Juanjo Olasagarreren MAMU ERATORTZEKO MODUAK nobelari buruzko zenbait hitz: https://blogak.eus/.../mamu-eratortzeko-moduak-juanjo...
Erronka hantxe gelditu zen, irakaslearen eta ikasleen artean, eta ematen zuen ez zuela inork jasoko, ikasleek isilik jarraitzen baitzuten, itzalak etengabe haien artean mugitzen ziren bitartean.
Benga, labur dezagun duela hamabost egun esandakoa? Zer izan zen ETA?
“Vaya punto rollo!” entzun zen ikasleen artetik.
Itzalen joan-etorria gelditu eta osatzen zituen lainoa mehetu egin zen ia erabat transparente bihurtzeraino.
“Sí, tío, puto rollo!”
"Callaos, ez da puto rolloa" bereizi zuen Itziarrek txanorik gabeko neska bat, "hori gertatu egin zen".
"Ya, baina hace un montón de tiempo! Guri qué nos importa!"
Irakasleari ikusten zitzaion pozikzeogela eztabaidarekin eta gehiago xaxatu zituen.
"Zergatik uste duzue pasatu dela denbora asko eta ez zaizuel inporta?" galdetu zien, berriz ere, erdi adar joka, erdi erronkan. "Zergatik, Markel?" zuzendu zitzaiom txano eta elastikoaren kolore biziengantik bereizten zen mutil bati.
"Porque no!" erantzun zuen Markel delakoak, lakar, "porque pasó hace mucho tiempo, antes de nacer nosotros. Porque tenemos que oír este rollo cada año".
"Markel, egin ezazu euskaraz, mesedez! Berriz ere esaten dizuet, 20 urte baino ez dira, egia da zuek ez zinetela oraindik jaio, baina 40 urteko gatazta armatuak bizitza asko ebaki zituen, ilusio asko hautsi".
"Bai" bota zuen Markelek txanoa kentzen zuela, "baina guk ez daukagu ezer ikustekorik horrekin. Eta kristoren txapa sartzen diguzue. Haiel gutxienez borroka egin zuten!" argudiatu zuen haserre antzean Bizkaiko euskaraz.
Itzalak laino zerrenda arin bat ziren, ia desagerturik, ikasleen artean hutsunea utzita. Irakasleak zitzilik utzi zituen Markelen hitzak, besteak xaxatuko zituelako esperantzarekin. Saldo arraroa osatezen zutela pentsatu zuen Itziarrek, eta ez zeudela inon, ez irakaslea, ezbera ere. Halaxe ematen zion aditzera biribilgune desertu hark.
"Gure aitak esaten du euskaldunok okertu egin ginela, jende pila hil zutela, eta horrek gure kontra jarri zuela Espainiako jendea" mintzatu zen zen ausardiaz txanorik gabeko neska.
"Oso ondo, Miren" animatu zuen irakasleak. "Beste iritzirik?"
“Y si no te dan lo que pides? Orduan zer egin behar da? Ze eskatu zuten bonbarik jarri gabe, baina ez zieten eman" argudiatu zuen Markelek.
Baina ez zaizu iruditzen, Markel, Mirenek esan bezala, ETAk independentzia nahi bazuen, lor zezakeela beste bitarteko batzuen bidez?"
"Ez zieten man" bota zuen Markelek.
Eta isildu egin zen. Luze egin zitzaion Itziarri irakasleak hitza hartu arteko tartea.
"Bueno, esan dizuedan bezala, aurreko astean emakume gazte bat eta guardia zibil bat hil zituzten tokian egin ginen. Gaur hiltzailea izan nahi zuen hildako baten istorioa jakiteko etorri gara hona. (34-35 orr.)
MAMU ERATORTZEKO MODUAK - Juanjo Olasagarre
Nago, berez idazberokeria handia dela ondo asko aitortuta ere, hona ekarritako pasarte luze hau Euskarazko Literatura osoko errealistena dela, agian gordinena ere bai, ezin hobeto islatzen baititu, bai euskal gizarteak ETAren erantzukizun historikoarekiko dituen jarrera ezberdinak, bai euskaldun (ikastokume) gazte asko eta askoren egiazko hizkuntza jokaera gero eta sendoagoa, batik bat hiriguneetan. Gauza benetan bitxia inork gutxik hain agerian utzi baitu euskal gizarteak, duela hamar urte ETAk armak bertan behera utzi eta gero, bizi duen dikotomia benetan larria. Alde batetik ETArekin zerikusirik duen oro hainbat arinen ahazteko joera, "ezer gertatu ez balitz bezala", edo bestela esanda, garai latzek kendutakoa edo eragotzitakoa arin-arinka berreskuratzeko, berehalaxe, aspaldiko partez, gozatzeko, irrikan, eta bestaldetik hamarkada guztiotan gertatutakoa behar bezala biltzeko eta hausnartzeko premia, batez ere belaunaldi berriei irakasteko asmotan, inork inoiz ahatz ez dezan. Biotatik zein den gehiengoaren jarrera eta zein gutxiengoarena ebaztea oso erraza da, ez dago idatzi beharrik.
