Gaur jaiegun izan dugu Asturiasen Eguna astelehenera aldatu dutelako. Hori zela eta Asturiasekin oso lotutako zerbait egiten erabaki dugu: Paca, Tola eta Furacu hartzei bisita egitera joan gatzaizkie. Hau horrela esanda maltzurkeriarako aukera pila emango lidakete hartzok zeren Asturiaseko Natura eder eta oparoaren ikur izateaz gain esan bailiteke ere Asturiaseko gizartearen beste ezaugarri guztiz berezi baten goi ikurra dena: funtzionariogoarena. Maltzurkeria, jakina, ezta nirea, bertakoek sarritan erabiltzen baitute euren artean jaioberrien gaineko txiste oso famatu batez: “mediku jauna, mediku jauna, zer izan al da? – lasai zaitez, gizon, baduzu funtzionario bat…” Horrenbestez, alde horretatik baldin badaude asturiar peto-petoak horiek ditugu Paca eta Tola hartz-emeak eta baita Santander aldetik, Cabarcenotik, hauek ernaltzeko propio etorritako Furacu hartz-harra. Hau, jakina, nik ezin dut esan berehalaxe leporatuko bailidakete auskalo zer nolako harroputza edo sasikoa naizen betiere Asturiaseko ikurren kontura trufaka edo, edonongoen kontura antzerako trufak edo egingo ez banitu bezala, baina badakigu… Dena dela, Hartz-bideraino joan gara, guretzat noski enegarren aldia zela, Uvieutik gertu-gertu dagoelako eta leku ezin aproposagoa baita lasai modura paseatzeko zure aldamenetik etengabe eta ia ziztu bizian pasatzen diren milaka bizikleta ez bailiran… Eta bat-batean, ni ordura arte Hartz-Bide izenekoan zehar hamaika bider joanagatik hartzenganaino heldua ez nintzenez, Asturiaseko hiru funtzionariorik xelebreen aurrean, Proaza herriaren ingurumarietako beraientzat propio atondutako “hartzesi” batean, elikatzen dituzteneko barrutiaren aurrean egun osoan olgetan, potrojorran, omen dauden hartzei begira. Bertan pilaturiko jende andanak izugarri goxatzen bide zuen, niri ordea ezin ikuskizun tamalgarriagoa begitandu zitzaidan. Benetan diot, horiek horrela ikusita berehala Cabarcenoko hartzak zein munduko zoo guztietakoak akordura etorri zitzaizkidan. Berdin dit bertan antolatuta dutena helburu edo aitzakia naturistekin eginda dagoen, hau da, Paca eta Tolaren bidez hartz-kume berri sortzea dela (eta xelebrekerietan xelebrekeria arestian gertatutakoa, Furaco hartz kantabriar alprojak Paca ala Tola behingoan ernal zitzan saiatu eta gero azkenean biotako bat haurdun utzi eta parkeko arduradunak amak hartz-kumea nahigabean maspil-maspil utzita akabatu arte ez konturatu izana…) gero auskalo noiz eta nola mendirantz jo zezaten bertako eta berezko hartz kopurua oso murritza baita (ehun kantauriar hartz inguru bizi omen dira bi eskualdetan banatuta, populutsuena Somiedo inguruan eta beste xumeago bat Picos ingurukoan). Ez dakit, ez dakit, baina frantsesek Pirinio inguruetan sartu zituzten errumaniar hartzena ere gogora ekarri nuen, eta hauekin batera noski hartz etorkinok eragindako gorabehera guztiak. Alabaina, behin akordura erabat emana nire hiriko Aristi jaun naturazale porrokatuarena ere, mota guztietako animaliak hainbat kaiolatan gordeta zituena Ebro inguruko instalazio benetan xelebre benetan, eta besteak beste ez dakit nik nongo hartz bat, inguruetan zehar txakur baten modura paseatzera atera ohi zuena, bere hitzetan zeharo otzana zelako, ozta-ozta lagun bat berak maiz esanda, ikaragarri elkar maite zutela, berak nahi adina eman ohi ziola familiakoa bailitzan, eta hala eta guztiz ere egun batean paseoan zebiltzala bi lagunak, hartzak, baten batek zer dela eta, ezustean burua galdu eta Aristi jauna zanpa-zanpa jan egin zuen; ez zirudien, ez, hartza oso aserik zebilenik egun hartan behintzat.
viernes, 13 de septiembre de 2013
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario