Hamaika gauza komentatzeko aktualitatearen kontura eta bat bakarra darabilkit buruan. Nire amarekin mintzatu berri naiz telefonoz eta nire 77 urteko aitak asteburu osoa marranta batek jota ohean etzanda pairatu eta gero gaur goiz-goizean ohetik jeiki, mahuka luzeko alkondara bat jantzi eta Gasteiztik alde egin duela esan dit, euripean eta hotzari zeharo ezaxola joan dela Errioxa aldean aspaldi, nolabait lanpetuta egoteko erretiratutakoan, erosi egin zuen mahasti baten bendimiaren nondik norakoak antolatzeko edo, hau da, mahatsa biltzen dioten makina eta gidaria alokatze aldera dagoeneko berandu da eta. "Ez dago bere onean" arrapostu egin diot nire amari behingoan. "Ez, seme, begiratu dut etxeko zoko guztietan eta ez du eroan inolako berokirik ez. Gainera, ziur nago ezer gabe irten egin duela nik zerbait estaltzeko eskatu egin diodalako, purrustaka nik zer edo zer esaten dion beti bezala; badakizu nolakoa den, nik ezer esan ezkero kontrakoa egin ohi du hain justu ere". Eta bai, badakit ondo baino hobeto nire aita zer nolako egoskorra den, nik inork baino hobeto pairatu egin dudalako. Badakit ia ezinezkoa dela berarekin ezer zentzuzkorik eztabaidatzea edozein txorakeria bere kasketean behin sartu eta gero berta harrizko egiten baita. Eta hobe dut gogora ez ekartzea nolatan egosten den nire aita inork kontrakoa esaten dionenean, berarekin errieta egin ezkero zer nolako egonezina sortzen zaidan gizakiaren eboluzioan haimaka atzerapauso egin bagenitu bezala. Ez dago modurik gure aitak diru-zorroko gauzez gain eguneroko bizibidekoetan ere zentzunez jo dezan, aurrenekoarekin zerikusirik ez duen oro bost axola balio bezala.
-Harrak jota dago, zaharretakoak erabat.
-Ez esan hori zure aitaz, seme, zure aita oso gaztea da oraindik.
-77 urterekin, markapauso bat daraman eta hainbat ajek jota dagoen agurezahar bat?
-Gaur egun bai.
Tira ba, ez diot ezer erantzun, agian aspaldi jabetu egin bainintzen nire guraso zaharrei, haiek niri txikitan bezala, behin eta berriro errietan egiten hasia naizela euren umekerien kontura, ni neu ere dexente zaharkitu naizen seinale. Edonola ere, zer nolako atsekabea asmatzea ergelkeria Ébola baino hamaika aldiz hilgarriagoa izan daitekeena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario