viernes, 14 de noviembre de 2014

KAFETERIA


Goiz goizean jeitsi naiz nire gurasoen etxeko sukaldera kafea egitera. Orduan italiar kafe-makina zaharrari erreparatu diot: ez du kirtenik, ez da behar bezala irekitzen, ez dago ia modurik makinari eusteko eskuak erretzeke. Honez gain, sukaldeko bitrozeramika ibili badabil, bai, baina mutur batetik bestera pitzatuta dagoela ere jabetu naiz. Gauzak horrela nire inguruari ere erraparatu diot: ia dena izorratuta dago nire gurasoen etxean. Bai, begiratua edonora luzatzen duzula zerbait puskatuta, matxuratuta topatzen duzu halabeharrez, ez baldin badira leihoetako zurezko pertsianak, gehienak erdi ustelak, edo hauek igotzeko uhal zirtzilduak, badira, haatik, etxeko ate gehienetako maratilak edo kisketak -hitz hau gogokoago dut erdaraz ere erabiltzen dugulako- torloju barik edo eskuan erdi zintzilik geratzen zaizkizula. Areago, etxeko tramankulu guztiak -telebista izan ezik- ez dabiltza edo ez dute behar bezala egiten, berdin dio bilobei ez duela asko erositako jostailuak diren edo gure komuneko dutxa bera, ia denak matxuraturik edo erdipurdika. Izan ere, aurrean dudan berogailuko teklak zein argia apurtuta daude eta ez dago modurik piztuta edo zenbat gradutan dagoen asmatzeko. Azken hau gauza benetan larria zeren eta nire gurasoenean itzelezko hotza egiten baitu mendi inguruetan kokatua dagoen aldetik, eta jakina, gaseko galdarak ez du behar bezala berotzen edo berotzekotan berdin dio beroak etxeko leihoetatik ihes egiten baitu nahitaez inguruko mendietarantz eta. Eta noren errua da, nire gurasoen adinarena bakar-bakarrik? Adinarena ez, baina bai nire aitamen bizi neke handiarena. Gure ama dago gaixo oso gaztetatik, bizkarrezurrean hainbat operazio jasotakoa, beste hainbat ajek jota ere, bere gorputz erpilean errukigabeki pilaturiko ajeak, gainera ez da sekula behar bezala sendatu inongo eta inolako operaziotatik, betiere muzin egin zion sendagileek eman zizkioten aholkuei behar bezala sendatzeko, "lan egin behar zuela ezinbestean", "ezin zela geldi egon" betiko aitzakia; izan ere, nire ama ospitaletik etxeratu berria gauza zen biharamunean ehun kiloko loreontziak mugitzeko kosta ahala kosta "ez baitzuen batere gustuko inori laguntzeko eskatzerik". Gure aitari dagokionez, zer esan ez baldin bada berak maiz esaten duena bera: "bizi osoan lanean jo eta ke eta erretiratukoan besterik egiten ez dakizula jabetzen zara bat-batean", eta horrexegatik ere lanean darrai su eta gar, hau da, hirurogeitaka urte beteta ere. Hori dela eta, nola ez hartu gogoan nire gurasoen etxeak pairatzen duen gainbehera bizitza oso batena ere dela, asperrak edo nekeak eraginda baina etxeko zoko eta zirrikitu guztietan atzematen dena nire berebiziko atsekabe zein egonezinerako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...