viernes, 13 de julio de 2012

AZALA


Bart berriro amesgaizto bat, berriro bart ohean iraulka izan ninduen pitokeria galanta. Banengoen Gasteizen, noski, nire lokamuts ia guztiak bertan suertatzen baitira, ez dakit nik zer dela eta, nire kasketeroari galdetu behar, Avenidako etxean, txikitakoan, koskortu nintzenekoan. Pisua, berriz, ikaragarri handi eta zabala omen zen egiazkoaren aldean. Ez zegoen apenas altzairurik, eta nabarmenena, pareta guztiak txuri-txuriak ziren, pintatu berriak ote. Ama zegoen nirekin, etxea garbitzera -eta etxea garbi-garbi zegoen, alegia- etorri behar zen neskamearen zain. Noiz etorriko galdezka, larri-larri etxea haren ustez zikin-zikin zegoelako, betiko lez, haatik, berarentzat sekula ezer ez baitago garbi, beti egoten da zer edo zer garbitu beharrekoa, patologia hutsa, oso arrunta gainera.  Neskamea laster heldu, amak berehala hamaika agindu eman eta berarekin batera amak garbitzeari ere ekiten dio, badaezpada, sinetsita neskame gaixoak ez duela behar adina denbora etxea txukun-txukun uzteko.

Orduan ate joka ari den ingeles batekin topo egiten dut, gizon erkin, garai, sudur luze-luzekoa, ilehoria eta oro har azeri  aurpegiera izugarria duena, ez zait batere atsegina, ez naiz fido, sasiko galanta begitantzen zait. Nire aitaren partetik datorkigu, ondoko buelgoa alokatu egin dio aitak, ez dakit nik zer negozio mota jartzeko asmoarekin, bera ere bulegoa txukundu beharrean dago, giltzak eskatzera etorri zaigu. Ni banoa kalera zerbait hartzera ama neskamearekin batera etxea garbitu bitartean. Itzultzen naiz, zera dakusat, nire ama garbiketan bakar-bakarrik dagoela, belauniko gainera. Non dago neskamea? Ingeles gizon batek eskatu egin zidan berari laguntzeko zure aitak alokaturiko bulegoan, ileapaindegia genuenekoan. Ezin sinetsirik noa txikitan ileapaindegia genuen alboko lokalera. Ate joka ari naiz luze, gero eta erresuminduagorik, ez dit irekitzen kabroi aluak, baliteke nahi ez izatea, ostrukarena egitea, baina ni ateaz bestaldean norbait ez dakit zer narras-marras dagoela ondo asko entzuten ari naiz.

-Neskamea (izen bat diot baina hemen ez dator kontura, noski)? -galdetzen diot ingelesari.

-X??? Ah bai! Hemen dago nirekin, lanean jotake, oso langile fina, saiatua, trebea ere, eskatuko diot itzultzeko beste behin.

-Zeeeer? Baina ez al zegoen nire amarekin gure etxea garbitzen? Nik dakidala ez dute bukatu, nire amak bertan darrai lan ta lan.

-Lasai, pare bat orduz besterik ez, gero itzuliko da zure amarekin -erantzuten dit irribarre luze batez eta bizkarrean zaplasteko bat emateko imintzioa eginez, saihesten dut, jakina, betozkoa ere jartzen diot.

-Zu txoratuta al zaude, nire ama etxean belauniko dago eta zuk badaramazu gure neskamea?

-Haren premia dut zure aitak alokarutiko bulego hau txukuntzeko, atontzeko, bestela ezingo dut nire negozioa martxan ipini, eta orduan ere ezingo diot zure aitari ordaindu...

-Eta zuk ordaindu al diozu neskameari zuri lan egiteko? 

-Ez, ez nuen uste beharrezko zenik, zure aitak baimenduko zidaken ziur asko.

Gero eta ezin sinetsiagorik, errieta ederra dugu, denetarik leporatzen diot, zelako azala tipoarena, zelako harropuzkeria, arduragabekira, guganako destain ageri-ageria, nazka ikaragarria ematen dit ingeles zaplastaka hastekotan nago.

Honezkero, amesgaizto gehienetan bezala, ezustean itzarri nintzen gau erdian. Gaueko bostak aldera ziren, orduz gero doi-doi egin dut lo, eta amesgaiztoa zela medio burua etengabe jirabiraka nolabaiteko zentzurik asmatu nahian edo. Nire aitari Avenidako lokal baten errenta, auskalo zenbat hilabetetakoa, zor dion alproja sasikumeaz akordatu naiz, bat ere ordaindu egin ez diona sinatu ere egin ez duten alogera berbapean hartu zuenez geroztik. Baina, zer dela eta egiatan gasteiztar peto-petoa dena nire lokamutsean ingelesa izan behar? Ideirik ez, batonbatek daki, berriro ere kasketeroarengana galdezka joan behar. Goizean, ordea, Tk hots egin berri dit gure neskamea, ostilalero hiru orduz etorri ohi dena, gaur etorriko ez zela esateko, ez dakit nik ere nora joan edo zer egin behar zuela aitzakia. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...