viernes, 15 de noviembre de 2019

GIZON HANDIA ETA TXIKIA


"Gizon handia eta txikia", Hitzen Uberaneko Komunitatea sailerako ipuin laburra: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema

Gizon handia epailea zen, erretiratu eta gero haren inguruko guztiak epaitzen jarraitzen zuen etengabe. Gizon handiak oso uste handia zuen bere buruaz. Beharko, epaile lanaz gain aspaldi baita bere autonomiako Justizia sailburua, Estatutuko Justizia Ministerioko azpi-idazkaria ere izana zen. Badirudi, bere esanetan behintzat, bere lurraldean hainbat epaitegi zabaldu eta estatu mailan epaiketak arinagoak izan zitezen lege berri bat asmatu egin zuela. Horrez gain, gizon handiak oso entzute handia ere omen zuen gainerako legegizonen artean zuzenbide liburu pila argitaratu eta oso oihartzun handiko zenbait auzitan ebazpen zinez mamitsuak eman baitzituen.
 
Gizon txikiak ordea saiatutako enpresa guztietan porrot egin zuen; orain etxeko zein poeta lanetan ari zen buru belarri.

Gizon handiak galdetu egin zion gizon txikiari ea zer zeritzon gaur egungo egoera politikoari. Gizon txikiak erantzun zion jasanezina zela, jende xehea sekula baino zapalduagoa, ustelkeria nonahi eta giza eskubideak gero eta murritzagoak. Gizon txikiak ebatzi egin zuen herria erabateko aldaketa baten beharrean zegoela, bi alderdi nagusiek nola edo hala eta behingoan sistemaren goitik beherako berrantolaketari euts ziezaioten bi hauei benetako astindu bat ematearren hauteskundeetarako aukera serio eta irmo baten premia zegoela. 

Gizon handiak txikiari lehen sustoz zein disgustuz eta gero erdeinuz begiratu egin zion. Gizon handia herrian nagusi ziren bi alderdietako baten kide zen, gorago esan bezala  aspaldiko gobernu batean goi-mailako agintari izandakoa, bere bihotza ezkerrekotzat jotzen zuen, bai; baina, burua liberaltzat ere hartzen zuela aldarrikatu ohi zuen. Gizon handia edozein errotiko aldaketaren beldur zen, bortizkeria edonon sumatu eta izutu egiten zen eta. Gizon handiak txikiari galdetu egin zion behin berriro hauteskundeetarako aukera horrek zer nolakoa izan behar zuen.

Gizon txikiak erantzun zion berak ez zuela ideia zipitzik, gizon handia beste bat zela.
Txema Arinas
Oviedon, 2019/11/15.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

IRUINSEME EUSKARAFOBOA

        B adago nire Iruña maitian iruinseme prototipo bat oso-oso bitxia, xelebrea, egia esanda benetan ernegagarria, euskal argitaletxe ba...