Zorionez, azken hamarkadotan gertatutakoari buruz gogoeta egiteko, ETAk gure bizitzetan izan duen eragin zitala eta batik bat egindako min eta kalte guztiak gogoratzeko, Juanjo Olasagarrek idatzitako Mamu eratorze moduak bezalako nobelak ditugu. Zer dela eta? Historiaz gain, literatura ere ezinbestekoa delako iraganera jakinminez begiratzeko, hau da, datu zein zenbakietatik haratagoko ikuspuntu pertsonalago, minago, menturaz sakonago, eta betiere ausartago bat eskaintze aldera. Izan ere, Olasagarreren nobela delako euskal gatazkari buruz idazteko saio benetan, izugarri, adoretsua da haututako bide narratiboa oso korapilatsua delako kontakizunaren egituraren aldetik, baita oso metaliterarioa ere, tarteka-marteka nahasteraino edo.
Hartara, ETAk hildako emakume gazte bat, Itziar Amezaga, dugu protagonista, hilen artetik bizitzara bueltan bere hiltzaileei kontu eskean. Itziar Amezagaren mamuak bere ezbeharraren errudunen iragana zein oraina uztartuko ditu, dela Jon Ander etakidearenak, dela Itziarren nebarenak, Ander mutil lagun ohiarenak, Itziarrekin batera asasinatutako guardia zibilaren Mertxe izeneko alargunarenak eta abar. Edonola ere, pertsonairik behinena Itziarren heriotzaren erantzulea den Jon Ander etakidea dugu, berak istorioan zehar azalduko dizkigun nondik norako pertsonal, ideologiko zein sikologikoei esker euskal gatazka delakoak utzi digun giza paisaia erreari erreparatzeko aukera ezin hobea, baita oso eztabaidagarria ere, izango dugu, alegia. Laburbilduz, bi mamu izango ditugu elkarren aurrean, egiazkoa, hau da, hildako Itziarrena, eta alegiazkoa, espetxetik irtendakoan jitoan doan bizi berri bati aurre egin behar dion Jon Anderrena. Honez gain, bi mamu hauek, ETAren biktimarena zein berau hil zuen etakidearena, atentatuaren beste errudunen bila joango dira, bigarrengoa lehenengoaren ahotsak xaxatuta. Halere, ez zaizkie joango Itziarren atentatua burutu zuen taldekoei kontu eskean bakar-bakarrik, hauek hiltzeko asmotan ere bai, betiere Itziarren mamuaren ahotsak Jon Anderri aginduta. Gauzak horrela, Jon Anderen eskutik Olasagarreren herri mitiko-literarioan, Lekunberri-Aranatzen, bizi den taldekide ohiaren nondik norakoen berri izango dugu, betiere irakurleak berak kontuak atera ditzan aukera emanez.
“Kontatu diok ETAkoa izan haizela? Hitz egin diok sozialismoaz? Galdetu nion andrea seinalatzen niola.
Mutu eutsi zidan begirada, andreak berea bilatzen zuen bitartean.
“Ez diok esan orduan guardia zibil bat eta emakume gazte bat hil genuela?” (92 orr.)
Gordina, bai. Are gordinagoa ere Jon Anderrek Gasteizen Felix Mendoza etakide berbontziarekin, Mendezu, topo egiten duenean, hau da, urtetan kartzela berean, eta askotan modulu berean egondakoarekin. Mendezu, berak ez bezala, hemeretzi urte bete beharrean zortzi urterekin kalera irten eta politikan hasi zen Ezker Abertzaleko ordezkaria da; potoloa bezain gogoeta/erakusgarria da berarekin egiten duen solasaldia.
“Saldu egin gaituzue, eta, esanen nikek, biktimak ere saldu egin dituzuela. Biktimek ere nahiago izango zitean hura dena txinparta handiagoekin bukatu izan balitz”.
“Biktimak? Txinpartak?” erantzun zidan. “Zer esaten ari haiz? Biktimak biktimak dituk ez dugulako irabazi, bestela independentzia eta askatasuna gauzatzeko beharrezko sakrifizioak baino ez zituan izango, eta familiez aparte ez zuan inor ere akordatuko. Estatuaren bat izanen zitean bazterren batean, eta igual, oso estatu demokratikoa izango ginenez, urte batzuetara halako omenaldi bat egingo geniean: eta kitto. Horiek izango zituan txinpartak”. (106 orr.)
