sábado, 7 de septiembre de 2013

KRESAL EGUNAK





Urtero bezala astebetez edo Asturias mendebaleko Ortiguera herrixkan oporretan gaudela zera gogora datorkidan bertako kale estu eta aldapatsuetan zehar goazela edo bertako hainbat lagunekin herriko gauzen kontura hitz eta pitz ari garela; baietz ba, herri ikaragarri polita, parekorik ez duena Kantauri kostaldeko itsas-herri gehienekin, hiribildua izan beharrean herri sakabanatua baita, itsasadarrak bi zatitan banatuta, Irlanda mendebaldeko herriak zein alderdiak akordura ekartzen dizkizuna halabeharrez pasaia zein etxeak ia antzerakoak baitira, eta nik esango nuke biztanleen aiurria edo nortasuna ere berdin-berdin hainbat gauzatan. Herri izugarri ederra, kuttun-kuttuna, xarmangarria baliteke argazkiotan ondo asko azaldu bezala, auskalo, oraintsu arte inork gutxik ezagun duena, turista gehienek inguruetako itsas herrietara jotzen baitzuten, handiagoak eta batez ere helduerrazagoak omen zirelako. Hori dela eta, ezin daiteke esan gaur egun turista edo beraneante asko erakartzen duen herria denik, ezin baita ondoko herri askotan egin bezala neurrigabe eraiki, Ortigueran betiko etxe zaharrak, hots, marinelenak nagusi dira, hauen seme-alaba zein ilobek txalet moduko etxe asko eraikiagatik, baina zorionez ere, edo legeari esker batik bat, zenbait neurri urbanistiko eta estetikori eutsiz behar bezala. Hori horrela izanda, gutxi gora behera egia esan hainbat salbuespen ere dagoelako, besteak beste alkate ohi baten ohiko jauntxokeria herriko malda batean portura begira bertakoek deritzoten Falcon Crest delako bat altxatze aldera auzoko guztien iritzi zein legediari muzin eginez. Edonola ere, salbuespenak salbuespen, argazkiotan ezin hobeto nabarmentzen baita herriaren itxura betikoa dela hein handi batean, hau da, Kantauri kostaldeko itsas herrixka sakabanatu, txiro eta batez ere galaiko-astur batena. 

Liluragarria omen da Ortigueraren ikusmira, kosta ahala kosta gordetzekoa turismo zakarretik babeste aldera eta gaurdaino ere Kostalde Legeari esker hein handi batean, auskalo zer gertatuko den hurrengo urteetan lege hau ezerezean utzi nahi dutenen erruz. Liluragarria bezain erakargarria udara partean, jakina, batez ere Mediterraneo aldeko hondartzak zein giroa batere gustukoak ez ditugunontzat, bazter berdeak eta itsaso harroa maite ditugunontzat, Kantauriko kresal usaina txikitandik larru-azalari atxikita daroagunontzat. Eta ez dira gutxi, ez, hau bezalako alderdi batek gogora ekartzen dizkizun oroitzapenak edota kultura erreferentziak, nire kasuan eta azkenoi dagokienez gehienak Irlandako literatura oparoarekin zein bertan filmatutako hainbat pelikularekin lotuta. Izan ere, baldin badago nire bizi apalean benetan estimatzen dudan zerbait horiek dira arratsalderoko ibilaldiak itsaslabarretako bidezidorretan barrena, batik bat uda hondarrekoak irail aldera, udagoienaren aurreneko zantzuak suma ditzakezula edonon, eta honekin batera hondartza erdi edo ia hutsetako ur ikaragarri hotzetan murgiltzea olatu bortitzekin jolasean edota ilunsentiko afariak nire emaztearekin barkaka, umeak etxe barruan erdi lo daudela, bere senitartekoen marinel etxearen zabaltzan ardo botila baten aurrean eserita itsaso zabalera begira zein itsasadarraz bestaldeko aldapetako etxeen arbelezko teilatuetara. 

Hau guztiau, jakina, Ipar-ekialdeko haizearen baimenaz, hemen ikaragarri gogor, errukigabe jotzen baitu haize benetan hotz eta bortitz horrek. Egia esan, ipar-ekialdekoak ia urte osoan jotzen du gogor kostaldearen kontra. Orduan bai dela zaila herriaren xarmaz gozatzea, ipar-ekialdekoak etxe barrurantz bultzatzen zaitu eta. Orduan ere herrikoek zu jakinaren gainean jartzeko parada ezin aproposagoa topatzen dute; bai, herri hau uda partean oso polita omen da, uda bukatu eta gero, aldiz, ez dago bizitzerik ez baldin bada etxe barruan ondo babestua, haizearekin batera ia etengabeko euria ere nagusitzen baita, udaroz geroztiko Ortiguera guztiz iluna eta gozakaitza baita eguraldi zakarraren erruz, bertako gehienen ustez leku txit itxia eta hitsa baita hain txikia eta baztertua den aldetik. Hala ere, gaur egungo ortigueratarrak ez dira kexu euren bizimoduaz, ez behintzat aspaldikoarekin aldenduta, ondo asko gogoratzen baitizute orain ez dela asko arte zer nolako miseria zegoen itsasoa baino beste ogibiderik ez duten bertako gehienentzat, hau da, zer nolako gabeziak zeuden etxe ia guztietan –hemen esan behar genuke herriko kondeen jauregi gaur hondatuan izan ezik-. Ezin baita ahaztu orain dela gutxi arte herriko etxe gehienetan ez zegoela argirik, ez eta txorroko urik, herriko andrazkoek ontziak buru gainean portualdeko putzuetara jaitsi behar zutela, herriko kale edo bide malkar gehienak arbel harrizkoak zirela ez baitzeuden asfaltaturik, etxe gehienak arbel harrizkoak izanda ere ez zuten tximiniako egurra baino berogailurik. Alabaina, okerrena, gogorrena, funtsezkoena jakina, otordukoak, gutxi eta eskasak, maiz ere egunean bat bakarra eta gehienetan patatak eta azak nagusi besterik ezean, itsasoko lanak ez baitzuen ateramendu handirik eskaintzen, ez baldin bazen etxeko gizona merkantzia-ontzi batean sartuta auskalo zenbat hilabetez, eta hau guztiau aipatzeke itsasoak eragindako galerak, oinazeak, ezbeharrak, herriko etxe guzti-guztietan. 

Luza nezake zerrenda, noski baietz, baina zertarako ote, nik uste dagoeneko denok asmatu duten zer nolako gogorra, atzeratua, gehienbat bizi irauteko modukoa eta ez besterik, eta honezkero baldin badago baten bat asmatzeko gai ez dena Robert J. Flahertyren Man of Aran pelikula famatua gomenduko nioke eta listo. Horrenbestez, Ortiguerako jendea ez dago iraganari begira melankoliatsu edo, ondo asko dakitelako euren herrian gaur egun bezala ez zirela sekula hain ondo egon; baina, hainbat eta hainbat herritan bezala ere kexu baldin badira ezta iragan-minak jota daudelako, ez dute inondik inora itsasora itzuli nahi ogibide bila, hor ez baitago inolako biderik ez baldin bada hiruzpalau auzokorendako eta betiere eskas-eskas, gaurko agintariek iragan horretara bueltatu nahi bide dituztelako baizik hain zuzen, ezin hobeto dakitelako euren herriak aurreratu edo hobera egin baldin baduen ez dela liberal sutsuek hain ozen aldarrikatzen duten gizabanakoaren ahalegin zein lan soilari esker, baizik eta herriko nor bere indarrekin batera lehengo agintarion borondatearen ondorioa ere bai, hau da, herriak jaso dituen hobekuntza gehienak jende xehearen bizimaila kosta ahala kosta igo, hobetu, duindu nahi zuten agintarion borondatearekin zorretan daudela halabeharrez, agintariak herri xehearen premiez arduratzen zirenekoa, gauza benetan gaitzesgarria hainbat ekonomialari liberalpasaturen aburuz, hots, jende xehearen eskasiak edo betebeharrak merkatuak baino asebetetzen ez dituelakoan daudenak borondate giza-politiko oro alde batera lagata.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...