Ni ere nire buruarekin nekatuta, aspertuta, nabil, batik bat harresi honetara ekartzen dudanarekin. Zergatik nago hemen? Hainbat motiborengatik; lehenik eta behin, gauzak argi eta garbi esan beharra baitago, nire burua ezagutarazteko, bigarrenik hemen ezagututako lagunen idatziak irakurtzeko zein elkarri iruzkinak eta egiteko. Hirugarrenik, egunean egun zertxobait idazteko asmotan nola edo hala trebatzeko aitzakiaz, baita nire burua nolabait egurasteko ere, agian zenbait barne kezka arintzeko. Halere, horrekin batera badakit lagun edo facekide asko aztoratzen eta batez ere uxatzen ditudala, hori baita nahitaez suertatu ohi dena zure iritzia onerako ala txarrerako ematen duzunean. Izan ere, ez dago beste egiterik zuk gogoan daukazuna hizpidera ateratzen erabakita. Usteak uste, eta nik zenbait arlotan oso uste sendoak ditut, edo gutxienez eduki nahi ditut; esate baterako, ETArekin zerikusirik duen orotan; ezin dut jasan, besteak beste oso gertutik bizi izan dudalako, bai, euskal hiritar gehienen modura, gure aberria asko eta askoren borondatearen kontra indarrez, erailtzen askatu nahi zutenen bidegabekeria. Eta badakit, nola ez, garai zaharretako eskarmentua gogoan, halakoetan nabarmentzea betiere okerrerako dela. Hortaz, horretan ezin dut eztabaidea saihestu, gainera ez dut nahi. Badakit beste batzuek baietz, aukeran eta etengabean bazter utzi nahiago dutela, besteak beste inorekin ez etsaitzearren. lasaiago bizitzearren. Eskubide osoa dute, jakina. Nik aldiz ezin dut halakorik egin, baliteke oso ahoberoa naizelako, askorendako artaburu handia, oso odolberokoa ere bai, sarritan gauzen neurria galtzeraino. Baina, orain ez nabil aitzaki-maitzaki, zintzo jokatzen saiatzen baizik; berritsu galanta naiz, txitean-pitean, edonorekin eztabaidaka ari naizela, badakit behin baino gehiagotan behar edo komeni baino gehiago berotzen naizela zakar eta makur jokatzeraino. Gerora, jakina, damutzen naiz, askotan behingoan. Atsekabetzen nau horrela jokatzeak, bai, izugarri, eta gorago esan bezala, badakit lagunak-eta, gainera benetan estimatzen ditudanak, etengabe galtzen ari naizela nire egoskortasuna dela kausa. Egia esan, nire buruari agindu ohi diot epelduko naizela, debaldeko eztabaida, matraka guzti hauek alde batera utziko ditudala barre egiteko moduko gauzak baino ez idazte aldera, irakurtzen nauten lau katuak zein ni neu, beharbada ni neu inor baino lehen, dibertitze aldera. Alabaina, zer nahi duzue esatea, jakin badakit ete, beti gogoan izaten dut alakranak igelari esandakoa ibaia bere gainean zeharkatzerakoan ezten egin zionean: "Nire izaera da." Desenkusa galanta? Bai, duda izpirik gabe. Egia bakarra baldin bada, denon gogokoa ezin izan garena da, ez eta asmo apurrik ere!
lunes, 7 de febrero de 2022
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario