lunes, 5 de marzo de 2018

LEIHOTIK KALERA BEGIRA


"Istilu ikaragarriak suertatzen dira hirian nonahi. Ezin naiz kalera jaitsi auzoko haurrekin jolas egitera, arratsaldero bezala gure etxeko espaloian. Arriskutsuegia omen da, behin baino gehiagotan hiriaren erdigunean ia egunero ospatzen diren manifestazioak gure etorbideraino iristen baitira. Atzo bertan poliziak tiroka bost langile hil eta ehun inguru zauritu zituen, auzo bateko elizan ikasle eta langileen arteko bilkura bat galarazteko. Nire gurasoak samindurik zeuden oso. Egia esan, nagusi guztiak oso atsekabe edo haserre omen daude, nire gurasoen senitarteko zein adiskideek beste hizpiderik ez baitute etxera datozela; “ez dago eskubiderik, denok garbituko al gaituzte?”. Orain dela pare bat egun edo, nire aitak hiriko katedral berriaren ingururaino eroan ninduen bertan poliziak tiroz hildakoen hileta ospatzen zen eta. Gure amak ez zuen nahi inondik inora ni haraino eramatea, bertan jende andana egongo zelakoan. Ez zen, ez, berak zioenez, ni bezalako zazpi urteko umemoko batendako lekurik egokiena. Hala ere, katedralera bidean gindoazela aita eta biok, ni bezalako umemoko pila ikusi nuen euren aitaren eskutik oratuta. Katedralaren sarbide nagusiaren inguruko harmailetan geundela ezin ginen, ordea, nahi beste hurreratu hiriaren erdigunean zehar hildakoen lankideek sorbalda gainean zeramatzaten zerraldoen segizioa gure sudurren aurretik pasatzen ikuste aldera. Jendetza itzela zegoen gure aurrean, bertako ia denak marmarka poliziaren balizko eta ezusteko agerpenaren kontura, euren eta batez ere gobernuko barne ministroaren kontrako aldarriak etengabekoak baitziren, baita herriaren mendekua argi eta garbi, eta gero eta ozenago ere, eskatzen zutenak. Zerraldoak iristear zeudela, berriz, isila nagusitu egin zen. Orduantxe, gure aurreko jende arteko zirrikituetatik zerraldoak pasatzerakoan, nire aitak eskua estutu zidan gogor, doi-doi min egiteraino. Areago, ondoko askok ukabilak altxatu ahala, nire aitak gero eta gogorrago estutzen zidan eskua. Hala ere, ez nintzen kexa egitera ausartu, bat-batean hedatu eta izugarri zurrundu egin zen, isilak galarazi zidan eta. Nire aitari begiratu baino ezin nion egin. Haren musuari erreparatu nion, hunkituta zegoen. Orduan, ez dakit nik oso ondo zergatik, ni ere hunkitu egin nintzen.

-Denok garbituko gaituzte ala?

Nortzuk ziren denok? Katedral inguruko hiletara joan aurretik aitari aditu nion bost hildakoak langile hutsak zirela, alegia fabriketan lan egiten dutenetarikoak, gure izeko Agedaren senarraren modura, lanabesak egiten zituen lantegi batean ziharduen Asturiasetik etorritako gizontxo jator eta berritsua. Nire aita bazen ere langile fina eta porrokatua, berak etengabe aldarrikatu ohi zuenez, inongo lantegian lan egiten ez zuena baina. Hala ere, bazuen gustuko ere oso bestelako langilea zela azpimarratzea, buruzagirik gabekoa, bere kabuz lan egiten baitzuen gure etxean antolaturik zuen ile-apaindegian, behar beste orduz orrazi zein eskuko lehorgailuari atxikita, etxeko gastuak eta ordaindu ahal izateko. Madrilen maisutza industriala ikasi zuen garaitik, hain zuzen, gogoan zuen pelukeria akademia irekitzeko asmoz aurreztearren. Gure aitak ez zuen beste inorendako lan egin nahi, berak zioenez bere leinukoek sekula ez zuten halakorik egin. Bestalde, denek lan egin behar zuten gogor, dela euren nagusiengandik jauretsitako lursailetan su eta gar, dela ekinaren ekinez erosi zituztenetan, etxeko ez zuten inoren ordainpean lan ez egitearren.

