FAXISTAK BETI DIRA BESTEAK...
- Aita, egia al da Euskal Herrian faxismorik ez dagoela?
- Auskalo! Ba al dakizu zer omen den faxismoa, seme?
- Zuk esango?
- Zenbait adituk diotenez faxismoaren ezaugarriak lirateke:
1.- Nazioaren edo etnia/arrazaren gorentasuna bilatzen du, banakoaren gainetik.
2.- Indarkeria eta militarismoa tresna politiko zilegi gisa ikusten ditu aurkariak isilarazteko eta helburu nazionalak lortzeko.
3.- Demokrazia liberala eta alderdi aniztasuna ukatzen ditu.
4.- Itxura erradikal eta iraultzaileko mugimendua da, finkatutako botereari mehatxu-itxura egiten diona.
5.- Ez du aurkakorik, etsaiak baizik: harek ez bezala pentsatzen ez dutenak beti etsai.
- Aizu, aita, horiek izan litezke faxismoaren, komunismoaren edo beste edozein mugimendu totalitarioren ezaugarriak.
- Bai, seme, funtsean, antzeko-parezido, guztiok norbanakoaren eskubideen kontrakoak.
- Zein eskubide?
- Esate baterako, hizkuntza politikaren nondik norakoak eztabaidatzeko eskubidea euskararen etsaia den akusazioa edo bere burua espainoltzat hartzen duen euskal hiritarrarenak espainol hitza irain gisa jaso behar izan barik.
- Zu euskararen hedapenaren kontra zaude, aita?
- Zuk zer uste duzu, seme? Nik kontra benetan dagoenaren eztabaidatzeko eskubidea babesten dut, besteak beste uste ez dudalako euskal herritar guztiak egiazko euskaltzaleak direnik, ez eta ere euskararen alde daudela aldarrikatzen duten asko eta asko ere.
- Baina, baina, euskara ez al da Euskal Herriaren hizkuntza?
- Bai, bada, jakina, nik uste dut baietz, zeharo. Halere, euskara ez da Euskal Herriko hizkuntza bakarra, ez eta nagusia ere, eta tamalez ezta inoiz izango euskal herritar guztiena, besteak beste historikoki inoiz erabat izan ez delako, eta batik bat euskal hiritar asko eta askok izatea nahi ez dutelako, erdaraz barra-barra edo bakarrik egiten duten euskal abertzale asko eta asko barne. Ni euskararen ezagumena sustatzearen aldekoa naiz, eta batez ere egiazko erabilera, biak ere ahalik eta gehien.
- Orduan zu ere faxista al zara, aita?
- Ni euskaltzalea naiz; baina, Mitxelenak esan bezala, lehen demokrata eta gero abertzale/euskaltzale.
- Nolatan euskaltzale izan zaitezke euskarafoboei eraso egin barik?
- Zer nolako euskarafoboak, euskarari gorroto diotela argi eta garbi aldarrikatzen/aitortzen dutenak ala euskararen aldekoak direla lau haizetara esanez euskara sekula ikasi edo erabili ohi ez dutenak euskara euren nazio bakarraren ikurra delakoan bakar-bakarrik?
- Aita...
- Lasai, seme, euskal totalitario gehienek ez dituzte holako hitz mordoilo luzeak irakurtzen; are gutxiago euskaraz baldin badira...

Comentarios
Publicar un comentario