BERROGEIALDIKOA
(Gosaldu bitartekoa)
Lainopekoak. Atsekabea eta nekea, haserrea eta asperra. Gero eta gogo gurxiago ezer esateko edo idazteko. Bizitza etengabeko egonezina zela bagenekien; baina, hainbestekoa?
On egin denoi! Nire urtebetetze eguna. Lasai, laster kalean ikusiko dugu elkar! Badator, bai, etxeko andreak egindako pantxineta...
BERROGEIALDIKOA
(Gosaldu bitartekoa)
Eta enegarren egunean ikuspegia ere kendu egin ziguten; total, zertarako...
(Gosaldu bitartekoa)
Eta enegarren egunean ikuspegia ere kendu egin ziguten; total, zertarako...
Ezin ezetz esan, edonor nolabait animatzearren "eutsi gogor!", "egurre emun", "dena konponduko da!", "irabaziko dugu!" eta gisakoak etengabe botatzen dituztenak inori baino lehen euren buruari esan ohi dizkiote, alafede.
BERROGEIALDIKOA
(Gosaldu bitartekoa)
Gutxi ez balitz bezala ezustean dena hankaz gora irauli diguna, gaur goizean beste laino sarri batek inguratzen gaitu hor kanpoan. Egonezina gero eta ageriagoa, ez dakit atzo seme nagusiari zenbat bider gogoratu behar izan genion oporretan ez gaudena, egunen joan-etorri zentzubako astun, urduri edo zipotz honi aurre egiteko errutina bat premiazkoa dena ez zoratze aldera, etxeko gainerakoekiko etengabeko liskarrak hamaika aldiz zitalagoak direna egoera arrunt batean baino. Gauzak horrela, gaur somatzen dut nik neuk nire buruari ezarritako errutina guztiz alperrikakoa dela begitantzen zait, etsiak apur-apurka eta nahitaez harrapatu nahi banindu bezala. Nire ordenagailuaren aurreko zereginetara bueltatuko naiz, egunerokoari eutsiko diot otzan-otzan, beti bezain adoretsu edo inoxente, bizitza etengabeko auto-engainu bat delakoan. Hala eta guztiz, horretan ere ezin burutik kendu goizeroko lerro hauek nolabaiteko zentzurik duten ala, gainerakoekin suertatu bezala, bizitza bera bezain alperrikakoak diren. Gogoaren nondik norakoen mende bizi gara eta.
BERROGEIALDIKOA
(Etxean behartuta gosaldu bitarteko gogoetak)
Etxeko inor baino goizago jeiki naiz betiko lez. Gaur txorien txioak eta zenbait hezgaztiren karraka baino ez dira antzematen hor kanpoan. Baliteke aurreko egunetan bertan ere egon izana; baina, ni behintzat ez nintzen jabetzen, dena isilik omen zegoen oinezkoen ahotsik edo motor hotsik nekez aditzen baitzen. Edonola ere, nahiz eta hor kanpoan txoriak txioka etengabe jardun arren, bada beste ixiltasun mota bat beharbada atsekabegarriagoa, gizakumeok gure etxe barruetan kokildutakoan behinola ostu omen genien eremua berreskuratzen ari balira bezala edo.
Bestalde, Asturias isolatzen duen mendi lerroa berriro elurtuta dago. Duela pare bat aste hiriko mutil guztien kezka nagusia, edo ia bakarra, zen elurra mendiotara hainbat arinen bueltatzea eskiatzera joan ahal izateko eskolakoekin. Broma txarra dirudi, eskiatzeko oporrok bertan behera utzi baitituzte espero bezala.
Hemen Asturias aldean hildako bakarra dago eta kutsatutakoen kopurua ez omen da oso apartekoa, ez behintza beste herrialde batzuen aldean. Halere, Gasteiztik datozen berriak ez dira batere onak, hainbat senitarteko eta lagun badaude benetako arriskupean. Eta egonezina nahikoa ez balitz bezala denok badakigu ezusteko zoramen guzti hau hasi baino ez dela egin.
BERROGEIALDIKOA
(Etxean behartuta gosaldu bitarteko gogoetak)
Laugarren eguna. Goiz hits eta hotza, langarra nagusi. Egunak aurrera joan ahala, eta hastapenetan gaude, batik bat kaletik ozta-ozta datorren kotxeetako motor hotsa nolako motela den erreparatuz, gero eta kezka gehiago, gutarrengatik, denongatik, etorkizuneko ondorioengatik. Uste dut oraindio ez garela jabetu ezusteko egoera larri honen nondik norakoez, nolatan egunetik egunera Netflix edo enparatuetan hondamendi pelikula batean bageunde bezala itzarri garen. Eta ezinegonezko egoera hau nahiko makala ez balitz bezala, horra hor hedabideetan aditu edo leitu behar dituzun txorakeriak; besteak beste, ertzaintzaren presentzia kaleetan barrena ez dela premiazkoa, hiritarrak aztoratu baino egiten ez dituela estatu polizal batean bizi garelako sentsazioa sortaraziz, hiritarrok heldu xamarrak bagarela elkarri zer oker, arriskutsu edo ezbidezko den esateko, gizarte aurreratu edo ondo hezia garela... Entzun beharrekoak bai, eta datozen egunotakoak ere bai.
Ixiltasuna argazkiratu ahal balitz... benetan erdibigarria!
Egunon. Berrogeitaldiko bigarren eguna. Egia esanda, zenbat eta gehiago irakurtzen dudan gure bizimodua hankaz gora eta ezustean ipini duen izurri honen kontura, orduan eta ezer idazteko gogo gutxiago dut. Badut susmoa dena aldez aurretik esanda eta batez ere idatzita badagoela (honako hau kasuko, noski), ez dago ezer berririk izurritearen mehatxupean, egiaztapen borobil bat baizik; gure gizatasunaren menpe bizi gara nahitaez, horrexegatik nonahai aditzen edo leitzen duzun oro gizakumeon bertute eta ajeen belaunaldiz belaunaldiko errepikapen petralaren islada begitantzen zaigu halabeharrez. Eta jakina, gogoeta inozo honen harira oraintsu irakurritako Jon Aramendiaren El Demonio de Laplace nobela benetan aipagarria gogora etorri zait ziplo, nahiz eta delako jakintsuaren teoriarekin bat zeharo ez etorri, edo hobeto esanda, zeharo etorri nahi ez izan; ba ote gara benetan patuaren morroiak? Bai, itsasoa gara.
No hay comentarios:
Publicar un comentario