-Beste inork zapaldua ez izateko zure lanaren jabe izan behar duzu, bestela akabo, bestela boteretsuen makurkerien mendeko bihurtzen zara; gizon osoa izateko, gizon librea izan behar.

Eta baldin bazegoen boteretsuen makurkeriak ezin errukigabeago edota gogotsuago babesten zituen zerbait, hori zen heldu guztien ahotan zegoen diktadura hitza. Endemas, gure osaba Keparen hitzetan, gure hiriko auzo hartako elizan gertatutakoa gure hiriko langile mugimendu indartsuaren antolaketa eragozteko propio antolatua omen zen, Madrildik bertatik, baita langileek joandako asteetan herritar guztien eskubideak zapaltzen zituzten diktadura eta enpresaburu diruzaleen aurka deitu eta erabateko jarraipena lorturiko greba orokorra indarrez bertan behera utz zezaten ere. Gauzak horrela, dohakabeko egun hartan eta goizeko lehen orduetatik hasita, poliziak manifestazio guztiak gogotik erreprimitu zituen. Arratsaldeko bostetan berriz, auzuneko elizan langileen batzarra egin behar zenean, suertatu zen sarraskia; Polizia Armatuak —grisak— elizan sartu ziren abadearen ohar zein erreguei muzin eginez, eta langileak irtenarazi zituzten gas negar-eragilea erabiliz, nahiz eta esparrua itxia izan. Eliza husterakoan, langile ugari jipoitu zuten. Hala ere, iskanbila nagusitu egin zen poliziak pistolaz eta metrailetaz tiro eginda ehundik gorako pertsona zauritu eta, guztiz lazgarriena izan zena, aitaturiko bost langileak hil zituenean. Haietariko bi, tokian bertan hil zituzten; beste hirurak, ostera, zauri larrien ondorioz hurrengo egunetan hil ziren ospitalean.

-Ikusten? Ez dute ezertan erreparatzen, mugitzen den edonori tiro egiten diote. Denok garbitu nahian dabiltza eta.
Arratsaldero bezala ere nire aitaren eskutik irteten nintzen hirian barrena paseatzera. Egun haietan, aldiz, bagenekien ez zela batere komenigarria erdiguneraino hurreratzea, istiluak nonahi eta noiznahi sortzen baitziren, gehienak ere ia ustekabean. Izan ere, langile mugimenduak antolatu eta deituriko manifestazioez gain, sarri askotan ere istiluak sortzen baitziren hiruzpalau gizakumetik gora kale erdian bildu orduko, batez ere Alde Zaharretik gertu-gertuan egotekotan, badaezpada, eta betiere edozein huskeriaren kontura, gehienetan begiratu makur baten erruz poliziaren lechera bat euren paretik pasatzerakoan edo.
-Begira putakume horri, bai ausarta, bai, pistola eskuan manifestariei mehatxuka!
Auskalo nork dakien zein zuhurra zen nire aita, arratsalde egun haietan erdiguneraino eramaten ninduela manifestari eta grisen arteko liskarrak gertutik ikusteko, batik bat gure amari istiluotatik hainbat urrunen joateko agindu eta gero. Ikuskizun benetan zalapartatsu eta batik bat arriskutsua ni bezalako umemoko batentzat, sarritan poliziaren gomazko pilota zein kezko boteetatik ihesi zihoazen manifestariak guganantz arrapaladan jaisten baitziren Alde Zaharreko aldapetan behera gure gainera oldartzeko arriskutan. Beldurrak geunden, bai, nire aita eta biok, baina aitari erreparatu baino ez nion egin behar zein neurritan zegoen asaldaturik, poliziarekin gero inoiz ez bezala benetan erresumindurik, gure begien aurrean gertatzen ari den guztiari amorrazioz begira.

-Asasinoak!

