Barkamena, banabil aspaldi honetan honi buruz gogoeta luze eta ez dakit sakonak ere egiten, badut gogoan barkamenaren inguruan kontakizun bat. Badarabilzkit hainbat kontzeptu barkamenaren kontura: egiazko barkamena, behin-behinekoa, premiazkoa edo ezinbestekoa, azalezkoa, gezurrezkoa... Eta hara hor GRAND PLACE aldizkarian Felipe Juaristik idatzitako BARKAMENAZ artikulu benetan mamitsu eta gogoetagarriarekin topo egiten dudala. Oso ausarta izan behar da barkamenaz idazteko aurreiritzien herrian.
"Barkatzen duenak jakin behar du zer gertatu zaion, zergatik gertatu zaion. Azaldu behar diote, eta ulertzen saiatu behar du, erraza ez bada ere mingarri zaiguna ulertzea. Gertaera bat ulertzea da jakitea zen izan diren gertaera horren arrazoiak, baina ez du esan nahi arrazoi horiekin bat egin behar denik. Gertatutakoa ulertzeak ez du gertaera zuritzen, ez du onesten, ezta goratzen ere.
Baina bizitzen laguntzen du."
"Baldintzatzen den barkamenak "barkamen" izena merezi ote du?"
"Inork ez du barkatzeko beharrik. Alde horretatik aztertuta barkamena doanekoa da. Hala jokatzen duenak ez du ikusten barkamena eskatzerik dagoenik. Bada doaneko barkamen honen azpian ideia bat: egindako krimena ezin da mundutik ezabatu; krimen gisa ez du atzera bueltarik, eta ekintza moduan barkamenik ez badu ere, pertsonak beren ekintza baino gehiago direlako, barka dakioke krimena egin duenari."
BARKAMENAZ - Felipe Juaristi (Grand Place aldizkariko artikulua)
No hay comentarios:
Publicar un comentario