viernes, 23 de octubre de 2020

BORREROAK BADITU MILAKA AURPEGI

 


Aspaldi idatzitako BORREROAK BADITU MILAKA AURPEGI eleberri motzaren pasartetxo bat: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/borreroak-baditu-milaka-aurpegi


                                                            III

 

 

Gasteiza bueltatu nintzen nik uste baino lehenago eta nire osabak areago. Egia esan, gizonak ezin sinestuta izugarrizko harrera ona eman zidan ea nire gauzak azkenean argitu nituen galdetutakoan lanean berehala hasteko aholkatuz. Nik ez nuen ezer argiturik, ni itzuli nintzen Mariasun Torreviejako anbulatorioraino lagundu eta gero ezin bainuen bera berriro ikusteko paradarik izan; oso gaixo omen zegoen eta behaketapean jartzeko agindu zioten. Badirudi bere birikiak azkenetan zeudela minbiziak erabat hondatuak, Mediterraneo aldeko eguraldia ere nahikoa ez zitzaiela aurrera jarraitzeko, nola edo hala kras egitekotan omen zeudela. Familiakoa ez nintzenez aurreneko egunik larrienetan ezin nion bisitarik egin UVIkoan. Hala eta guztiz eta egunero joaten nintzen informazio bulegoraino galdezka, sekula ausartu ez bainintzen bertan ingresatu eta gero bi egunetara heldu ziren senitartekoengana hurbiltzen. Zer dela eta? Ez dakit nik ere oso ziur, baina nolabait ere uste izan nuen Mariasunena ez zegokidala, bere senitartekoen esku utzi behar nuela bakar-bakarrik, beti hauengandik ahalik eta aparteen eta bere egoeraren berriak zeharka eta puntuoro jasoz. Gainera, nola azaldu nire burua. Lagun bat? Zer-nolako laguna, norainokoa? Edo are konprometituagoa, zer egiten zuen ni bezalako gazte batek kostaldeko hiri batean udaberri garaian bakar-bakarrik, zer arraio egiten zuen euren emazte edo amarekin tratutan? Paso egin nuen inori eman nahi ez nizkion azalpenak saihestearren. Tamalez, astebete eta gero informazio bulegokoek Mariasun bart hiz zela esan zidaten. Lur jota geratu nintzen, jakina, nola bestela. Eta gainera ezin nien nire dolumina eman orduantxe bere senitartekoei. Ez zen bidezkoa. Gasteizen eman behar, ezinbestez, horrexegatik bueltatu nintzen, ozta-ozta bere zerraldoaren lorratzaren atzetik.

 

 Ez zen ere hileta eguna momenturik aproposena alferrikako azalpenak emateko, agian ez zegoen inoiz eta inori ezertaz eman beharrik, edo hori zen bederen nik uste izan nuena. Hala ere, hileta elizkunetik irtendakoan eta bere amak hitzez eta oso urrundik nolabait aurkeztua ezagun bakarra nuen alabarenganantz joan nintzen nire dolumina ematera. Zer esanik ez, ez nuen inolako gogorik nire burua aurkezteko; alde batetik, eta lehenago esan bezala, batere xehetasun zalea ez naizelako, eta bestalde ere halako kinka larrietan sufritzen ari den jendea zenbat eta gutxiago molestatu hobebeharrez delakoan nagoelako, batez ere eta tupustean ni ere negar zotinka ez hasteko hain hunkibera txotxoloa naizen aldetik, dolu giroak eraginda bada ere eta azken hau koldarkeria mota bat baino ez dela kontuan hartuta. Nolabait ere, elizateko iladan jarri eta Mariasun zenaren senitartekoen pareraino iritsi nintzela negar-muxinka ari zen bere senarraren begitarte guztiz desitxuratu eta saminduari buru-keinu arin eta herabe bat egin eta alboan zegoen neskatoarenganantz zuzen-zuzen jo egin nuen nire dolumina hainbat arinen eta zintzoen agertzearren. Ohiko denez, dolumina agertu eta ordura arte pilatutako erreustasun guzti-guztia askatu egin zitzaidan. Egia esan, handik ospa egiteko irrikitan nengoen, nire urtegi ondoko pisutxo madarikatuan lanera itzultzeko egunera arte ezkutatzeko asmotan. Baina, elizatetik dexente alde eginda nintzela nire atzean deika ari zen ahots batean erreparatu egin nuen bat-batean.

