jueves, 10 de octubre de 2013

BILUZIAREN BELDUR





Bi egoera ustez antzeko-parezidoak baina ez, funtsean zeharo ezberdin. Gogoratzen dut aspaldi, soldadutzaren ordez zelako "ordezkatze prestaketa edo prestación sustitutoria/prostitutoria egiten ari nintzela, igandero Aranakoren futbol zelaira joan behar nuela goizean goiz partidak hasi aurretik bertako gauzak eta atontzeko asmotan (hori izan zen objektoreak nolabait eta nonbait kokatzeko asmatu zitzaien enegarrena, nik neuk behintzat hori baino lehen, esaterako, eta beti ere Gurutze Gorritik –objektorez gainezka zeudenez- Arabako Futbol Federaziora aldatutakoan, arbitro ikastaro bat, hainbat jokalariren garraiolari, bulegoko deialdiak jasotzea eta beste egin nituen). Esan bezala, igandero goizean goiz azaldu behar nuen Aranakoren fultbol zelaian, eta sarri askotan ere gaupasero eta guzti azaldu ohi nintzen larunbat gaua hain laburra eta batik bat lardaskatua izanda ez baitzidan batere merezi etxeko ohetik pasatzea. Halako batean, hau da, goizean goiz eta egundoko edo betiko aitzurrarekin, Aranakoren Futbol Zelaiko komunetara edo aldageletara sartu nintzen giltza eskuan dar-dar eta 

Jainkoari otoizka barruan aurreko eguneko jokalariek behin baino gehiagotan utzitako zabor sakabanatua edo kanpoko taldeak partida galtzekotan egindako sarraskia behin berriro ez topatzearren. Eta ez, igande hartan ez zegoen kaka arrastorik ispiluetan barreiaturik edo komunak zein dutxak birrindurik. Azaldu zitzaidan, ordea, ezustean eta dutxapetik zuzen-zuzen irtenda futbol zelaiko arduradun nagusia, utillero izenekoa, hirurogei eta piko urte inguruko agure benetan atsegin eta jator bat, nire hango eginkizunak esan bai, baina egin bera zen egin eta bukatu behintzat egin ohi zituenak gehienetan lehen bezala nire aldartea ez zen agian egokiena ezer behar bezala taiutzeko, ez baldin bazen, jakina, etengabeko txorakeriak errenkan botatzeko. Azaldu zitzaidan agurea, bai, larru gorritan edo gutxienez, Jainkoarren!, xaboiaren aparraz erdi estalita. Orduantxe zer esan edo zer egin ez nekiela barre egiteari egin nion ez bainion inolako zentzurik eta are gutxiago seriotasunik situazio irrigarri hari, hau da, biluzik eta buru gainean zein hankartean bitsez estalita aginduka ari zitzaidan gizonari. Egun hartan agure begitandu zitzaidan zinez maitagarria bere ezusteko biluztasunean. 


Orain dela pare bat egun, berriz, etxetik haurren bila arineketan irten eta eskaileratan behera zoro moduan nindoala, hara norekin topo egin nuen ustekabean ere fregatzen zebilela, seguru asko Asturias aldean ezagutu dudan tiporik zakarrena, lehorrena eta makarrena ere bai, nire kaleko portale gehienak zaindu eta garbitu ohi dituen agurea. Bada tipo bat sekula inori diosalik egiten ez diona. Izan ere, nik behartu egin dut ekinaren ekinez niri agurra itzultzeko elkar ikusten dugun aldiro ozen-ozen agurtzen nuelako burua altxatu arte. Nire emazteari ordea hitz erdirik ez. Egia esan, koitadak amore egin du, bere aldamenetik pasatzen denean portalean mamu bat balego bezala jokatzen du eta. Badirudi, hainbat auzokorekin irizpidera ekarri baitut, gure kaleko atezainak berdin jokatzen duela guztiekin, baten batek daki zer dela eta, bere ogibideaz lotsatuta edo berez uzkurra delako. Edonola ere, ozta-ozta oldartu nintzaion eskailera-buruan, eta hara zerekin topo egin nuen parez pare, agurean bular biluz ile urdintsuarekin. Ezin azaldu agureak ipini egin zidan beltzuria sustotik onera etorri orduko. Esan nezake bakar-bakarrik orduan otu zitzaidan azkenekoa inolako barrerik egitea izan zena, barregurarik ez, nik hartu nuen sustoa ere, ia kaka praketan egiteko modukoa izan baitzen, agure hori ez baitzait inondik inora maitagarria begitantzen erabat beldurgarria baizik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...