KORRIKAREN INGURUKO HAINBAT GOGOETA ERABAT HERETIKO
Korrika delakoa hasi eta niri atoan gogora datorkidana oso-oso aspaldiko kontua da, egia esanda aspaldiko uste edo susmoa: Korrika ez dut atsegin.
Ez dut atsegin euskararen inguruko jaialdi edo ekitaldi gehienekin oso gaztetandik gertatzen zaidan bezala. Eta hau guztiau, noski, zer nolako pekatu mortala den ondo asko jakinda, euskaltzale askori, ez bada gehienei, euskararekin zerikusirik duen oro, berdin dio Korrikakoarekin bezala zeharkakoa den ala ez, erlijio moduko zertxobait begitantzen zaielako: "eliz/euskalkizun bat".
Nire arazoa ote da, ez dakit ere mania, setakeria, sortzetiko gaiztokeria edo auskalo; baina, urteak pasa ahala Korrika, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta enparatuak gero eta gutxiago gustatzen zaizkit, nahiz ete nerabetan behin baino gehiagotan joan eta agian eguna gozatu ere bai. Zer dela eta? Korrika eta euskararen aldeko gainerako jaialdi edo ekitaldiak euskaltzaletasunaren "elizkizunak" begitantzen zaizkidalako, hau da, euskatzale fededunen betekizunak.
Eta zer gertatzen da edozein erlijiotako fededunekin, zein da munduko fededun gehienen egiazko jokabidea? Ba hori, itxurakeria dela nagusi halabeharrez. Nola, zergatik? Erantzuna nolabait ilustratzearren, Jose Ignazio Ansorenak aspalditxo idatzitako Argiako artikuluan datza: "Eta biloben eskolako haurrak Txipi-txapa, Korrika! oihukatzen eta berehala erdara garbiaz mintzatzen ikusten ditudanean, etsiak hartzen nau."
Ezta euskaltzalerik harritzen duen ezer, ez noski, hori baita euskararen egunerokoa euskaldunen artean; baina bada jai edo ekitaldi guztion ostean ezin hobeto antzeman daitekeen gaur egungo euskaldun gehienen euskararekiko itxurakeria ageria: "euskara bihotzean baina erdara ezpainetan".
Izan ere, nire blogean aspaldi ere Korrikaren kontura idatzitakoa bilatu eta zera topatu dut gaur ere sinatuko nukeena hitzez hitz: "Euskara maite eta haren alde egiten direla aldarrikatzen dute, aitaturiko ekitaldietara jende multzo ikaragarriak joan ohi dira, urtero ustezko euskaltzalez mukuru, urtero ere egundoko arrakasta, urtero euskararen etorkizuna behin betiko ziurtaturik balego bezala baietsiz. Tamalez, baldin bazoaz halako ospakizunetara mota guztietako euskaltzaleak topatuko dituzu, bai noski. Gehienak ikastolakume peto-petoak, hau da, kalean zein euren artean erdaraz barra-barra aritzen direnak, beharbada euskarazko berba banaka batzuk ez beste, hala nola edatekoa eskatzeko, euskaldun musika taldeen katuak hainant ozenen orro egiteko, baliteke delako euskal arnasguneetakoekin ligatzerakoan, baina baliteke ere aurreneko hitzak baino ez, eta dena horrela. Eta ez naiz ari ni bezalako erdalgune/hirigune handietako (beti sasi edo susmopeko)euskaldunotaz bakar-bakarrik, ez, baita euskalgune ustez indartsuetatik datozen euskaldun ustez ere jarrorretaz ere, hau da, gure artean erdi txantxetan edo esan ohi genuen Boronia barrenetik, gure betidaniko aurreiritzien arabera euskarari gogor eusten omen diotenak euren artean edo. Hala eta guztiz ere, gero itxurak itxura, norbait aurrean jartzen baldin bazaie berehala joko baitute euskarara, noski, badaezpada, agian pentsa ez dezaten ez dakitenik euskeraz behar bezala moldatzen. Koska da ez dutela euskaraz bizi nahi, ez zaiela batere ardura, areago, hobeto ari dira erdaraz, erosoago dute euren burua, naturalagoa zaie. Ni, ordea, hain txotxoloa naiz-eta, zeharo sinetsirik nengoen euskara bizi egingo zela soil-soilik Gandiagaren leloari gogoz eta bihotzez eutsita: "Euskara ezta galduko ez dakitenek hitz egiten ez dakitelako/dakitenek..."
Halere, oraindiokan badago betidanik ere errotik sano atsekabetzen nauen zerbait, besteak beste erdaldunak euskara erakarri beharrean zeharo uxatzen dituelako, eta hori, bai, gero eta euskarafobo gehiago dagoen gizarte batean, edo gutxienez bere euskarafobia argi eta garbi azaltzeko gero eta lotsa txikiagoa duen gizarte batean, erabat zentzugabekoa baita pentsatzea Euskal Herrian bizi eta biziko diren euskal herritar guztiak euskaltzaleak direnik edo izango direnik ozta-ozta legez edo: Korrika eta gainontzeko erromeria euskaltzaleon erabilera politiko gaiztoa, zitala.
Eta bai, honen kontura zerbaitxo ere idatzi nuen behinola: "KORRIKAN korrika ikusi dudanean, urtez urte betikoek euren ETAren aldeko leloez zikindu egin dutena -atzo bertan kamisetan Iruñako etakide baten irudia zeraman haurtxoarena...-, euskal abertzaleendako propio eta ia bakarra bilgune hutsa bilakatu nahi egin dutena, ikusi eta "belaxe" nire buruari esan diot; "Aizu Txema, agian bai, agian aurrera goaz pausoz pauso, astiro-astiro, euskalgintza gero eta bene-benetan anitzagoa, aberatsagoa, ausartagoa eginez, edo bestela esanda, benetan geurea "eman eta zabal´zazu" Iparragirrek agindu bezala, izan ere hori omen da beharbada bizirauteko dugun irtenbide bakarra; baina, kostata, oso kostata, eta sarri askotan ere euskara bihotz-bihotzez maite dutela aldarrikatzen duten asko eta askoren itxurakeria eta batik bat alderdikeriaren kontra."

Comentarios
Publicar un comentario