"Hau lotsa!" izeneko poema Hitzen Uberaneko Komunitatea sailerako: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/hau-lotsa
Hau lotsa!
Hori da adarra jotzea!
Haiek dira komeriak!
Goizean goiz jotzen ez duen esnagailu asaldagarria.
Bizkarretik behera jausten ez den dutxako tanta beroa.
Ezpainak kizkaltzen ez dituen kikarako kafe beroa.
Kalera irtetear zaudela inon topatzen ez dituzun giltzak.
Bai nagia gizona!
Bai larru fina!
Bai buru arina!
Lantokira txerriak hiltegira bezala ez doazen morroiak.
Neguko egun hotzetan jelatzen ez diren espaloi irristagarriak.
Semaforo gorriaren aurrean irribarre egiten ez duten betargien logura.
Goizetan nora jo ez duten langabetu, erretiratu edota erien loezina.
Zein ezkorra!
Zein alperra zaren!
Zein gizon gogaikarria!
Bibliako madarikazioari muzin egin ez zioten ameslari bipilak.
Nola edo hala Fatamorgana ez diren askogura artistiko guztiak.
Errealitatearen kontra oldartuta amildu ez ziren airezko gazteluak
Euren arima debruari galdu ez zioten Oteizaren ondorengoen ahoberokeria.
Bai astuna gizona!
Bai artista kargantea!
Bai harena ahoberokeria!
Bidean hainbat gaizki-ulerturen erruz galdu ez ditugun lagun zintzoak.
Saldu egin ez gintuzten ahaide eta behin-behineko lagun guztiak.
Ezustean ateak itxi ez zizkiguten berbontzi arraiak.
Gu ezagutzeke gorrotatzen ez gintuzten bat-bateko etsaiak.
Zein ederra den askatasuna!
Zein itsusia den inguratzen nauen oro!
Zeinen ederki jipoitzen dudan nire burua!
Urteak pasa ahala abandonatu ez gaituzten senide eta adiskideak.
Nekeak eta desengainuak deuseztatu ez zuten burdinazko borondatea.
Ohean etzanda ez usteltzeko egunero jaikiarazten nauten amets eta irri berriak.
Haizeak, etengabe gogor joagatik, eraman ezin duen umore on eta maiz ere gaiztoa.
Hau lotsa!
Hori da adarra jotzea!
Haiek dira komeriak!
Txema Arinas
Uvieun, 2019/11/29
No hay comentarios:
Publicar un comentario