Gorostian Gorosti, Donostian Donosti, ez dakit inoiz gauza izan naizen esamolde hau ulertzeko, zeren niri dagokidanez azken urteotan Donostira joaten naizen aldiro Donostian Paris, Niza, Cannes edo auskalo zer beste hiri frantses pinpirin begitantzen baitzait. Ikaragarria nolatan aldatu den hiri hau bertan ikasten egon nintzenez geroztik. Donosti betidaniko hiri handiustekoa izan da, denetarik egonda eta ezagututa, jende dotore, pinpirin bezain harro, hantustekoekin gainezka. Baina, topikoak topiko badago ñoñostiar eredu bat oso zabaldua, hedatua, hiri guztietan bezala eta Donostiaren kasuan berehalaxe topatzen duzu edonora zoazela hirian zehar. Izan ere, Alde Zaharreko tabernetan mukuruka topa genezake ñoñostiar prototipo hori, bai, batik bat adineko zerbitzarien artean, zeren eta baitirudi nolabait behartuta sentitzen dutela euren burua eredu hori kosta ahala kosta betetzeko. Nire ustea da noski, aurreiritzi totala, aitortzen dut, baina hara joan garen azkenetan betiere goitik behera begiratu eta frantsesa edo behar besteko pijo edo auskalo nongo aberaskiloa ez zarela jabetu orduko destainazko begiratuak zein hitz zurrunak luzatzen dizkizute ziplo. Esan bezala, nire aurreiritzia da, ni berez oso gaizki pentsatua naizelako, sentibera esango nuke, egiatan zinkulin-mikulin baina. Hala ere, aitortu beharrean nago ere Donostiko pintxoak jateko sistema batere atsegin ez zaidala. Areago, umiliagarria, iraingarria begitantzen zait, oso. Ez dakit, hau ere aurreiritziak aurreiritzi baina ez zait batere duina iruditzen platera eskuan barraren mutur batetik bestera joan beharra hotel bateko "self service" batean bazeunde bezala. Badakit sistema hau asmatu dutela Donostiko Alde Zaharrera iristen diren turista parrastari nola edo hala aurre egitearren pintxo bila sartzen direnean erabat despistaturik, jitoan, ez baitaude ohituta pintxoetan joateko eta formalidaderen bat edo jarri behar zutela. Alabaina, ez zait batere gustatzen. Berriro diot self service batean banengo bezala sentitzen naizela, edo are okerrago, Mallorcako alemaniar jubilatu bat nora ezean platera eskuan hartuta.
Bestalde, baietz ba, Donosti aparteko markoinkonparablea dela, hortaz duda zipitzik ez, horrexegatik ere txikitandik joana, eramana naiz, urtero auskalo zenbat aldiz, egia esan bertan ere ikasi egin nuen hainbat urtetan zuzenbide ez dakit zer. Baina, Donosti gero eta jator gutxiagoa da, Donosti gero eta hiri itxuroso hutsagoa bilakatu egin da, gero eta markoinkoparable gehiago, gero eta txikitako hiri gutxiago. Bai, nostalgiko hutsa eginda nago, batez ere txikitan, hara eguna familia giroan pasatzera joateaz gain, nire aitarekin alde zaharreko Casa Urolara bapo-bapo bazkaltzera edo goizean goiz bere lanarekin zerikusirik zuen edozein ekitaldira joan baino lehenago Antiguoko taberna batean tortilla frantsesa gosaltzera joaten nintzenekoa. Gaur egungo Donosti markoinkonparable peto-petoa, bai, baina... Gaitzerdi Akuarioa dugun familia giroan ere eguna pasatzera, eta horrexegatik ere, familia giroan joan ginelako, ez nion bertako inori, lagunen bati, hots egin, atzo Akuarioan bertan zein Alderdi Eder aldean gure bi basapiztien atzetik arineketan pasatu baikenuen etengabe eta baita espero bezala ere.
Eta bai, Forgesek Haitirekin egin bezala bere eguneroko marrazkian, ni ere ez naiz ahaztutzen Gazakoaz oporretan egonagatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario