Esnatu naiz bostak aldera, pozik ordura arte amesgaiztorik izan ez dudalakoan. Halere, berriro lokartu naiz, eta orduan bai, amesgaizto benetan bitxi eta zentzugabeko bat izan dut. Arrasateko unibertsitatean ikasle nago (ez galdetu zergatik, bertan sekula ikasle izan ez bainaiz, eta honen kontura dudan susmotxoak niri baino ez dit axola). Amestseko egunean, ordea, ezin naiz klasera joan Basurton gaixo dagoen nire aita gaixoari bisita egitera joan behar dudalako. Horrenbestez, unibertsitarera hots egiten dut nire ez egonaren zioa nola egiaztatu behar dudan esan diezadaten. Fakultatekoa (baina ez dakit zein fakultate, nolatan behin ere egon ez banaiz delako fakultatean...) Mondrako euskaraz erantzuten didan emakumezko bat da; ezin asmatu egiazko idazkaria den ala zer, andrazko gazte eta oso zakarra, ageri baitzaio, oso, nire deia bertan behera uzteko irrikan dagoela, hau da, ez didala inondik inora benetan lagundu nahi, ni gainetik hainbat arinen kendu baizik.
- Fan bihozu Mondra inguruko poligono industrial batera justifikantia eskatzearren.
- Industriagune batera egiaztagiria eskatzeko? Nola da posible?
- Bai, Markulete aldien, bertan emungotzue justifikantia.
- Baina, berrito diot, nola da posible?
- Posible, posible, dana da posible, zegaitxik ez? Fango za ala ez?
- Ez dakit nik oso bidezkoa den poligono batera joatea unibertsitateko agiri bat eskatzeko.
- Cagüen la puta juventud, esaten badotzut hara fateko, fan eta listo, zueik gaztiok beti kejetan zabitze edozein txorakerixan kontura. Beitu, justifikantia ez badaroiazu, unibersidadetik botako zaue, zuk jakingo!
- Baina...
Baina holakorik bota orduko berriro eta orain behin betiko itzarri egin naiz, benetan asaldaturik ezer ulertzen ez baitut. Oraindiokan ere ez dut ezer ulertzen, nik ez baitut inolako harremanik Mondragon Unibertsitatearekin. Dakidan bakarra da gaur izapide batzuk egin behar ditudala telefonotik euskalkiari erreparatuz Arrasatekoa omen den funtzionario batekin benetan urgentziazkoa den motibo bategatik, eta ez dakit nik.., ez dakit, ez, hau sufrikarioa, hau!
Comentarios
Publicar un comentario