Eritxean nago goiz eta gau, ume nagusiari apendizea kendu egin
baitiote igande arratsaldean tripako minzorra sortu eta urgentzietara arin-arin
eraman eta gero. Gorroto biza diot hemen egoteari, ez naiz oso aparteko,
badakit, nori gusta dakioke?, seguru asko baton bati denetarik baitago nonnahi.
Baina niri ez, egonaldi luze-luzeak igaro baititut nire ama gaixoa zaintzen
urtetan auskalo zenbat bider operatutakoan bizkarrezurreko gaitza zela medio.
Dena desatsegina begitantzen zait erietxeotan, den-dena, eraikinak zein
langileak, edonora zoazela harrapatzen zaituen kiratsa, sendagileen edonolako
jokabidea, betiere gizalegetsua, baina aldi berean ere harroegia,
handiustekoegia ala, guztiz bestela, aitakeria nagusi, umetzat hartuko
bazintuzte bezala halabeharrez. Baina, latzena edo, gaixoaren ondoko ordu luze-luze
eta asper-asperrak, debalde eta inon baino geldoagoak joaten zaizkizun orduak
potrojorran, eskuartean zenuen lana alde batera utzita eta horrenbestez
astoraturik berriro eta hainbat arinen ekiteko gutiziak, nahiz eta denbora
ahalik eta atseginen, arinen, pasatze aldera denetarik eraman edo egin, nahiz
eta aldamenean duzun edonorekin gutxitan ez bezala hitz aspertuak eta maíz ere
guztiz zentzugabekoak egin, berdin dio, inon eta inoiz ez bezala gogait egiten
duzu-eta.
Esperoan zaude etengabe, eta
gaixoak inolako arazo eta oztoporik ez duela ondo asko dakizunean alperrik ere,
behin baino gehiagotan azken honen sendabidea ez baitagokio egonaldiaren
luzapenari ospitaleko barne burukraziari baino. Edonola ere, egunak etengabeko
joan-etorri batean ematen duzu ospitaletik etxera eta alderantziz, etengabeko
esperoan, berriro diot, ea noiz azalduko ditxosozko sendagilea zorioneko baja
aginduarekin. Bien bitartean gaixoaren ondoan ordurako elkarri zeresanik ez
duzula, gela jendez bete ahala nora jo behar duzula ez jakinik, pasiloan gora
eta beheraka, ospitaletik noraezean ez baldin bada kafetegiraino enegarren
kafesnea eskatzearren. Are okerrago gaua gaixoaren alboan igaro behar izan
ezkero, orduan bai zureak egin duela, nire kasuan behintzat ondo asko
dakizulako aldez aurretik lo apurrik ere egingo ez duzula, hiru urtez ozta-ozta
egin baituzu zure ume txikiaren erruz zure ohean, ohe on batean egia esanda,
egiteko bakarrik gauza zarenez gero.
Horrela joan zitzaidan niri gaua,
esna-esna, lokartu ezinik, edozein zaratak itzartzua, tortura potro moduko
eser/etzaleku batean etengabe iraulka ez bainintzen gauza noiz/nonbaiten
lotarako egokitzeko. Gaueko orduak, gainera, ikaragarri astiro-astiro pasa
egiten dira, ilupean zaude eta ingurukoeak ez itzartzeko ahalik eta hots
txikien egiten saiatzen zara kosta ahala kosta eta nire kasuan ere
alper-alperrik delako tortura tramankuluak kirrinka egiten baitzuen
edozein zirkinik egin orduko, orduan saiatuko zara ez mugitzen, gorputza
zurrun-zurrun eta goizaldea urrun-urrun, sekula helduko ez delakoan, arima ere
gogortuko zaizu zazpirak aldera erizainak atetik egunon esaka agertzerakoan.
Orduak polito-polito badoazkizu hurrenez hurren eta zuk etengabeko gogoeta
egiteko behartua edozein huskeriaren kontura, bat-batean eguneroko kezkak-eta
korapiltzen zaizkizu gogoan, bizitzari ezusteko errepaso eman beharrean zaude.
Alde onak zein txarrak, noski, baina gizaki hutsa zara, baduzu beraz txarretan
luze eta sakonago erreparatzeko joera nahitaez, balitek zure oraingo bizimodua
inoiz baino zoriontsuago, bete/osagarriagoa, atsegin eta erosoagoa, izatea
baina hori guztiori ez duzu aintzakotzat hartuko, nahiago izango duzu beti zure
bizitzaren alde ilunak edo gogora ekarri, atsekabetuko zara, bai, halabeharrez,
honelako tokiek atsekabetzen baitzaituzte betidanik, bizia bahitu dizutelakoan
edo, bizia hemen eteten baita, bizia sarri askotan ere hemen bukatu ohi da-eta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario