanporatua izandakoan,
euren liburu debekatuak, konprometigarriak omen ziren,
orduko gazte ikasi gehienek iraultzaileak izan nahi zutenekoak.
familia otorduetan denok batera, eta besteak beste,
kantatzen zutenean
"cubana y cubana es tu gran deber,
enseñar a escribir, enseñar a leer,
estamos en el año de la Revolución
y el pueblo se prepara
para aprender la lección..."
Orduz geroztik gauza pila suertatu dira,
denok koskortu gara,
denok aldatu ziren,
denok ahaztu dugu.
Eta arrain-saltzaileari hirugarren tinta pakete bat
eskatu diodanean
zimurtu dit sudurra.
Orduan bai, "por el triunfo del proletariado,
que mañana y siembre Cuba vencera..."
etorri zait aho puntara.
No hay comentarios:
Publicar un comentario