martes, 6 de septiembre de 2011

HARA LAR BILDU DA ETA...


Badirudi Aralarrekoek erabakita dutela Bildukoekin bate egitea. Badirudi ere erabaki honekin Aralar laster desagertu eta gutxienez ezker abertzalearen ardo mingotsean urtuko dira behin betiko, ezingo baitzaie inolako ñabardurik igarri haiekin bat eginda zerrenda berean edo. Gehienak ezker abertzaletik sortuak ziren, Zabaleta, Ubeda, Aldekoa eta abar, eta badirudi ere aitaren etxera itzultzen direla hor kanpoan batzuen ustez etxekalteena soil-soilik edo egin eta gero. Alde horretatik, ezin ageriago ezker abertzalekoak poztutzeko moduan daudela aspadiko lagunak edo borrokaideak nola edo hala berreskuratzen baitituzte euren jomuga edo estrategiarako.

Hala ere, bazegoen Aralarren barruan lotura zuzenik edo ez zuten hainbat lagun, besteak beste alderdiaren irudia izan dena gaurdaino, Aintzane Ezenarro, edo NBren barruan independiente izanda, aresti aralarkide bilakatu egin zen Uxue Barkos. Euren ahotsa ezin argiagoa izan ezker abertzalearekiko auzian; helburuak konpartitu baina inondik ez baliabideak, edo zehatzago esanda, indarkeria errotik gaitzesten zuten eta honekin batera ETAren inguruan sortzen zen oro indargabetzen zuten.

Alde horretatik, euren buruak ezkerreko abertzaletzat izanda eta aldi beran ETA zeharo gaitzetsita, ezin ukatu Aralar atsegina egiten zitzaidala alderdiaren hainbat helburu edo ez konpartitu arren, edo bestela esanda, euren independentestismoarekin bat ez etorri arren, ez baitiot inolako zentzurik halako aukerari, uste baitut hamaika gauza garrantzitsu eta premiazkoagoak daudela euskal nortasuna indartze aldera eta batik bat euskararen hedapen eta bere ezinbesteko biziraupenerako gure antolaketa politiko-administratibo betierekoari nolabait ondo eutsita.

Dena den, eta beti kontuan hartuta ezkerreko abertzaletasuna EHren mahai politikoa osaten zuten lau oinetako bat dela, Aralar aparteko adibidea edo eredua omen zen zenbait ideia, pentsamolde edota helmuga guztiz zilegizkoak direla eta batez ere bide baketsuen bidez defendi daitezkeela erakutsiz. Ene aburuz Ezenarro zein Barkosen ibilbidea txit txalogarria, goresgarria, izan da ondo asko erakutsi baitigute badagoela nahiko motiboa ezkerreko abertzaletasun mota bat aldarrikatzeko bortizkera politikoa erabat errefusatuz; erakutsi die batez ere Batasunakoei bidea.

Orain, ordea, sinestarazi nahi digute Bildukoek Aralarrekoek, ekinaren ekinez eta batez ere hamaika kritika, mesprezu, birao eta eraso jaso eta gero, emandako ikasgaia ondo asko barneratu egin dutela, badela garaia bakerako, ETAren estrategia armatuak ez duela etorkizunik, biktima guztiak aintzakotzat hartzekoak direla, politika dela baliabide bakarra zenbait helburu lortze aldera.

Nik ez dut uste, nik uste Bildukoek badutela oraindio askotxo ikasteko eta batez ere erakusteko, besteak beste ETAren egiazko gaitzespen erabateko eta behin betikoa. Halakorik egin arte ezin zaie inolako zilegitasun politikorik aitortu. Harik eta Bilbukoen ahoetatik ETAren benetako gaitzespen bat entzun arte ezin diegu ezer sinetsi, ezin baitugu jakin noraino eta nolako zintzoak diren euren adierazpenetan edo den-dena estrategia hutsa den oso bestelako xede susma/samingarrietarako, esaterako ETAren berrindartze bat nolabait gauzatzeko edo, ETA bere zuloan ondo gordeta bakarrik mantentzeko borroka armaturako garai aproposagoak sortu arte, auskalo!

