miércoles, 25 de septiembre de 2013

BIXENTE SERRANO IZKOK NIRE "COMO LOS ASNOS BAJO LA CARGA" LIBURUKO AIPU BATEN HARIRA.




Bixenteri bihotz-bihotzetik eskertzekoa da niri liburutxoari egindako jaramona, noski baietz, baina berak garatutako gogoeta ikaragarri mamitsua da duda izpirik gabe.
ARROSAZKO EZKON-OHERIK GABE ERE.

Berradiskidetzeak, bikote harremanetan ere, bere prezio ekonomikoa du koitadu batzuen ustez. Fin eta polito botarazten dio Txema Arinasek bere azken eleberriko narratzaileari honako sarkasmo hau:

«[…] eta tentel halakoa etorri zait […] eskuetan uneari dagokion arrosa sorta, zeinarekin neurtu ohi duen bere damua eurotan» [Txema Arinas: «Como los asnos bajo la carga», Sepha argitaletxea, Málaga, 2013].

Nobelan hain estu eta trebe uztartzen dituenez egileak bizipen pertsonalak eta gogoeta politikoak, atrebentzia izanen dut nik ere aipu horretatik, eremu pertsonal hutsekoa den aipu horretatik, eremu politikora jauzi egiteko.

Gizarte eta politikagintzan aldarrikatu da aspaldin berradiskidetzearen irtenbidea, frankismoaren garai luzeei irteera ematerakoan (Santiago Carrillo eta euro-komunismoa), eta geroago euskal auziaren inguruan (Elkarri, Lokarri, Baketik…). Ez dakit frankismoaren kasuan eragingarri izan ote zen, edo zein neurrian, estrategia hura. Guztiz aldebakarrekoa izan zen edonola ere, hau da, euro-komunistek bakarrik luzatu zieten eskua frankistei, berauek aldiz inoiz ez diete eskua eman komunistei. Euskal kontuetan, askoz argiago: eurotan neurtu dute beti gobernuetako estolderiaren ingurukoek berradiskidetzearena, eta erabaki ere askoz errentagarriago zitzaiela auzia, gatazka, terrorismoa bizirik mantentzea (laguntza ederra jaso zuten, zer erranik ez, asmo horretarako, ETAkoen burugogorkeriaren aldetik). Azkenik, aldebakarreko mugimendua gertatu behar izan da, eta oraindik ere halako nostalgiaz begiratzen diote aurreko egoerari estolderiakoei babes ematen zieten politikariek. Dagoeneko, ETA aktiborik gabe, “den-dena da ETA” estrategiara jotzea baizik ez zaie bururatzen. 

Baina estrategiak estrategia eta taktikak taktika, kontzeptua bera da, berradiskidetzearena alegia, guztiz faltsua iruditzen zaidana: inoiz ez dira adiskide izan espainiartasun inperialista, zentralista eta faxistaren kumeak eta euskal abertzaleak, are gutxiago ETAra jo dutenak. Ezin, beraz, berradiskidetzea, ‘berriro adiskide’ egitea. Baina adiskidetzeko ere arrosa sorta garesti garestiak trukatu beharko lizkiokete elkarri bi aldekoek. Ez bakarrik berradiskidetze, adiskidetze kontzeptua ere guztiz desegokitzat jotzen dut nik. Nahikoa izanen nuke, eta nahikoa lan emanen digu oraindik ere, elkarri fisikoki kosk egin gabe zirku politikoko lehiakide izatera helduko balira bi aldeak, elkarrekin tranpati eta guzti jokatuko balute ere. 

Bikote harremanetan arrosa sorten prezioek eraginik izanen dute, akaso, bikotekide tentelengan. Politikagintzan, ordea, ez dago zertan paratu arrosazko ezkon-oherik, are ez dago zertan planteatu ere bizikidetzarik, nahikoa izanen lirateke elkarrekiko intolerantzia eta areriotasuna, baina gutxieneko arau batzuen pean. Hemen nauzuen tentel halako honek dio, haize kontra joaten ene tentelkerian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...