EZGAITASUN TEKNOLOGIKOA
Gaur teknonologiari esker ia denak inoiz baino errazagoa, arinagoa, eskuragoa, ematen du. Bai, egia da hein handi batean, gaur egun teknologiak gauza pila errazten digu sekula ez bezala. Hala ere, teknologiak badu alde benetan ilun eta biziki etsigarri bat; "ezgaitasun teknologikoa", hau da, teknologiak ustez errazten dizuna, areago, gaur teknologikoki nahitaezkoak diren izapide asko eta asko gauzatzeko gai ez izatea. Zer dela eta? Izapide asko eta asko online egiterakoan, pantaila aurrean zaudela, antza dena hain erraza eta arina, eta hala eta guztiz ere, beti, baina beti-beti, zeozer suertatzen zaizulako ez dakizula nola egin, bete, gainditu, zuzendu edo dena-delakoa. Baldarra naizelako? Baliteke, noski; baina, aipatutako izapide teknologikoak administrazioarekikoak direnean, ia ez du sekula huts egiten, betiere arazoren bat suertatu ohi da delako izapidea behar bezala burutzen eragozten dizuna, eta honekin batera zure gogoan sortarazten dizun ezgaitasun sentimendu sakon zaur/etsigarria, zeharo gogogabetzen zaituena, bizitzeko gogoa ere makaltzen dizuna, bizian noraezean uzten zaituena, hondoa jotzera bultzatzen zaituena... Edozelan ere, aitortu beharrean gaude delako ezgaitasun teknologikoa oso larria suerta dakiokeelako ni bezalako gehiegikeriazale peto-peto bati. Horrexegatik ere nire kexa, arrangura, luzatu nahi diot ez dakit nori, baina, aizue, munduaren jabeok, analogikoa ez da hain txarra, edo bestela esanda, telefonoaren bestaldean hezur eta mamizko gizanabako bat laguntzaile izatea beti komeni da, beti, ondo asko jakinda ere hezur eta mamizko langile guztiak kalera botatzeko asmotan zaudetela, sasikume kapitalista alaenak!

Comentarios
Publicar un comentario