sábado, 24 de septiembre de 2011

3 MARIAK - ARANTXA URRETABIZKAIA


Idatzi badut hor nonbait gogoko edo gutxienez gogoetako liburuen iruzkinak baizik egin nahi ez nuela blog honetan, hau da, gehienbat irakurketa benetan atseginak, eta baita beharbada zeharo asaldatzen nautenenak ere. Bestalde, itauntzen diot etengabe niri buruari zentzurik duenentz liburu iruzkinak egiteak, norainoko harrokeria dagoen zure burua irarkule fintzat izatean, nire iritziaren subjektibitate kontuan izanda nori ardura izango dion nik gustuko dudanak ala ez.

Gauzak horrela izanda, hau da, delako handinahiaz jabetu eta damututa, behin baino gehiagotan utzi izan diot leitu eta ikaragarri gustatu ere zaidan hainbat libururen iruzkina egiteari. Alabaina, sarri baino sarriagotan hau guztiau zeharo ahaztu egin zait esku artean nuen liburuak nahitaez merezi zuelakoan. Bestela esanda, blog petral hau nolabait egunerokotegi gisa asmatu edo antolatutakoan ni egiatan astindu, hunkitu edo agian atsekabetu ere egiten ninduten gauzen berri eman beharrean nagoela, bai nire ingurukoek nota har zezaten, bai nik etorkizunean gogora nezan.

Edonola ere, hau guztiau irakurri berri dudan liburu hau ezinbestekoetariko bat dela azpimarratzearren, honako iruzkina edo dena-delakoak batere subketiboa izan nahi ez duela esatearren.

Baziren euskarazko liburu pila Arantza Urretabizkaiaren 3 MARIAK bezalako nobela bezalakoa irakurri eta batik bat goxatu ez nuela. Bazen aspaldi ere gure "maisuetariko" baten maisulana eskuetara heltzen ez zaidala. Arantza Urretabizkaia gure literatura txikiaren maisua baita duda izpirik gabe. Hori asmatu banuen txikitan bere lehenengo liburuak, Zergatik Panpox?, Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik, Saturno edo Aurten aldatuko da nire bizitza bezalako liburuak irakurtzeko agindu eta hala eta guztiz ere zinez goxatzen nituenean.

Hori dela eta, eta azkenezkotik hainbeste urte pasa eta gero, nobela berri hau eskuratu orduko sumatu banuen nolabait harrapatuko ninduela txikitan bezala. Bada aspaldi irakurrita ere baina benetan estimatzen ditudan idazle gehienekin suertatzen zaidan zerbait, nahiz eta bere azken nobelaren nondik norakoen berririk ez izan, huts egingo ez didalakoan nagoela. Asmatu egin dut bete-betean Arantzaren noleba berri honekin.

Liluratu egin nau, horixe. Badakit, hor nonbait gure kritikari profesionaletako bati irakurria diodalako, ez dela gure euskal literaturaren etorkizuna iraultzera edo propio sortutako ezer, agian ere hori da bertuterik onena, ez dela batere handinahia, azalez behintzat eskeintzen dizuna istorio xume eta batez ere oso xamur bat baita, hiru aixkide atsorena, hirurotariko bat alargundutakoaren gorabeherak. Hortik aurrera idazleak ondo baino hobeto eta betiere erakutsitako maisutza. Hiru atsoren istorioa izanda, hots, zahartzarorekin zerikusirik duen guztiak halabeharrez eragiten duen gehiegizko eta batez ere azalezko sentiberatasunari uko eginez azkenean erabat hunkitzen zaituen istorio bat ezin atsegin, samur edo eztiago jorratzen baitu Urretabizkaiak. Areago, horrela baldin bada, hain istorio goxo-goxoa, hunkigarria, sortu egin baldin bazaio Arantzari, idazterakoan berak ederto dakien bezain zorrotz, zuhur eta zehatz idatzi duelako izan omen da.

Berriro diot, istorioak liluratu egin nau aspaldi ez bezala, txunditu nau bere azalezko xumetasunean, gustatu egin zait protagonistak ohikoak ez baitira, benetan haragizkoak baino, badelako garaia gizabanako arrun guztion bizia literaturabide bilakatzeko, inoiz inolako arinkeria narratiboan jausi ez delako, zeharo sinesgarria egin zaidalako hasieratik amaieraraino.

Horrez gain, bertuteak bertute, Urretabizkaiaren betiko idazkera eder-ederra. Oso oso gutxitan suertatzen zait hainbeste euskaraz idatzitakoaz, maiz euskal idazleok irakurlea nola edo hala txunditzeko edo auskalo zer jakinduria erakusteko asmotan oso hizkera bihurria erabiltzen dute -esateko, nik neuk egiten dudana-, euskera jantziegia, garbizaleegia, gramatikalki edo txukunegia, euskaltzain izateko meritoak egin gura balituzte bezala. Arantzarena bikaina alde guztietatik, baina ikaragarri ahozkogarria ere bai, leitzen diozunean berehala jabetzen zara euskara garbia eta polita dela, belarrira goxo-goxo egiten dizuna ez baitu inolako haindustekorik edo, oso errotuta dagoela kalean erabiltzen denarekin, Donosti aldekoarekin batik bat, edonork ahoz egiten duena hain zuzen ere. Suertatu ere suertatu egin zitzaidan halako zirrada bat txikitan Zergatik, Panpox? irakurri nuenean, kostaldeko sentitartekoen ahotik entzuten eta ikasten saiatzen nintzen euskara gogoratzen zidala ikasgelako edo bestelako liburuetako batuaren aldean.

Horregatik hau guztiagatik esan behar dut enegarren aldiz 3 MARIAK nobela ikaragarri xume eta eder honek liluratu egin nauela. Nola ez blogeratu, nola ez egin iruzkinik edo erabateko goraipamenik, hainbeste lore botatzeraino lotsagabeki, literatura zein istorio txiker baina mamitsuen plazera behin berriro gogora ekarri egin dizun liburu hau eta aspaditik gogoan zenuen euskal literaturaren maisu bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...