viernes, 27 de agosto de 2021

AMORE EMAN

 Bai, nik ere Afganistangoari buruz idatzi dut, ARGIAn; barkatu...: AMORE EMAN


https://www.argia.eus/albistea/amore-eman

2021eko abuztuaren 25a


Afganistangoari adi gaudela gure etxeko besaulkitik aho bete hortz geratzen ari gara parrastaka botatzen dizkiguten irudien aurrean. Talibanak, beste behin ere? Nolatan boterera hain azkar itzuli izana, eta gainera Estatu Batuek hornitu eta prestaturiko afganistar armadak inondik ere aurre egin barik?

Izugarriak dira ere Joe Bidenen azalpenak estatubatuar armadaren ustez bat-bateko etxeratzea nolabait zuritzearren: “AEBetako tropek ez zuten parte hartu behar Afganistango indarrek borrokatu nahi ez zuten gerran”, “gure asmoa ez zen nazio demokratiko bat eraikitzea, terrorismoaren aurka egitea baizik”.

Egia da EEBB Afganistanen sartu zela Al-Qaedaren baseak eta suntsitzeko asmoz. Hala eta guztiz ere, EEBB eta beronekin batera sartu ziren gainerako mendebaldeko armadak, ONGak eta abar ez dira besoak antxumaturik egon azken hogei urteotan. Izan ere, askotxo dira Afganistanen sartu eta talibanak uxatutakoan estatubatuar indar inbaditzaileek zein beraiek jarritako afganistandar agintari berriek egin zituzten hainbat aldakuntza, batez ere  talibanek ezarritako beldurrezko erregimenaren aldean. Hobekuntzak, bai, afganiar agintari berrien ustelkeria orokortua zein opiogintzaren nondik norakoak alde batera lagata, eta batez ere emakumezkoen egoerari zegokionez.

Erantzungo digute estatubatuarrek ezarritako afganistandar agintariak alperrak bezain ustelak zirela, ez zegoela egiazko afganistandar armadarik, emandako dirutza gehienak desbideratu egin zirelako auskalo nortzuen sakeletaraino, ez zegoela afganistandarren aldetik benetako asmo edo gogorik talibanei aurre egiteko gehienak funtsean mendebaldar potentziek sustatutako berrikuntza gehienen kontra zeudelako euren erlijio zein ohiturekin talka egiten zuten aldetik. Esango digute geoestrategiaren gainean auskalo zer Txina zein Errusia estakuru.

Alabaina, ez al digu azken hogei urteotan Afganistanen gertatutakoak nahikotxo gogorarazten Espainian duela hiru mende, Napoleonen Grande Armée delakoak Borboi ustelak (hara pleonasmo hutsa) zein Ancien Régime atzerakoia, ilunzalea, eraitsi eta gero hain antzera suertatu zena?

Batek daki, bai; baina, Afganistangoa etxeko besaulkitik ikusita nola ez erori halako konparaketak egiteko tentaldian, hau da, XIX mendeko Espainian bezala egun Afganistan nola edo hala, indarrez izan baldin bada ere, modernizatu, edo behinik behin estabilizatu, gura izan duen inperio berriak amore egin duela errealitate gordinari ezin eutsita. Hori dela eta, nola ez susmatu ere dena aldez aurretik erabakita zegoenik, batez ere Donald Trumpek talibanekin Katarreko hiriburuan negoziatzen ibili zela asmatu eta gero? Nola ez susmatu, bi etsaien arteko balizko edo ustezko akordioa edozein zela medio, talibanen garaipena hain arina eta ezustekoa izan dela estatubatuarrek amore eman dutelako. Nola ez susmatu dena azken batean EEBBren erabateko porrota bilakatu dela; bai, asko eta askok azken egunotan Vietnangoa hizpidera ekarri bezala?

Tamalez, ez dut uste EEBB edota eurekin batera Afganistanera joandako gainerako herri guztiak amore eman duten bakarrak direnik. Nik uste dut  giza-eskubideak unibertsalak direlakoan gaudenok amore eman dugula ezinbestez, eta zeharbidez baldin bada ere. Asmatu egin dugu, enegarrenez apika, mundu goblalizatu batean ekonomia dela benetan goblala den bakarra. Hainbat okerrago benetan etekintsua den ekonomia nagusia beltza denean, hala nola opiogintza Afganistanen, noski, baita eskupetik egindako kontratak edota mota guztietako iruzurrak ere. Hala ere, nazioartean inolako potentziari inondik inora lehentasun ez zaizkionak giza-eskubide unibertsalak omen dira. Horrexegatik ere Afganistango emakumezkoen patu beltz-beltzaren aurrean amore emateko prest gaude, ondo asko badakigulako ez dagoela egiazko globalizaziorik ez baldin bada kapitalarena, gainerako guztia tokian tokiko inguruabarrak edo salbuespenak omen dira. Bestela esanda, amore eman dugu gurea ez den beste herri batean Erdi Aroa, hau da, gurean inoiz eta inola ere onartuko ez genituzkeen askatasun murrizketak, ontzat emanda. Horrenbestez, gertu gaude, eta betiere errealitate gordinari men eginez, gure pantailetan zehar ikusten edo sumatzen ditugun bidegabekeria guztien aurrean amore emateko, berdin digu emakumezkoen oinarrizko eskubideei dagokien Afganistanen bertan edo Xaria lege iturri nagusi duten gainerako islamiar herrietan. Bai, amore eman dugu geure unibertsaltasun handinahikerian, agian ere islama eta demokrazia izatez baterazinak direla onetsiz etsiaren etsiaz. Amore eman dugu herriotako Erdi Arora bueltak betiere gure bizimodua kolokan ez jarri bitartean, beste batzuei suertatzen zaien ezbeharra delakoan bertan jaio izateagatik edo, baliteke ere nolabait merezi dutelakoan euren erlijio edo ohitura zapaltzaileei gogotik eusteagatik, beharbada ere globalizazioaren benetako oinarria arriskutan ez jartzearren: negozioak egiteko ezinbesteko bakea, gure garaiko ganorazko pax romana bakarra.

Gauzak horrela, nola ez erabaki hipokrita hutsak garela, Afganistango talibanen munstrokeria guztien aurrean asaldatzen diren fede oneko hiritar xaloak, nola edo hala zerbaitxo egin beharra dagoela aldarrika ari direnok, batez ere emakumezkoen gutxieneko eskubideen alde, datorren urtean Qatar bezalako islamiar estatu batek antolatuko duen 2022ko Munduko Kopari buruz doi-doi ezer esaten ari garenean? Zer dela eta? Qatar dugulako emakumezkoak bigarren mailako hiritartzat ere hartzen dituen zein azken urteotan talibanak -inguruko beste herri batzuekin batera, jakina- finantziatu egin dituen estatu bat, hain zuzen. Baina, noski, badakigu futbolaren negozioarekin zerikusirik duen oro hitz potoloegiak direla. Ezin ahaztu, alegia, Mundiala ere besaulkitik ikusteko propio antolatua dela.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...