viernes, 29 de noviembre de 2019

ASTEKOAK


Ainhoa Artetak dio ez duela batuera batere gustuko, ETBko euskara ulertzen ez duela bere amarekin txikitan egiten zuena bezain "goxua" ez delako. Esan, ordea, ez du esan Nebrijaren gaztelera gustuko ez duela, TVEko gaztelera ez zaiola batere atsegin bere ingurukoekin egin ohi zuen gaztelera jatorra baino zurrunagoa, jasoagoa edo epelagoa delako. Ez du halakorik esan, ez, erdaldun gehienok ergel ezikasitzat hartuko baitzuten. Orain bai, Ainhoa Artetari ez dio batere axola Madrileko hedabideetan euskalgintza, hau da, euskaldunok batueraz egiten dugun kultura, gutxiesteak, ondo asko dakielako txalo andana jaso duela 'Gortean" euskaldun peto-peto eta jator-jatorrarena egiten, hots, euskaldun gaiztoek euren hizkuntza eta kultura biziraun zein hedatzeko sortutako euskera batuari muzin eginez, Madrilen askotxo estimatzen, ederresten, baliosten baitituzte ondo kolonizatutako euskaldunak. Ainhoa Artetaren ustea batuera mesprezatzen duten euskaldun guztien berbera da. Ainhoa Artetak euskara maite duela esan ere egin du.



"Izan gaitezke euskaltzale feminista izan gabe?'" galdetu zuten Jule Goikoetxeak, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek, "Trikua esnatu da "liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. Eta nik erantzuten diot nire buruari: "Zergatik ez, feminista izatea euskaltzaletasunaren eskutik al doa beti, ezinbesteko bat al da agian? Euskaltzale izateak feminista egiten zaitu ezinbestez, mirariz? Jakina, nik ez dut tutik ere ezer ulertzen señoro bat naizelako, ze bestela argi eta garbi nuke. Nik, ordea, niri ere positiboak begitantzen zaizkidan bi kontzeptuok kosta ahala kosta uztartzeko azken saioa somatzen dut, hau da, biak militantearen subkonzientean nolabait eta ekinaren ekinez berdintzeko ezinbesteko hori sortzeko asmoa eta betiere "matxardaz hartuta". Nik aldiz gogoratzen dut fakultateko euskal adarrean nengoela direlako "euskal arnasguneetako" neska euskaldunak, Ajangizkoa zein Oiartzungoa, besteak beste, euren artean erdara hutsean barra-barra egiten zutela. Sarri askotan, ez baldin bada gehienetan, errealitateak batzuek oraintsu sortutako erretolika feminista-leninista berriarekin bat egiten ez duelako, alegia.




Hiriaren tamaina bikaina, hots, nire moduko ipurterre peto-peto batentzat: ez hain handia zure etxetik lagun batenera joateko goiz osoa eman behar izateko bezala, ez eta hain txikia etengabe sahiesten saiatzen zaren sasiko potrozorriokin beti topo egin behar izateko bezala ere. Gutxi hora behera 400.000 lagun; gainerako guztia herri handia eta kitto.






Bart lau orduz baino ez dut lorik egin; baina goizeko zortziak aldera ezin egon ohean etzanda. Etxean jaiki den bakarra naiz txakurrarekin batera. Laztanak ematen dizkiot, txorakeriak esaten dizkiot belarrira. Aukera ederra litzateke ibilalditxo bat egiteko Zaldiaran zein Eskibel magaletan goizeko ihintzarekin zein gainerako esnatu bitartean. Tamalez euria ari du, parrastaka gainera eta atzo eguraldikoek kontrakoa igarri arren. Niri euriak ez dit ardura, atsegin zait udagoien partean batik bat; baina gaur behintzat ez, ala bai, ez dakit, goiz-eguerdian euripean poteatzeak badu ere bere xarma, bai. Eta gauzak horrela, gogoeta egin dut eta, bestelako kezka edo ardurarik ezean, oraingoz bizitza eder-ederra dela ondorioztatu behar, argazkiotan azaltzen den udagoiena besteko. Izan ere, gaur behintzat eguneroko kezka edo arazo txatxuek ez didate batere axola, hutsaren hurrengoak begitantzen zaizit niretarrak bizirik eta pozik egon bitartean. Ea noiz lardaskatu edo izorratuko den, beti egin ohi du eta.







Arratsaldero hots egiten diot nire amari, gehienetan hamar minutu inguruko solasaldiak elkarri eguneko huskeriak kontatze aldera. Badakit eskertzen didana bakarrik bizi delako egun osan zehar, nire anaia egunero joanda ere. Nire amarenean egoten naizela nire emaztearekin sukaldean egon ohi da hitz eta pitz luzaro, elkarri denetarik kontatzen diote, alegia, maiz, edo normalean, niri sekula kontatzen ez dizkidanak. Gerora nire emazteari galdetzen diot nire emazteari zer dela eta nire amak niri ez didan berari kontatutakoa kontatzen telefonoz hots egiten diodanean.
-Zuk dena txantxetan hartzen duzulako, adarra etengabe jotzen diozulako, zure umorea ulertzen ez duelako, ez eta agoantatu ere.
Orduantxe jabetzen naiz ezetz, inguratzen nauten gehienok ez nautela ulertzen, ez eta agoantatu ere.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

IRUINSEME EUSKARAFOBOA

        B adago nire Iruña maitian iruinseme prototipo bat oso-oso bitxia, xelebrea, egia esanda benetan ernegagarria, euskal argitaletxe ba...