sábado, 6 de octubre de 2012

LARUNBATEKOA



Gedatzen naiz etxea garbitzen. Ez dut gogorik zure amarekin bazkaltzera joateko, ez dut sekula izante, badakizu, zer dela eta pairatu behar berak paratu arazi ohi didana, ez nago haren mesprezuaren beharrean, ez dut inolako gogorik ere goitik bihotz-bihotzetik aztoratzen nauten sasiritziak edo inolako ahoberokeria ustelik aditzeko. Nahiago dut etxean egon lasai-lasai. Baina, ez, etxea txukuntzeari ekingo diot hona aldatu ginenez geroztik ezin zikinago baitago, noiz edo noiz eskua sartu behar genion, aprobetxatuko dut beraz, eta guztiontzat hobe, etxean geratuta ez baitago inolako arriskurik zure amarekin inolako eta batik bat ohiko errietarik ez izateko, ez dago popatik hartzeko behingoan bidali dezadan arriskurik, hobe dugu beraz aukera hori behin berriro luzatzea, ez dira faltako gainera, jakina ezetz, berak beti eskeintzen digu zinez ernegatzeko paradaren bat, horretan behintzat bai dela eskuzabala. 

Ez naiz joan zure amarekin bazkaltzera zure aita kanpoan zegoelako. Eta zure aita ez baldin badago tartean nik nire burua somatzen dut beti soberan. Bestela zer espero zenukeen, zure amaren ondoan egonda betiere larri-larri, beldurrak noiz eta nori botako dion lehenego ziria, nola edo zerekin berotuko norbaiten kontra oldartzeko bere mihi gaiztoaren laguntzaz, ondo asko denok badakigu ez dela gauza inoiz lasai egoteko inoren kontra oldartzeke, bizirik dagoela somatzeko eraso egin behar dio norbaiti, ez baitago modurik berarekin ezertaz hitz egitea ez baldin bada bere baitan ondo gordeta eta erruz duen pozoi osoa edozein huskeriaren kontura isurtzeko, edonork edozein hizpide edo irizpide atera, eta gainera berak beti auskalo zeren biktima edo protagonista bailitzan egingo du, eta beti-beti ere gainontzekoak okerrak, zitalak edo hutsalak bailiran haren aldean, gainontzekoak bera izorratzeko propio jaioak bagina bezala, gainontzekoak bera bezain buruargia, ikasia, ondo hezia edota listopasatuak inondik inora ez bagintez bezala. Nire onetik ateratzen ez nauenean beldur ematen dit zure amak, asko gainera, sentitzen dut baina egia da, ez dago besterik, ezin zara gizakume baten ondoan eta beti larri badaezpada. Eta ez esan balitekeela gaur modu edo umore onean egon, egoten delarik ere nahiago dut nik sugearena egitea ez baldin bada behin behinik nire bizkar, umore onean egonda erabat aspertzen nau bere pitokeria handiustekoekin, bai aspertzen naizela, izugarri, nik ez baitut berarekin ezer elkarrekin, zerikusirik, andereño handiusteko mihideunga horrekin, bat ere ez, bere mundua arrotza baino extralurtarra begitantzen zait.

Etxean geratu naiz eta etxea goitik behera garbitu dut, komunak, gelak, pasiloa, eskailerak, atartea, den-dena. Lur jota nago, ez naiz larunbat osoan etxetik irten, baina berdin dit, pozik nago, benetan zoriontsu, eguna ezin hobeto probetxatu dudalakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...