Berriro diot, dena oso gordina, potoloa, beharbada behar bezainbestekoa, eta betiere irakurleak berak pertsonaion jokabidearen kontura gogoeta egin atera dezan. Egia esanda, ezin dugu besterik espero gaia aintzat hartuta. Izan ere, euskal gaztazka delakoarekin inguru-minguru, zeiharka, oin puntetan ibili ezin garelakoan nago, harira jo behar dugu ezinbestez arinkeriaz edo itxurakeriaz ez jokatzearren.
Gauzak horrela, nere buruari galdetu beharrean nago Olasagarreren nobelari balio dion mamuen baliabide literarioak, baita fikziozko idazle erdaldunaren baliabide metaliterarioak ere, nola edo hala sobera begitantzen zaidana, ez baldin bada auskalo zer nolako erdal idazle motaren parodia egiteko asmoz. Ez al du dena behar baino gehiago aldrebesten? Literarioki edozein istorio jorratzeko oso goxoa eta ganorazkoa dela dudarik ez; baina, darabilgun gaia kontuan hartuta mesede ala kalte egiten al dio? Ez dakit, duda-mudatan nabil beti bezala. Esan behar dut Itziarren mamuarenak -Dickensen Gabonetako Ipuina edo Juan Rulforen Pedro Paramo alde batera lagata, noski- Joyceren The Deads ipuina gogora ekarri didala ia ustekabean. Joyceren ipuinean Gabriel Conroy protagonistak bere emaztea aspaldi hil zen Michael Furey maitale ohiaren mamuak jabeturik dagoela asmatzen du. Gaia, ordea, dublindarren gorabeheretatik haratago doa, galdutako amodioaren ingurukoa jorratzen baitu. Ez du, beraz, The Dubliners liburuko gainerako ipuin gehienetan nola edo hala suertatzen den bezala, hain kutsu lokalik, erabat unibertsala dela baino. Mamu eratortzeko moduak nobelan, aldiz, euskal gatazkaz ari gara etengabean, nolabait ere gurea bezalako gatazka bat pairatu duten beste alderdi batzuetara alda daitekeela ahaztu gabe, noski; baina, hala eta guztiz ere, eta betiere irakurleak bere buruarekin zintzo jokatzekotan, dagoeneko dexente, ez baldin bada itzel, aztoratzen eta aspertzen duen gaia delako. Bai, euskal gatazka oraindik ere pil-pilean dagoen ika-mika da, batez ere ETA arian zegoeneko urte guztiotan gertatutakoari buruzko kontakizuna egiterakoan. Bestela esanda, gaia hain gertuko dugu ezen begibistan dagonenetik haragoko kontu edo gogoeta gehienak debalde daudela ematen duen. Kasu honetan, hasieran nabarmendutako pasartea hain gordina eta borobila da, hain zehatza eta zorrotza gurean pil-pilean ere dauden jarrera ezberdinak erakuste aldera, ezen nobelaren gainerakoa zauriaren gainean zirikatu bezala begitandu egin zaidan, oso ikuspuntu berezi, dotore eta landu batetik kontatua, noski; baina, hamaika aldiz lehenago agerian ikusitako zauria, batik bat -berriro diot, agian dena oso gertu dagoelako- izugarri mintzen duen zauria, oraindik ere gaiaren inguruan dagoen ezadostasun negar/ lotsagarria nabarmentzen duelako. Alabaina, aitor dut hau guztiau nire ustea bat baino ez dela, nire mamu propioekin zerikusi zuzena duena, batez ere aurreneko ikakurketa baten ondorioa gaiaz aldez aurretik asebeteta, atsekabetuta, aspertuta, nagoelako. Bada, beraz, uste ustela, zeharo, egiatan Mamu eratortzeko moduak nobela oso irakurketa aproposa delako, batez ere maisukiro idatzita –nola ez Juanjo Olasagarreren hizkera hain txukuna eta doia ezagututa- eta ezer baino lehen benetan originala. Bada ere premiazko irakurketa bat ditxosozko euskal gatazkaren nondik norakoei eusteko, nik neuk ditudan aurreiritziekin parekatzearren, menturaz ere nobelan bertan biktima zein borreroei buruz kontatzen digunaren harira nola den posible hainbat eta hainbat euskal idazle ETAren buruzagi ohi odoltsu baten aldeko gutun bat sinatzea euren gremiokoa delako aitzakia ulertu ahal izateko, eta betiere aintzat hartuta sekula antzekorik egin ez zutena ETAk mehatxatu eta erasotu zituen idazle zein kulturagileen alde. Horrenbestez, ez dut zalantzarik Mamu eratortzeko moduak gerora berrirakurtzeko liburu ezinbestekoa denik. Azken buruan, gerora ere denok hainbat berrirakurketa egin behar izango ditugu halabeharrez.
Txema Arinas
Uvieun, 2022/02/10
No hay comentarios:
Publicar un comentario