Txikerraren eskolatik kafetegira nindoala nire espaloian zehar bazetorren ere neska bat mugikorreko entzungailuak jarrita, bazetorren pozik eta kantari, egia esan hortz artean ozen-ozen kantatuz. Esan liteke goiza nola edo hala alaitu didala, jendea pozik ikustea izugarri atsegin zait eta, musikaz gozatzeko baldin bada hamaika bider gehiago. Halere, goizeroko semaforora iritsi garela delako neska nire aldamenean kotatu da argi berdearen zain etengabean kantuz, hau da, entzungailuetako kantak edo ezin zatarragorik traketsagorik, tonutik erabat aterata. Edo bestela esanda, neskatoa bere etxeko dutxapean balego bezala kantatzen ari zen, hau da, bakar-bakarrik. Baina ez, ni eta beste hamaika oinezko geunden semaforo berdearen zain bere ustekabeko errezitaldi asaldagarriari adi-adi. Zorionez, semagoro gorria piztu orduko denok ihes egin dugu arrapaladan.
Gerora konturatu naiz nire seme nagusiarekin beste hainbeste suertatzen dela, etxera entzungailuak jarrita sartzen dela, mahai inguruan edo gurekin telebista ikustera berdin esertzen dela. Bada, neskarena zein nire seme nagusiarena, nolabait esanda, euren ingurukoengandik bereizteko joera zeharo hedatua zein ezaxolatua, munduan bakarrik baleude bezala, alafede. Tamalez, kalekoari ezin zaio entzugailuak belarrietatik ziplo kentzeko zaplasteko bat eman; oraingoz behintzat ez...
Gaur eguerdian gure txikerra galdezka, ala kexu, ez dakit, etorri zait betozkoa jarrita bere ikaskide Ibrahimek, senegaldar gizon eta Islamera aldatutako asturiar emakume baten seme nagusiak, Voxekoak arrazistak ez direla azaldu diolako, Espainia errotik konpondu/garbitu nahi duten abertzale zintzoak baizik. Ageri da haurrek etxean aditzen dutena eskolan esan ohi dutela, alafefe. Orduantxe gogoratu dut Ibrahimen amak "hijab" delakoa buruan beti jarrita eroaten duena bere fede berriaren erakusgarri, baita nolabait proseletismo apurtxo bat egiten saiatzen dela ere eskolako gainerako amen artean "mezkitara" pastak-eta meriendatzeko gonbidatuz ", hau da, giroa" ezagut dezaten. Eta nik behintzat ondo deritzot gainera (senegaldar senarra ezagun dut eta ezta inondik inora emaztea bezain fededuna, azalez baino nik Senegalen bertan edo hemen ezagutu ditudan senegaldar gehienen antzera). Nola ez, nork berea erakusteko eskubide osoa du eta. Izan ere, gogora ere ekarri dut asturiar neska mahometanoa hiriaren erdialdeko denda batean lan egiten duela; baina, hori bai, zapia kenduta fede suhar baten mugak hileroko soldatan dautza eta. Orduan ere txikitako klasiko bat akordura etorri zait ziplo: Osaba Tomen Txabola...
No hay comentarios:
Publicar un comentario