Ez nuke ezertan harritu behar, guztiz arrunta baita gertutik ukitu edo alboan geratzen zaizun berriak antzerako gainerako berriek baino gehiago hunkitzea. Badator gure geneotan edo, gure giza izaeran, ez du konpon edo zuzenbide errazik, halakoak gara beti aztoratuko gaitu gehiago gure inguruan suertatzen dena, behin-behinekoa izanda ere, hor kanpoan, mundu zabalean, etengabe, egunero, suertatzen dena baino. Niri behintzat atzo antzeko zerbait suertatu zitzaidan Araian hilik topatutako bi gorpuen albistea jaso orduko, herria ondo asko ezagun baitut, bertako jende asko ere bai, aspaldiko kontuak, gozoak zein mingotsak, gaztarokoak edonola ere; txunditu egin ninduela dagoeneko txunditzekoa aspaldi ez dena. Senarrak akabatutako emakumezkoa, enegarrena antza, egunero entzutzen diren albisteen modukoa, sexu indarkeria, gehienetan gizonezkoak emakumezkoei oldarrean.
Eta gero gerokoa, senarra zoratu egin zela ezustean, ez zekiela zertan ari zen aitzurka akabatu zuenenean emaztea, ordura arte herrian inork ezer txarrik entzun edo ikusi egin ez zuela, jende guztiz arrunta zela, xumea, atsegina ere bai, inork ez zuen halakorik espero, nola ba, eta batez ere, nork jakingo senar-emazteon etxe barruan zer arraio gertatzen zen, zer-nolakoak ziren euren egiazko harremanak, normalean inork ez dizkie gainontzekoei halako gauxak kontatzen, horiek etxe barrukoak dira, bertan gera edo gordetzekoak hain zuzen.
Eta bai noski, segurutik inork ez du ezer antzerakorik inoiz espero. Baina, ez da egia, kasu askotan igar genezake ondo baino hobeto, kasu askotan oso nabari baita gizon eta emakumearen arteko tentsioa edo gatazka sasi ezkutu edo ixila. Nik ere ezagutzen dut matrimonio bat non gizonak izugarri txarto tratatzen baitu emaztea, hitzez behintzat, jendaurrean bederen maiz hutsaren hurrengoa balitz bezala hitz egiten baitio, ezin ageriago zaio senar oies horri emaztea menpekotzat duela ia gatibu. Eta sarritan ere gertatu bezala, emaztea ez da kexu, alderantziz, ematen du bere senarrak esan edo egin ohi dizkion bidegabekeria, irain edo mesprezu guzti-guztiei men egiten diela ezinbestez, otzan-otzan. Nork jakingo noski norainokoa den haren mendekotasuna, zertan datzan egiatan, nola, noiz eta non, jendaurrean gehienok oso bestela jokatzen baitugu gure etxe barrukoaren aldean.
Izan ere, senar honen bere emaztearekiko bortizkeria nabarmena da, lotsagarria, baina noraino edo salatzekoa berak nahi edo behar ez baldin badu. Sexu indarkeria hitzetan ere, noski, eta baliteke ere, azken egunotan ondo asko salatu bezala, pentsamoldeetan ere, zeren eta ni potroetaraino nagoen, batez ere hemen Asturias aldean, gizonezko asko eta askori entzuteaz gauzak gizon modura edo egin behar direla, gizon jokatu behar duzula nola edo hala, gizonek ez dutela hau edo bestea egin behar, gizona, beti gizona eta ez pertsona, gizona bereizi beharrean beti, gizona beti balore gorena bailitzan, gizona izanda ezer baino hobea baitzinen, besteak beste edozein emakumezko baino. Baina jakina, halako pentsamoldeekin nola harrituko garen gero gizon-gizon horietariko batek akatu izanaz bera baino guztiz eta ustez bakarrik xumeagoa, trauskilagoa, makalagoa den gizaki bat pare-parean jarri nahi zaionean, asaldatu edo kopetaraino dagoela kontra oldatzen zaionean; esan nahi dut, noski, emakumezko bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario