Zurekin beti aholkuka, zugana beti esateko batez joka, edozein aitzakia dela medio, zuk sekula ez eskatutako aholkuak, gomendioak, zuk benetan lagunmin ez dituzun gizakumeak, egiazko konfidantzarik eman ez diezula, konpromisozko harremanak baino ez direnak, zuk beraiekin fundamentuzko ezertaz hitz egin behar ez duzuenean. Eta ez behin bakarrik, ikusten zaituzten aldiro baizik. Badute, auskalo zer dela eta, baina handiustekeria beti hor tartean, hots, euren burua edonoren aurrean eredutzat hartzeko joera bizia. Sarri askotan ez dizute inolako konponbiderik eskaini nahi. Izan ere, zure kezka edo arazoak bost axola zaizkie funtsean. Eurak zer-nolako burutsuak zein eragintsuak diren gogoratzea baino ez dute beste helbururik.
Eta zuk, jakina, eurengandik ihes egingo duzu ahalik eta lasterren euren gomendio guztioi muzin egin eta gero. Orduan, zer esanik ez, zu euren bistatik desagertu orduko zera esango diote elkarri: "koitaua, ez daki bere bizitza behar bezala konpontzen."
No hay comentarios:
Publicar un comentario