viernes, 22 de abril de 2011

BALEAREN ATZETIK EUSKARA PLAZARA JALGI ZUTENETARIKO BAT: PIERRE ETXEBERRI DORRE


Baleagintzari buruzko erakusketa bat Donostiko kaialdean. Niri behintzat ikaragarri interesatzen zait arrantzuarekin edo itsasoarekin zerikusi duen guztia, kostaldeko udaren eragina edo.

Historia zer esanik ez oso ezaguna da, euskal baleazaleek Kantauri aldeko onenetarikoak omen ziren. Izan ere, Kantauri aldeko balea guztiak akabatu egin zituzten. Orduz geroztik Terranova alderantz jo behar zuten baleen atzetik. Bertan bale-ustiategiak-eta sortu zituzten Atlantikoan zehar harrapatzen zituzten aleak salmentarako edo prestatze aldera. Erakusketaren iragarkiek ondo asko azaldu bezala, euskal itsasgizon haiek ikaragarri ausartak eta batez ere saiatuak omen ziren. Nire uste apalean, ordean, garai haietako langile gehienen antzerakoak, oso edo benetako garai gogorrak ziren-eta.

Edonola ere, erakusta-tokian bazeuden gauza benetan interesgarriak eta bitxiak, baleagintzaren zenbait lagin, aspaldiko azgazki hunkigarriak eta orohar balearen ehiza/arrantzarekin elkarloturik zegoen hainbat gauza. Besteak beste, eta sarrera hau eragiten didana, bitxikeria txit eder bat: Pierres Etxeberri Dorrek euskaratu «Nabigazioneko Liburua"ren ale bat.

"Nabigazioneko Liburua" beste euskal iparratar batek, Ziburuko Martin Hoiartzabalgoak frantsesez egindako Les voyages aventureux du capitaine Martin de Hoyarzabal habitant de Zubiburu liburuaren itzulpena da. Hoyarzabalen liburua ba omen zen berez nahiko bitxia idazkeraren aldetik zeren eta Bordelen 1633. urtean agertu zen argitalpenean honako hau azaltzen zen hitzaurrean oharpen gisa: le lecteur trouvera mots de divers languages et divers ortographies, la raison en este que l'author qui viest pas français mais basque des frontiéres d'Espagne.. Bestalde, Etxeberri Dorreren itzulpenean egileak berak ederki ohartarazten dizkigu bere liburuaren nondik norakoak:

Liburu hau da ixasoco nabigazionecoa, Martin de Hoyarzabalec egiña franceses eta Piarres Detcheverry edo Dorrec escararat emana, eta cerbait guehiago abanzatuba, Bayonan, Fauvet imprimerian Carmesseteco aldean, DCLXXVII. «Jaquitecoduç liburu hunetan comprenitçen direla arrutac, lecoc, çundac, eta marea contubac eta entradac, eçagutçac halturac hala nola, lebantecoac, Espainnyacoac, Franciacoac, Bretaniacoac, Normandiacoac, eta Picardiacoac, Flandrescoac, Angueleterracoac, Irlandacoac, Escosiacoac eta Ternubacoac, hala nola baitire seguidan iscribaubac placerduten maistrubentcat


Zer dela eta ekartzen dut hau irizpidera? Halako liburu batek, itzulpena izanda eta guzti, zinez hunkitzen baikaitu antzinako euskal literatura edo, agian hobeto esanda, antzinako euskaldun kulturgune eder eta traza oneko eredu bat baitzen, aspaldi Laburdiko Sara inguruan sorturikoaren ondorengo gisa. Bazegoen, beraz, euskaraz idazteko tradizio bat Etxeberri Dorrek eutsi egin ziona bere itzulpena egiterakoan. Bazuen Etxeberri Dorrek idazkera eredu finkatu bat bere itzulpen ia zeharo teknikoa egiteko. Eta bazuen, batik bat, halako liburu tekniko bat itzultzeko motibo bat edo, hau da, egon behar zen nahitaez nolabaiteko irakurlego euskaldun bat halako liburu bat gogoko izan zezaketenak, bestela ez dut uste merezi egingo zionik Etxeberri Dorreri frantsesezko bertsioa itzultzeak eskatzen zuen esfortzua.

Dena dela, zerbait azpimarratzeko baldin badago lapurtar idazle honen zein bere moduko hainbat eta hainbat orduko idazleren euskarekiko atxikimendua da. Baziren benetako euskaltzaleak avant la lettre, hau da, hitza norbaitek asmatu aurretik, eta jakina, ez ziren guk gaur egun ezagutzen ditugun abertzaleak, euskal abertzaltasuna oso geroko asmakizuna baita, Etxeberri Borde eta enparatuak frantses sudbito zintzo-zintzoak omen ziren, euren euskarazko idazkunek ere ondotxo erakutsi bezala, gehienak opa egin baitzizkioten Frantziako Erregeari eta anitzetan ere Frantziar Erresumako dohainak zein bere agintarienak ere goraipatu ohi zituzten. Euskal Herria beti gogoan izan zuten, baina ez zuten ahaztu ere euren E.H.ko sorlekua zein erresuma edo estaturen parte zen, zein zuten erregue ala jaun.

Alde horretatik, gogoratu beharrean nago orain dela hilabete edo Luis Haranburu Altunak "Euskera y Libertad" artikuluan azpimarratu eta bapateko polemika eragin zuena: Ni el euskera se unificó, ni la nueva literatura se fraguó, ni la industria cultural se inició por el 'estímulo' de ETA, sino que más bien fue ETA la que se acopló a lo que comenzaba a existir sin ella. Nire aburuz halako baieztapena ezin ageriago Luis Haranburuk berak ematen dituen gure garaiko adibideekin batera, baina ezin dugu ere ahaztu XVII mendean bertan berezko euskaltzaleak baina inondik ere euskal abertzaleak ziren idazleak egon bazirela, euskaraz idatzi eta hizkuntza nola edo hala garatzen saiatu egin zirenak. Noraino alperrikako saioa izan zen, batez ere Frantziako Iraultzaz geroztik, frantziar herrialde guztietako hizkuntza zein kulturak gogor, bortitz, kupidagabe zapaldu egin zituena bateratasunaren alde, ezinen dugu inoiz asmatu, Etxeberri Borderen garaiko eta aldez aurretiko hainbat eta hainbat iparretar idazleren lanak ez bide baitzuen ondorengorik gaurdaino, hau da, harik eta lapurtar haiek landalan sortu eta eraberritu egin zuten literatur hizkera jaso hura bezalako gure batua sortu arte, ezinbesteko tresna euskara plazara benetan eta harro-harro jalgi zedin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...