miércoles, 27 de abril de 2011

BURUHAUSTEAK


Goizean emazteak hots egin zidan ea non demontre zegoen umearen motxila galdetzeko. Ahaztu egin nuela atzo arratsaldean parkean esan eta atoan berak telefonoa eskegi egin zidan. Horrezkero egundoko iskanbila, errieta, esperoan nengoen eguerdian elkartzerakoan; ezin asmatu zenbateraino aspertzen nauten halako txorakeriek. Atsekabeturik joan naiz nire eguneroko kafesnea hartzera, ezinegonak benetan deseroso, larri, haserre ere bai, egunkarietako albisteak oso gainetik begiratzen, eguerdiko liskarraren beldur ohiko huskeriaren erruz.

Gogait eginda nengoen, erabat, eguneroko pitokeriak zirela medio, orduan, ezustean burua beste inon bainuen, jabetu naiz begi aurrean nuen albisteaz, Siriakoa. Tunizia eta Egiptoko iraultzen ostean Libiako guda zibila, Libian NATOren parte hartzea eta bertan dagoen nahaste-borraste itzela, gure mendebaldeko agintarien etengabeko itxurakeria behin berriro agerian utzi egin duena. Eta Sirian zer demontre gertatzen ari den galdetu egin diot nire buruari. Urrunegi al dago ezer esateko edo nolabaiteko parte hartze baterako. Atzo bertan Nazio Batuetan edozein parte hartzeari muzin egin zioten Libian bertan parte hartzea erabaki zuten potentziek beraiek. Ni ez naiz harritze, zertaz ba, gero eta ezagunagoak, nabarmenagoak, omen dira gobernatzen gaituzteen itxurakeria edota azpijokoak, trikimailuak-eta, dena herrialde hauen aberastasunak zein interes estratejikoak kontrolpean izateko. Gure onerako diote, Aznarrek berak behintzat argi eta garbi aldarrikatu egin du, inporta duena gure interesak salbu izatea da, gainerako guztia, hots, arabiar herrien libertade zein demokrazia, hutsaren hurrengoa da, ezta posible, ez digu axola, gu beste maila altu eta bikainago batean gaude, lehenengo mailako munduan hain zuzen ere, gainontzekoak gure mende bizi behar, bestela begira zer gertatu den Libian, guda zibila, Sirian bertan edo Yemenen erreboltari petral edo gaizkile huts batzuen erruz laster gertatuko dena, inori arduratzen ez baitzaio bene-benetan herri horretan gertatzen ari dena. Ala agian bai, agian jokoan dagoena orain arte balio izan digun orden bat da, orden hori erreboltariok kolokan jartzen ari dira, eta guretzat hoberena hango diktadore ezin dotoreago, ikasiago, ustez edo itxuraz behintzat mendebaldetartuago eta batez ere gogorrago edo errukigabekoak ordena lehenbailehen berriro jartzea, bestela ikusiko, guretzat kalte, ez baitira fidatzekoak hango biztanlegoak, Aznarrek ondo asko azaldu bezala, eta Obamak berak ere Arabia Saudiko armadak inguruko erregetzarrei eskeinitako languntzaren kontura ezer gutxi esan baitu...

Bada, bai, gauzak bere onera itzul daitezen hainbat arinen, Tunizian eta Egipton gertatutakoa egun bateko lorea, lilura, izan baita. Herriaren libertadea, demokrazia, garai berri onak, den-dena egun bateko lorea, ziurrenik komunikabideek beraiek saldu egin nahi ziguten istorio polita. Eta guk sinetsi egin genuen, zozoak. Baina istorioa bukatu da, datozen iraultzak ez dira posible, ez dute komeni, arriskutsuegiak omen dira. Hori dela eta orain dela hilabete edo gure Trinidad Jimenez pinpirinak jo zuen arrapaladan Siria alderantz, ozta-ozta hango diktadore adiskidearengana arnasestuka, gauzak bere bidetik irten ez zitezen aholku ematera, badaezpada, gure agintari buruargiek baitakite inork baino hobeto zer komeni zaien eta zaigun.

Horiek bai direla benetako buruhausteak, horiek bai direla inori axola ez zaizkionak... niri, kasuko eta oraingoz, axola dit hamaika aldiz gehio motxila petral batek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...