Bukatu al da Korrika? Ideiarik ez, eta are axola gutxiagorik ere. Benetan diot, jakin badakit orain dela astebete edo hasi zela Trebinu aldean eta handik Nafarrorantz. Gero ez dakit ba, haria edo galdu nuen. Edonola ere, eta Korrikaren aldeko etengabeko aldarrikapen hunkigarri guztiak entzun eta gero, behin berriro aitortu beharrean nago ez nautela batere erakartzen euskararen aldeko halako ospakizun edo ekitaldiek, urtero eskualdeka ospatzen ziren ikastolen aldeko jaiegunek edo bestelakoek.
Ia guzti-guztiak erromeri hutsak begitantzen zaizkit, goazen Araban Euskarazera ego Nafarroa Oinezera eguna pasatzera, bidenabar ere Lantziego edo Kaskante ezagutuko ditugu, ala ez, agian bertako txoznak eta kitto, eta geroago bueltan elkarri kontatu zer-nolako neska puskekin tratutan egon ginen, ez dakit Oreretakoak ala Errenderiakoak ziren, ez dakit kriston atxurra harrapatu genuen-eta. Eta BERRI OKERREN kontzertua? Primeran hi, ni eixa esanda horregatxik juen nitzen herri puta hartaino, bestelan ze hostia inporta dost nei Lantziego edo Kaskanteko ikastoliak, nik nire ikastolai gorroto itzela dotzat-eta, ni sano mozkortzera etorri naz!
Erromeriak bai, urtero ospatu beharrekoak euskararen erlijioarekin ez dakit zer kontzientzia erritu edo sakramentu betetze aldera. Esan ohi dute dirua biltzeko egiten direla nonbaiteko ikastolari laguntzeko; alde horretatik, eta eskaini behar dutenek ez badute egiten, denok badakigu zeintzuek, behartuta daudenak hain zuzen ere anitz euskaldunen ordezkariak ere baitira.
Alabaina, hori ezta gakoa, gakoa da noraino benetan sinesteko modukoa diren euskararen fededunak. Euskara maite eta haren alde mugitu edo egiten direla aldarrikatzen dute, aitaturiko ekitaldietara jende multzo ikaragarriak joan ohi dira, urtero euskaltzalez mukuru, urtero ere egundoko arrakasta, urtero euskararen etorkizuna beneta ziurtaturik balego bezala. Baina ez, baldin bazoaz halako ospakizunetara mota guztietako euskaltzaleak ikusiko dituzu, bai noski, gehienak ikastolakume peto-petoak, ikastolakume peto gehienak bezala erdaraz barra-barra euskarazko berba banaka batzuk salbu, edatekoa eskatzeko edo horrela. Eta ez naiz ari bakarrik ni bezalako erdalgune handietako euskaldunotaz, bai euskalgune ustezko indartsuetatik datozenek ere, Boronia barrenetik, erdarari gogor eusten diote euren artean, baina gero, noski, itxurak itxura norbait aurrean jartzen bazaie berehala joko dute euskarara, badaezpada, pentsa ez dezaten ez dakitenik behar bezala moldatzen euskaraz, arazoa da ez dutela nahi, ez zaie ardura, hobe ari dira erdaraz, nahiago dute; faxilaua dalako. Ni, ordea, hain txotxoloa naiz-eta, zeharo sinetsirik nago euskara bizi egingo dela soil-soilik Gandiagaren leloari gogoz eta bihotzez eutsiz: euskara ezta galduko ez dakitenek hitz egiten ez dakitelako/dakitenek...
Horrexegatik ez zaizkit batere gustatzen halako ekitaldiak, -jendez gainezkako gehienak, bestalde- ustezko milaka euskaltzaleren ageriko itxurakeriaren bilgune ezin aproposagoak direlako euren euskaltzaletasunaren ajeak nola edo hala zuritze aldera; nik euskara kristona maitet, urtero Herri Urratsera juten naiz-eta, fijo. Gio ia etxian, kalian, bateze lagunartian gehio kostatzen zat erdara nonnahitiken sartzen zatzulako, ia etzea konturatzen, euskara hain motza,eskasa, iten da askotan....
Tira ba, ustezko euskaltzale asko eta askoren itxurakeria ia erlijiosoa, domekero mezatara joan ohi diren pekatariak bezala euskal erromerietara doazenak. Asko baina, aitortu hau ere aitortu behar dut, ez guztiak, oraindik orain benetako euskaltzale asko baitago halako komerietan parte hartzen dutenak gogoz eta bihotzez (hunkigarriak benetan astero Euskal Irratian agertzen den Madrileko euskaltzalearen hitzak Korrikan parte hartzerakoan, sentitzen dut izugarri oraintxe bertan izena gogora ez etortzea). Besteak beste Blanca Urgell kultura sailburua bezalako gasteiztar euskaltzale zintzo eta sotila, Patxiren gobernuan independiente. KORRIKAN korrika ikusi dudanean, urtez urte betikoek euren ETAren aldeko leloez zikindu egin dutena, nazionalismoaren enegarren bilgunea bilakatu nahi egin dutena, ikusi eta atoan nire buruari esan diot; aizu Txema, agia bai, agian aurrera goaz pausoz pauso, astiro-astiro, gure euskal mundu tippia gero eta bene-benetan anitzagoa eginez, edo bestela esanda, benetan geurea emanez eta zabalduz Iparragirrek agindu bezala, beharbada bizirauteko dugun irtenbide bakarra.
No hay comentarios:
Publicar un comentario