Egun batzuk geroago, Manuel Fraga Iribarne eta Rodolfo Martin Villa ministroak gure hirira heldu dira. Biak jotzen dituzte sarraskiaren erruduntzat. Biok, Guardia Zibilaren zuzendariarekin batera, ospitalera joan dira zaurituak bisitatzera, nire aitaren aburuz haien aurpegia garbitze aldera. Kalean, haatik, egundoko istiluak sortu dira behin eta berriro, bi ministroen itxurakeria salatzeko asmotan. Badirudi istiluok hain handiak eta bortitzak izan direla ezen sekula baino polizia gehiago oldartu baitzaie manifestariei. Izan ere, sirena-hotsak gero eta ozenago entzuten dira gure etxetik, manifestariak gu bizi garen etorbideraino lasterka eta moltsoka iritsi ahala. Koitaduak, nik esango nuke beldurra sumatzen zaiela begitartean gure leihoaren azpiko espaloiraino arnasestuka iritsi eta atzera begiratutakoan direlako grisak ere haien atzetik korrika datozela ikusi dituztenean. Orduan bai, izua inoiz baino ageriagoa azaldu da kalean ihesi dabiltzanengan zein leihoetatik begira daudenen deiadarretan. Ez da gutxiagorako, grisen furgoiak azaldu egin baitira ia oharkabean etorbidean, sirenak garrasi, eta berehala jaitsi dira hauetatik kasko eta ezkutuz ondo hornituriko polizia andana, eskuetan porrak eta gomazko pilotak zein kezko boteak jaurtitzeko eskopetak daramatzatela.

-Uztazue gazte gaixo hori, ez dizue ezer egin, koldar alaenak!

Orduantxe, zoro moduan korrika zihoala behaztopatu, lurrera jausi eta bertan hiruzpalau grisek inguraturik datzan gazte ihar tximatsu bat ikusi berri dut gure leihoaren azpiko espaloian. Berari jo eta ke kolpeka ari ziren poliziak euren porrekin, baita ostikoka ere. Are okerrago, artean polizia batzuk hasi dira euren gomazko pilota-jaurtigailuekin tiroka, lurrean eroritako mutikoari egundoko jipoia ematen diharduten agenteenganaino aldarrika hurbiltzen ausartu diren oinezko batzuei. Gris batek oinezko suminduotariko bat paparrean jo egin du gomazko pilota batez; lurrera erori da zerraldo. Ondoren beste gris batek tiro egin du berriro, oinezkoek begiak estali dituzte atoan– badaezpada, azken egunotan manifestari batek baino gehiagok begi bat galdu egin baitu gomazko pilota baten erruz-, eta arineketan egiteari ekin diote ziplo. Gure amak ezin izan du gehiago jasan, gehiegizkoa (demasekoa) iruditu zaio, benetan onartezina, eskandalagarria. Horrenbestez leihoa zabaldu, burua luzatu eta bera ere agenteei aldarrika hasi da ozen-ozen.

-Uztazue gazte gaixo hori, ez dizue ezer egin, koldar alaenak!

Zerraldo eroritako gazteari paparrean tiro bat jo egin dion grisak berak gure amari luzatzen dio gomazko pilota jaurtigailua, kargatu berria omen du.
-Barrura sartzeko, emakume! –mehatxu egin dio poliziak eskopetaz.

-Zoazte denok popatik hartzera, gaizkileak, zuek zarete gaizkile bakarrak!

-Barrura sartzeko! –poliziak katuari eutsi eta gure amari tiro egiteko imintzioa egin du.

Orduan gure aitak besotik oratu eta barruraino bultzatu du gure ama. “Txoratuta al hago, ala gura al dun txakur horrek hiri ere begi bat ateratzea?” Gure aita bere onetik at zegoen. “Zer dela eta arriskatzen haiz hain modu txoroan, emazte?”, galde egin dio orain dela pare bat egun edo manifestari eta grisen arteko liskarrak gertutik ikustearren Alde Zaharreraino eskutik oratuta eraman ninduen gizonak."

Argitaragai dagoen ASPERRA izeneko ipuin sortaren LEIHOTIK KALERA BEGIRA ´Txema Arinas

No hay comentarios:

Publicar un comentario

IRUINSEME EUSKARAFOBOA

        B adago nire Iruña maitian iruinseme prototipo bat oso-oso bitxia, xelebrea, egia esanda benetan ernegagarria, euskal argitaletxe ba...