lunes, 23 de septiembre de 2024

IRAULTZA-MINA


 

 Gasteizko alde zaharrean barrena nindoala pankarta honekin topo egin nuen ustebakoan. Hara, esan nion nire buruari, irailero bezala hainbat ikastaroren propaganda. Badakizue: "Ikasturte berriarekin batera apunta zaitez, bai, urtero lez ere hainbat txorakeria ikastera!".

Pankartak dio: "Zer da GKS?" Tamalez, ez dakit nik delako pankarta motzegia den behar adina argibide ematearren. Nik behintzat zenbait gauzatxo gaineratuko nituzke:
- Zure nagusiak ezker abertzalearen aldeko iraultzaileak ziren zuk izugarri mirestu bai baina egiatan ezagutu ez zenituen 80-90ko hamarkadetan? Orain GKSekin baduzu aukera eurek egin bezala gazte iraultzaileena egitearren.
- Bildu, Sortu, epelegiak begitantzen baldin bazaizkizu Otegiren esanetara, ixa-ixa sozialdemokrata lotsagorrituak, saldu hutsak, koldar burgesberriztatuak direlakoan? Zatoz GKSekin!
- Ez duzula ezagutu orduko ezker abertzalearekin militatzeak eragiten zuen handiuste itzela zure gainerako herkideei gainetik, betiere zuk eta zuretarrek bezala ez pentsatzeagatik, mesprezuz begiratzeko, baita mehatxatzeko zein oldartzeko ere? Zatoz GKSekin!
- Zure bizimodua, ohiturak, kultura, gustuak, aisialdia, erabat europarrak, mendebalekoak izanda, Europa, Mendebala, gorrotatzen baldin baduzu, eta, batik bat, 100 euroko polo bat jantzita kapitalismoaren ajeak kritikatzeko gai baldin bazara. Zatoz GKSekin!
- ETA erakunde iraultzaile eta batez ere askatzaile bat d/zelakoan baldin bazaude oraindik ere. Zatoz GKSekin!
- Ni bezalako artaburu zirikalari baten izen-abizenak kaleko hormetan marraztutako diana baten barruan ikustea atsegin baldin balitzaizu garai on zaharretan bezala. Zatoz GKSekin!
- Sekula euskal "txupiguaikeria", jatorreria edo narzisismo iraultzailea zuritzen edota eragiten duen "marko ideologikoari buruz" berba egitea aditu ez baldin baduzu. Zatoz...!
Ba hori, Historia lehen tragedia, gero komedia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...