Sinetsi, bai, sinetsi beharrean gaude zintzo-zintzo mintzo ari direla bake garaia dela esaten digutenean. Tamalez, azken urteotan gertartuak gertatu ez dakit nik gehiegitxo eskatzea ote den, lar itxarotea, hain zuzen ere.

Edonola ere, Aralarrekoek erabaki badute euren buruaz beste egitea, eta egin dute EA edo Alternatibakoek oraindik orain egin bezala, nahiago dute euren borreroarekin bildu hurrengo hauteskundeetan hutsean geratu eta ondorioz desagertu baino lehen. Hor ez dago inolako irakaspen politiko edo etikorik, hor dagoen bakarra ON Bildu(r)-en itzala ala mehatxua omen da.

Eta zein izango da, beraz, NBren etorkizuna Aralar Bildurekin bildu eta gero? Nik uste atzo bertan Bixente Serrano Izkok ondo baino hobeto adierazi zigula bere BERRIAko blogean:

Nafar baikor ni?
Clausewitzen perpaus famatuan, «gerra politikagintzaren luzapena da, bertze baliabideez garaturik» zioen hartan, zein da subjektua, zein atributua? Gure artean, ETAk onespena eman bide dionean politikaren bidez bakarrik gerra egiteari, bai eta bera ez abangoardia ez erretagoardia ez izateari, gorputz politikoa da armatu dena labanez eta aiztotzarrez, politika gerraren luzapena dela nonbait ikustaraziz. Arma horien hornikuntza Nafarroan bereziki dago bistan, Nafarroa Bai begitan harturik. Azkeneko aiztokadatzarra Aralarreko malda eta gailurretan gertatu da: Nafarroa Bairen akabera, ez gutxiren aburuz…

Alta, ez daukat horren garbi. Aralarreko mendizain nagusiak «duela zortzi urte NaBai sortu zeneko espiritu bera du»ela jakinarazi digu behintzat; areago, «Nafarroan izen propioa» nahi duela ere erran du. Eta kasu: Aralarreko gordailuan omen dago Nafarroa Bai marka erregistraturik. Arma zuriez armaturiko gorputz politiko berrian bildu direnei aparteko segada egiteko aukera eman diezaieke mendizerra mitikoak: azken hatsa emanen ote du NaBai markak? Ez ote du jarraituko bizirik? Baina nortzuen esku?

Ai ene!, nafar baikor ni?

2 comentarios:

  1. Ni Aralarreko botoemailea izan naiz eta pozik nago hartu duten erabakiarekin. Ezker abertzale "ofizialak" urrats ausartak egin ditu eta uste dut ETAren garaia zorionez atzean geratu dela.

    Eta ETArik gabe Hego Euskal Herrian lau multzo politiko bakarrik geratu dira, ezkerreko zein eskuineko abertzaleak eta ezkerreko zein eskuineko españolistak. Aralarrek bere burua kokatu behar du.

    Ondo segi!

    ResponderEliminar
  2. Baliteke, nik ere gorago esan bezala, lau multzo nagusi daudelakoan nago Ehko politikan, eta Aralarrekoek Bidurarantz jotzea guztiz zentzunezkoa da ezkerrekoak zein abertzaleak direlako, norantz joko zuten bestela! Hala ere, ez al da kokapen hori goizegia, arinegia, merkeegia izan? Benetan bukatu al da Aralarren garaia Bildukoek bakea eta berradiskidetzearen aldeko egiazko jarrera zein konpromisua erakutsi aurretik? Nik uste ofizialek egindako urratsak oraingoz azalekoak baino izan ez direla, eta gainera, badirudi, aspadiko jokaera zein ohituren itzala oso handia dela.

    Izan ontsa!

    ResponderEliminar

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...