lunes, 12 de septiembre de 2011
ELKARBIZITZAREN GURPILEKO ZIRIAK
Ortigueratik bueltan zenbait ohar bertako hizkuntza egoeraren kontura. Badira hamar urte edo udero hara joaten nintzela eta uste dut dagoeneko hago hizkeraren egoeraz zer edo zer jabetu egin naizela. Ez dakitenendako esan bertan a fala izeneko galego hizkera berezi bat egiten dela, hots, galegoa astur kutsuz edo, aditza zein hiztegi gehiena galego hutsa baita, baina gero badago zenbait ñabardura Galizia bertan egiten denetik baztertzen duena, besteak beste artikulua o izan beharrean asturieraz bezala el dela, edota diminutuboa -iño-ren ordez asturiar -in erabiltzen dutena.
Izan ere, lehenego urteetan halako hizkera T-ren gurasoen auzoak zirenen etxeetan entzun nezake, gurekin erdaraz egin edo saiatu arren euren artean ostera barra-barra egiten baitzuten euren hizkuntzaz. Dena dela, erraza zen, asko, a fala herriko nagusien ahotan entzutea, baina ia zeharo ezinezkoa edo oso behin-behinekoa gazteenean. Areago, urteak aurrera joan ahala gazteok koxkortu, ezkondu eta gurasotu egin dira, gehienak herrian bizitzen geratu dira, ondo errotuta euren betiko inguruan, baina hizkuntza erabat baztertu egin dute, bertan behera, ez dute inoiz erabiltzen eta, jakina, ez diete euren seme-alabei irakatsi, "a fala" azkenetan dago, hilzorian.
Utzikeria? Bai, erabatekoa, ez dute maite, orduan zer dela eta atxiki behar zioten beraientzat oztopo baino ez den hizkuntza bati, zama baino ez zaie begitantzen. Eta antzeko zerbait gertatzen da Asturias osoan delako bablearekin edo, ez dutela aintzakotzat hartzen, bitxikeria etnografiko modura ez baldin bada, noski, horrexegatik ere gehienek ez dakite egiazko asturiarreraz egiten duten ala astur hitz edota hainbat joskeraz jositako gaztelera batez. Edonola ere, ezin nabarmenago da asturiar gehienentzat euren hizkera patois hutsa dela, nekazal arlokoa eta batez jende ez ikasiarena, kosta ahala kosta baztertu beharrekoa guztiz kontrakoa emate aldera. Ene uste apalean ez du etorkizunik, eta ez du izaten hiztun banaka batzuk izateaz gain gehienek ez dutelako inolako borodanterik bestelakoa izan dadin, akabo.
Ezta ezer berririk hizkuntza gutxituei dagokienez, ederto asko ikasia baita halako jokamoldea mendeetan zehar zapalduriko kulturetan nahitaez, beharko, hau da, azken hau egun oso "zuzena" ez eman arren, gaur egun egia borobilak direnak, hots, behar bezala aztertu eta egiaztatuak direnak, atseginak ez diren aldetik komeni da ez gogoratzea, badaezpada norbait aztoratzen den edo. Baina kulturen arteko harremanei buruz hitz egin ezkero ezin da argiago izan, badago kultura handia, edonora hedatua, goretsia, eta txikia, baztertura, gutxietsia, eta inolako parekatasunik ez dagoen bitartean bigarrenaren egoera gero eta kaxkarragoa izaten da.
Bestalde, badaude beste herri batzuek gogor eta gogoz eusten dietenak euren kultura eta hizkuntzari, harro daude direnaz oztopoak oztopo eta gutxi edo izanda ere, eta saiatu saiatzen dira kultura eta hizkuntzon biziraupenean hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik, ikasi, erabili eta lantzen dituzte betiere ahal duten moduan, euren gizarteen nondik norakoen neurria, hau da, hizkuntza handiaren mendeetako nagusigoaren ondorioz nozitzen dugun disglosia kontuan hartuta.
Tamalez, herri horren biziraupenerako borondatea ez da oso estimatua kultura eta hizkunta handietako elebakardunek. Ez dute ulertzen, hizkuntza bakarra egotea hoberena delakoan daude, horrenbestez gainerakoek molestatzen dituzte, soberan daude, eta badakusate hizkuntza horien hiztunek eusten dituztela. Erdeinatzen dituzte gure hizkuntza txikiak, egia esan denetarik botatzen digute gure bizirauteko gutiziaren kontura, besteak beste paleto edo kaskamotz hutsak garela geure bezelako hizkuntza txiki batzuei atxikitzen diegulako, bereziak garelakoan edo, haiengandik baztertzeko asmotan soil-soilik, elkarbizitza eragozteko, elkarbizitzarako hizkuntza eta kultura bakarrak egon behar baitira, beraienak, gainontzekoak ordea gurpilean sartutako ziriak baizik ez zaizkie begitantzen.
Badaude gure artean horrela pentsatzen duen asko, noski, baina EHtik at parrastaka topatzen dituzu edonon, ez dituzte gure hizkuntza txikiak aintzakotzat hartzen, eta haietaz ari diren aldiro gutxiespena nabarmen da, bi eratara gainera, alde batetik errotik errusatzen dituztenak, gorroto dietena, eta bestalde aitakeria hutsez erretsebetako indioena bezalako zoria opa digutenak. Gu gaude harro gure hizkuntza txikiaz, haiek ordea harropuztuak daude handiaz, haiek, gehienbat, hizkuntza bakarra dute, gu denok gutxienez elebidunak gara, horregatik dakigu ondo asko hizkuntzak gehitu daitezkela ekinaren ekinez, ez dela ezinbestekoa zurea alde batera lagatzea beste batzuk ikasteko, zenbat eta hizkuntza gehiago ikasita, gero eta buru edo mundu zabalagoa izango duzula, haiei ez gertatu bezala, hain zuzen.
Gutxiesten digute geurea eta gero nahi dute eurena begirunez hartzea, gutxiesten gaituzte herri gisa eta euren banderak edo erregearen erretratua erretzen direnean aho zabalik geratzen dira, ez dago eskubiderik, hau eskandalua, hau, onartezina, elkarbizitzaren atentatu bat da, epaitegi batek hizkuntza gutxitu baten berreskurapen zein hedatzearen aldeko hezkuntza politika bat indargabetzen duenean ordea hori da euren legea betetzea.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario