HIRUDIA
Idazteari utzi
2015-11-12 / Txema Arinas - Idazlea
Z
ergatik uzten diote idazteari idazleek? Gehienek, noski, behar adina saltzen ez edo espero zuten arrakasta lortzen ez dutelako. Baina horiek al dira benetako idazleak ala behin-behinekoak soil-soilik, hau da, bizpahiru liburu edo argitaratuta ere euren burua egiazko idazletzat sekula hartu ez zutenak? Ezin ebatzi egiazko idazlea izatea zertan datzan, nolabaiteko arrakasta mediatiko edo irakurleen partetiko harrera onarekin elkarloturik dagoen ala ez, ala beharbada nork bere burua egiazko idaztetzat jotzean eta kito. Edonola ere, egon badira denok egiazko idazletzat hartzen ditugunak, idazle benetan laudatu edo ospetsuak hainbat liburu argitaratu eta gero idazteari utzi ziotenak ia ustekabean. Azkenotariko aipagarriena Juan Rulfo dugu, bi obra ikaragarri borobil eta eder idatzi zituen idazle mexikarra: El llano en llamas eta Pedro Páramo. Zer dela eta? Enrique Vila-Matas idazle katalanaren Bartleby y compañíaliburuan Rulfok Caracasen 1974an kazetari bati erantzundakoa dugu argibide:«Zergatik ez dut idazten? Osaba Celerino hil zitzaidalako. Bera zen istorioak etengabe kontatzen zizkidana. Beti ari zen nirekin berriketan. Baina gezurrontzia zen. Kontatzen zidan oro gezur hutsak ziren. Horrenbestez nik idazten nituenak ere gezur hutsak ziren».
Edonola ere, badago guztiz arruntagoa den beste motibo bat idazteari uzteko idazle arrakastatsuen artean: beren onena eman izana. Hori zen, besteak beste, Philip Rothen aitzakia 2012an adierazi zuenez: «Nik badakit ez dudala lehen bezain ondo idatziko. Ez dut behar besteko adorerik frustrazioari eusteko. Idaztea frustrazio bat da, eguneroko frustrazio bat. Beisbolean bezala %75etan huts egiten duzu. Nik ezin diot gehiago eutsi, egunotan bost orrialde idatzi eta segituan zakarrontzira botatzen ditut. Gaur egun egin ezin dudan zerbait da». Badira beste idazle batzuk idazgai zuten guztia liburuetara isuri dutela aitortzen dutenak, hau da, ez dutela ezer gehiago esateko. Hori litzateke Imre Kertesz Nobel saridun hungariarraren kasua, holokaustoari buruzko obra benetan goresgarri bezain hunkigarri bat idatzitakoan. Halaber, badago motibo bat idazteari uzteko guztiz zentzuzkoa: 81 urteko Alice Munro idazle kanadarrak bezala erretiroa hartzen duten idazle edadetuena.
Dena dela, hauek guztiok adibide guztiz ulergarriak dira idazleei zein oso bestelako sortzaileei dagokienez. Adibiderik bitxienak, aipagarrienak, ordea, idazle gazteagoen artean topa ditzakegu: Robert Walser, Arthur Rimbaud, Joseph Joubert —liburu bat sekula idatzi ez zuen idazle frantziar famatua; baina bere bizi osoan bat bakarra prestatzeari ekin ziona—.
Eta euskal idazleengana joz, nortzuk izan ziren nolabaiteko oihartzunik lortu eta gero idazteari utzi ziotenak eta zergatik? Ez dut inolako asmorik zerrenda luze eta zehatz bat egiteko, horrenbestez akordura datozkidan zenbaitzuk baino ez ditut aipatuko. Besteak beste, Izuztarri (1987) eta Rosamunda (1990) liburuak idatzi zituen Luis Daniel Izpizua; Behin batean (1972),Orreagako borroka (1980), Ta Marbuta. Jerusalemen gertatua(1984) idatzi zituen Xabier Kintana; Kutsidazu bidea, Ixabel (2006) famatuaren egilea, Joxean Sagastizabal; edota hain aspaldi Zeu zara, Carmen (1984), Yehuda (1992), Moskuko gereziak (1996), Samurai berria (1998) idatzi zituen Jose Mari Velez de Mendizabal idazle arabarra. Jakina, nik ez dakit idazleok idazteari benetan utzi dioten, ez eta gaur egun zerbait idazten ari diren ere. Ez dakit euskal literaturaren ezaugarri bereziek zer nolako eragina duten idazteari uzteko erabakian ere, baldin badute noski. Idazleen isilaldiak oso luzeak izan baitaitezke, hau da, erabatekoak eman ohi dute, eta gero ordea hamaika urte pasa eta gero, ezustean edo idazlan berri bat argitaratu. Idazteari egiatan utzi baldin badiote, zergatia beraiek baino ezin dute jakin. Nik galderak baizik ez ditut egiten euskal literaturarekin zerikusirik duen oroz bezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario