Gaur goizean azkenik goxatu dugu izugarri Gasteizko uztailaz, duda izpirik gabe nire jaioterrian atseginen zaidan hilabetea, bai ikuskizunez gainezka dagoelako, jazzaldia nagusi, bai urtean doi-doi ateratzen diren eguzki izpi bakanen garaia delako. Edonola ere, bart gauean izutu nintzen/ginen, jazzaldiaren erdian gaude eta inor gutxi zegoen Gasteizko kaleetan, erdialdea, Andre Mari Zuria plaza batik bat, erdi hutsik zegoen, ia ilunpean, ez genuen nora jo musikaz gozatzeko, ez behintzat kalean patxadan, uztailak agindu edo aholkatu bezala, eta hau guztiau gutxi bailitzan, hotz handia egiten zuen, udazkena ematen zuen, triste-triste bueltatu ginen etxera, atsekabeturik.
Gaur goizean, aldiz, egun ikaragarri polita, ezari-ezarian gero eta ederrago bilakatu egin dena. Eguerdi aldera eguzkipean geunden, Alde Zaharrean zehar musikaren arrastoaren atzetik, umeekin etengabeko jolasean. Denok pozarren, sekula ez bezala somatuz badirela urteak ikaragarri zoriontsua naizela nire familiari esker. Baina, izatez hain ezkorra izanda, hobe nuke hau inoiz berriro ez nabarmentzea, badaezpada, zorion kontuetan beti ixilik.
Izan ere, nire hirira itzulia naiz, hilean behin edo birritan itzuli ohi naiz, baina, oraingoan ostera bizpahiru aste pasa, aukera paregabekoa nire hiriko egunerokotasunarekin berriro, aspaldiko partez, topo egiteko. Faltan somatzen dut, hemendik joan bainintzen amodioak bultzatuta, ez beste edozein txorakeriagatik, nik, urte askotan handik hona munduan zehar ibili eta gero, nire hiria bihotz-bihotzez maite dudala esan nezake, baliteke bere biztanleetariko asko eta asko ez, inondik ez, ni zeharo aztoratzea, baina hori edonon suerta liteke, horrekin gainera jai eta moldatzen ikasi behar duzu edonora zoazela nahitaez, bestela zuk jai.
Eta hala ere, aitortu ere egin behar dut Asturias aldean ikaragarri zoriontsua eta eroso bizi naizela, gogotik maite dudala herrialde hori, nire egin dudala. Egia esan, ezingo nintzateke bizi nire jaioterria eta nire oraingo bizilekua lotzen dituen errepidea gabe, hor datza nire bizi esparru gehiena, urtean zehar egin behar/nahi ditudan joan-etorrietan hain zuzen. Esparru fisikoa behintzat, gainerako lurraldeak oso bestelakoak direlako, horrexegatik berdin dio azken finean non bizi zaren, benetan garrantzi handia duena inguratzen zaituztenak omen dira, barnean daramazuna, zure inguruarekiko gogo eta asmoak, benaz asetzen zaituena ia arlo guztietan, urtean zehar ere lau horma artean ia entzerraturik egon eta gero aspaldi ez bezala bizirik sentiarazten zaituena, haur eta gazte izan zineko egun urrunok.
Eta hala eta guztiz ere, bai ederra Gasteizko uztaila, hiria pil-pilean balego bezala jai-gose, nekeak neke, eta aspaldion bai neke handi edo gogorrak, aurten gure txokora lotzen gaituztenak halabeharrez, egunerokotasun petral hau lipar batzuez ahaztutzeko prest, parrandan murgiltzeko irrika, biziaz eskubeteka gozatzeko gutizia. Baina merezi du, noski baietz, urteak pasa ahala, jaio eta koskortu egin zaren hiriari nolabaiteko gorazarre bat egitea, ez dakit ba nik idatzitako hau nahikoa den.
Eta hau guztiau nahikoa pozkarria ez balitz bezala gaur goizean ere, lehenengo aldiz ene bizia, gerturatu zait tipo bat nire irakurlea zela esateko, txora-txora eginda utzi nau, abizena itaundu didanean diru eske edo zetorkidalakoan...
Eta hau guztiau nahikoa pozkarria ez balitz bezala gaur goizean ere, lehenengo aldiz ene bizia, gerturatu zait tipo bat nire irakurlea zela esateko, txora-txora eginda utzi nau, abizena itaundu didanean diru eske edo zetorkidalakoan...
No hay comentarios:
Publicar un comentario