Kaletik bueltan esan behar txunditurik nagoela; urri azkenean al gaude, benetan? Sinetsezina, gaur eguerdian aparteko giroa zegoen Gasteizko alde zaharrean, jende andana gremio kaleetako mahaietan eserita goxo-goxo, xalo-xalo bazkaitten, bazegoen Kutxi zein Pinto kaleetan berbaro benetan erakargarri, estalgarri bat, hainbat lagun topatutakoa, eta jakina, erabat harrapatu gaituena, hau da, gurasoenera bazkalorduan joan beharrean kalean fritanga baino ez jateko animatu gaituena Pintoko bizi osoko tabernazulo baten terrazan. Horrez gain, Berrozti alderaino bueltatzerakoan uda sensatzino arraro honekin batera udazkenaren presentzia ezin nabarmenagoa landan, naturan, bai zuhaitzetako hostoen, uztatutako galsoroen zein zeruaren nabarrean, mahuka motzak daramatzagu baina ingurumaria udazken minekoa da, ezin ederragoa nire ikuspuntutik, areago hau idatzi ahala iluntzen ari dela leihoaz bestaldean, seguruenik udazkenaren egiazkotasunik handiena, zinez diot.
Eta badakit hau guztiau suertatzen dela edonon, baita Asturias aldean antzera ere; baina, zer nahi duzue esatea, baliteke nire jaioterrira itzultzen naizela den-dena nabarmenago egiten zaidala gero eta berbesteratuago sumatzen dudalako nire burua, lehen ez nuen herriminak jota, txokora bueltan den-dena, batez ere lehen hemen jarraian bizi nintzenean apenas erreparatzen ez nuelalo halakoetan, ageriago egingo bailitzaidan, agian ere nire inguruan gehiena nabarrago egiten ari delako urteak pasa ahala. Gaur zoriontsua naiz, hala behintzat somatzen dut nire burua, baina egia da, bai, maite ditudanekin nagoelako zein urteko ardoaren balizko laguntza estimagaitzagatik ere izatea, aspaldi ikasi nuelako zoriontsua izateko edonon balioko zaizuna gustura, gogara, egon bitartean, eta ni gero eta zoriontsuago nago betikoekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario