martes, 30 de enero de 2018

HAU ZERRENDA AMAIGABEA!


Gaur goizean, eta nire txikerraren txantaia emozionalari men egin eta gero, gurasoak gure seme-alaben maisuek eskolako patioan antolatzen duten Bakearen Aldeko Jaia ekitaldira ikusle joan gara. Esan dezakedan arinena zera da, denbora alperrik, eta batez ere ezin aspergarriagorik, galtzeko oso modu eraginkorra izan dela, totala. Eskolako haurrak kantetan hasi aurretik hainbat ikaslek ozta-ozta ordubeteko hitzaldia eman digute gaur egun munduan zehar pil-pilean dauden gerrei buruz; Sirian, Afganistanen, Yemenen, Nigerian, Congon... Hau zerrenda amaigabea! Niri, zer esanik ez, hain gogait eginda nengoen eta, berehala gogora etorri zait Hertzainaken "No Time For Love" kantua: "Bostonen, Chicagon, Saigonen; Santiagon, Varsovian, Gasteizen eta Belfasten, eta beste hainbat lekutan hau zerrenda amaigabea..." Haur hizlariak, jakina, hunkituak bezain dibertituak nola edo hala irakurtzen ari ziren textu luze eta hiperkontzientatuez; espero dezagun, zinez, haietako inor atseginaren atseginez politikan ez sartzea. Gainerako haur gehienak euren artean marmarrean eta guraso gehienak ere erlojura zein zerura begira ea behingoan astean zehar ikasitako kantuari ekiten zioten nor bere betebeharretara bueltatzearren. Izan bada aspaldidanik sufritu behar izan dudan ekitaldirik zentzugabekoena, eta gogoan darabilt ea gerraren kontrako diskurtsoa mekartzeko, gutxiesteko, biderik laburrena ez ote den.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

IRUINSEME EUSKARAFOBOA

        B adago nire Iruña maitian iruinseme prototipo bat oso-oso bitxia, xelebrea, egia esanda benetan ernegagarria, euskal argitaletxe ba...