 

 

-Barkadaizu, zu al zara Diego? –bota egin zidan Iratik bere aurreasmoa egiaztatu nahian.

 

-Bai, ni naiz, zer ba? –erantzun egin nion aiko-maiko.

 

-Eskerrak eman nahi nizkizun etortzeagatik.

 

-Ez horregatik, neska, zure amarena bihotz-bihotzez sentitzen dut

 

-Badakit, berak kontatu egin zigun zer-nolako sostengua eman zenion bere azken egunetan, zuri esker dena arinagoa egin zitzaiola edo.

 

-Arinagoa? –sostengu hitza izan bazen benetan txunditu egin ninduena, bere amari zertan arintzen lagundu egin nion galdetzera ausartu egin nintzen bakar-bakarrik,  oraindik ez bainekien neska hura zehatz-mehatz zertaz ari zen.

 

-Badakizu, guk utzitako hutsunea nolabait bete eginez –erantzun zidan Iratik ordura arte nola edo hala, baina antza zenez baita gogor-gogor ere, eutsitako negarmuxinari berriro bide emanez-

 

-Nik ez nekien ezer zure amaren gaitzaz, oso gutxi ezagutzen nuen, urbanizazioko auzoak ginen bakar-bakarrik –bota egin nuen supituan, inola ere merezi ez zuen neskato atsekabetu hari bekoskoa jartzen.

 

-Hori ere badakit, baina elkarrekin egon zineten egunotan nire ama oso ondo pasa egin zuen, zuri esker bere gaitzaren gorabeherak ordu bakan batzuez alde batera utzi ahal izan zituen –azaldu zidan Iratik bere musu gazte eta ederrean guztiz eskerronekoa izan nahi zuen irribarre luze eta ezti bat marraztuz.

 

-Hori horrelakoa baldin bada izugarri pozten naiz, baina ez dakit ba nik gehiegizkoa den, esan badizut auzokoak bakarrik ginela... –tematu nintzen oso argi ez nekusan erantzukizunari muzin eginez.

 

-Baietz bat, gure amak asko estimatzen zituen ezagun berri-berriak izan arren, oso tipo jator eta eskuzabala zinela esan zigun –Iratik bere irribarrea zabalagoa egin zuen, baliteke nire jarrera eskertzearren itxurakeria apala besterik ez zelakoan.

 

-Zure ama oso pertsona berezia zen, oso emakume azkar eta gogoargia zen, azken egunera arte ez zidan tutik ere kontatu haren gaitzaz.

 

-Bai noski, eritetxeraino lagundu zenuen egunera arte.

 

-Harrezkero ez nintzen zure amari bisita egitera ausartu, familia giroan bakar-bakarrik egon nahi zuelakoan –aprobetxatu egin nuen aspalditik buruan bueltaka ari zitzaidan aitzikia behingoz botatzeko.

 

-Jakina, ulertzen dut, ez zenuten apenas elkar ezagutzen... –ez dakit nik oraingoan bere irribarre finkoa adar jotzeko modukoa ote zen-.

 

-Ospitalean bertan kontatu egin zidan... –ez zitzaidan besterik burutu.

 

-Elkarri kontatu zenizkioten zuen sekretuak –Zur eta lur utzi ninduen Iratik, ustekabean zeharo harrapatuta.

 

-Nork ez du kontatzekorik... –erantzuna ezustean ere asmatu eta agur moduko begi-keinu bat eskaini eta gero neskari bizkarra eman nion handik agudo-agudo eta behin betiko ospa egiteko asmoz.

 

-Edonola ere milesker behin berriro guztiagatik.

-Baita zuri ere.

 

BORREROAK BADITU MILAKA AURPEGI - Txema Arinas

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...