lunes, 30 de mayo de 2011

DIKOTOMIA ESANGURATSUA


Begiratzen ari nintzen Ahotsak.com weborrian blogeratu berri dituzten Zigoitiako Zestafen jaiotako azken euskaldunzaharraren grabaketak, 1920 urtean jaiotako Jose Beobide agureari egindakoak. Tokian tokiko euskal hizkerak entzun eta goxatzeko aukera emateaz gain, badira ere oso lekukotza interesgarriak gure nagusien aspaldiko bizimoduaren berri izateko, alde guztietatik, testigantza ikaragarri baliotsu eta benetan adierazgarriak baitira gure aiton-amonen eguneroko bizimoduaren zenbait arlotan, bai delako Historia txikia edo mikrohistoriaren dokumentu gisara, bai gaur egun ozta-ozta ezagunak diren hainbat ohitura zein bizipenen nondik norakoak. Hori dela eta, Beobide jaunari egindako grabaketa batean zer-nolako aldea zegoen etxeko hizkera eta eskolakoaren artean azaltzen digu, hots, etxean euskaraz, aita euskaldun elebakarra zelako, Arabako Elosu herrixkako amak ostera biak erabiltzen zituen, eta eskolan erdaraz, Zestafekoan berak bakarrik euskaraz zekiela. Bazegoen, beraz, dikotomia berezi bat eta Euskal Herrian zein antzeko beste zenbait herritan ere oso sakabanatuta zegoena: etxeko hizkuntza berezkoa, herrikoa, bihotzekoa, baserritik at ia ezertarako balio ez zuena, eta gero, ordea, eskolakoa, gehienbat arrotza, inposatutakoa, ezinbestekoa ikasketak aurrera ateratze aldera. Gauzak horrela izanda, Beobide jaunak adierazten digu etxean pozik bizi zela aitarekin euskaraz ari zela, eskolan ordea erdipurdiz, erdaraz ondo moldatuta ere, anaia arteko hizkuntza bakarra zen aldetik batez ere, ez zen bihotzeko benetako hizkera, halabeharrezkoa baino, ez zuen aukerarik ere bietako batez egiteko, Zestafeko euskaldun familia bakarra ziren-eta, mohikano hutsak, eta hala eta guztiz eutsi egin zion euskarari, ezinbestez aitarekin mintzatzeko, baina hau hilda gero ere polito egiten du euskaraz, bere bizkaiera bitxiaz, aitaren Arratikoaz gehienbat eta agian zenbait zipriztin edo bere amaren Elosukoaz ere, tamalez ez baitu Zigoitiako jatorrizko euskararen arrastorik, ondotxo dakigu-eta Zigoitiera berezi eta hutsean egiten zuen azken hiztuna 1950ean zendutako Juana Larrea izan zela.

Edonola ere, entzuten ari nintzela, bart gauean berrirakurtzen ari naizen Thomas Bernharden Ale Meisterren (Maisu zaharrak) pasarte bat gogora etorri zitzaidan nola edo hala Beobidek grabaketan adierazitakoarekin elkarlotuta dagoena, hau da, delako dikotomia bitxia, etxekoa ona, goxoa, eta eskolako ez hain ona edo txarra, ia beti mingotsa. Jakina, Berhnarden nobelaren kasuan eta ohiko duenez gehiegikeria nabarmena da, bere estilo txit bereziaren ardatza omen da-eta, behin berriro ere bere Austria ustez gorrotatuari kritika zorrotza, kupidagabekoa eta maiz ere krudelegia egiteko parada ematen dion dikotomia bortxatu edo exajeratua, baina hala eta guztiz ere Beobidek aitatutako dikotomia ederto asko gogoratzen diguna. Alemaneraz blogeratzen dut, bai pedante hutsa naizelako eta baita alemaneraz leitu dudalako ere, pasarte luzearen bizpahiru esalditxo soil-soilik, Bernharden beste ezaugarri nabari bat etengabeko errepikapenak baitira ere, oinarria baino:

Viele Jahre war ich am Nachmittag der allerglücklichste, am Vormittag der allerunglücklichste Mensch, denke ich. Bei den Grossertern zu Hause war ich der natürliche glückliche, in der Schule unten, in der Kleinstadt, war ich der unnattürliche unglückliche Mensch. Ging ich in die Kleinstatd hinunter, ging ich ins Unglück (des Staates!), ging ich auf den Berg zu den Gorsseltern nach Hause, ging ich in das Glück.

(Urte askotan izan nintzen gizakirik zoriontsuena arratsaldez. Goizez, ordea, zoritxarrekoena, nik uste. Nire aiton-amonen etxean gizaki naturala eta zoriontsua nintzen; beheko eskolan, hiri txikian, ordea, ez naturala, ez zoriontsua. Baldin banindoan hiri txikira, zoritxarrera nindoan (Estatuarena!), mendira, nire aiton-amonen etxera, baldin banindoan, aldiz, zoriontasunera nindoan.)

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...