Noizik behin, sarri askotan egia esanda, eta, esate baterako, partida bat garaitzeko gol bat sartu duen futbol jokalariren bati halako zerbait aditzen diodanean: "nire bizitzako momenturik garrantzitsuena izan da duda izpirik gabe", edota gaurkoa bezalako "berdintasunaren aldeko " greba egun bati muzin egiten dion norbait asmatzen dudanean, beheko argazkian bezalaxe sentitzen naiz ezinbestez...
Ibilian nenbilela, eta beti bezala irratiari adi, nutrizionista bat hitz eta pitz ari zen dieta paleolitikoaren onuren kontura. Izan ere, irratiko nutrizionistak delako dieta etorkizunean nagusi izango zela adierazi du, arbasoen elikadura benetan onuragarria den bakarra delakoan baitzegoen. Zer da dieta paleolitikoa? Ba, laburbilduz, beheko marrazkitxoan azaltzen diren neardentalak jaten ari direna: perretxikoak, ezkurrak, goroldioa, zomorroak... Edo bestela esanda, milaka urtetan pilaturiko jakinduria gastronomikoari uko egin neardentalen modura jaten itzultzearren. Zer dela eta? Ba argi eta garbi esan dezagun, osasuna gure garaiko, gaur egungo, erlijio berria delako, eta denok ondo asko dakigunez, baldin badago erlijioek errotik, gogotik, gorrotatzen duten zerbait hori da plazerra.
Oraintxe bertan Euskadi Irratitik entzunda...
-Ez dakit Miranda de Ebro ezagutzen duzun -esatariak
-Bai, leku polita -gonbidatuak.
-Eh?
-Hegaztiendako behintzat oso aproposa...
-Ahhh!
Ba hori, honaino dena transkrizio hutsa, egiazkoa, esatariaren zintzotasuna bezainbeste.
Nire aldetik, ordea, Miranda de Ebro gehienok uste baino politagoa dela aldarrikatuko dut, ondo asko ezagutzen baitut, gaztetan noizean behin bajatzen baikinen parrandan Bilbokoak ginela esanez ea horrela apurtxo bat behintzat ligatzen genuen; baina beti alperrik, ajea geurea zen eta, ez eta bertakoekin ere.
Goizean goiz ibilian. Beti hiri ingurumarietan barrena, betiere hor nonbait nornahi ikusi ezkero hainbat arinen sahiesten saiatuz; baina, ez Corona Virusen beldur, bai zera, domeka goizetan zurekin hitz aspertuak nola edo hala egin nahi dituztenengandik ihesi zuk belarrian musika goxo-goxo duzula...
Corona virusa dela medio elkarri musuak ez zein bostekoa ez emateko gomendatzen da, ezta elizetan bakea emateko ere. Gauzak horrela, nola ez ekarri gogora orok bere alde onak eta txarrak dituela behar bezala, arretaz, aztertzekotan; niri dagokidanez corona virusen beldur egongo naiz sine diem, batez ere atsegin ez zaizkidanekin, hau da, goitik behera begiratzen dizuten auzokoak, eskolako patioko gurasoak, politikariak, mota askotako funtzionari uniformedunak eta gabekoak, banku-osasun-ogasun langileak, medikuak-eta, abadeak-eta, aseguru zein telefonia saltzaileak, amaginarrebak eta bestelako senitartekoak, literatura kritikatiak, literatura tertuliak gidatzen dituzten idazleak, besteak beste...
-Badirudi euskeraz euskaldunak propio zirikatzeko edo euren kontura barre egiteko baino idazten ez duzula...
-Eta?
-Eta zer deritzozu bolo-bolo doan iritzi horri?
-Halakorik irizten dion euskaldun superzintzo, superjator, superzuhur, superabertzale eta batez ere betiberezilborrerabegira" horri?
-Esate baterako.
-...
No hay comentarios:
Publicar un comentario