jueves, 5 de mayo de 2011

HILOBIKO ISILTASUNA


Ezer baino lehenago behin berriro azpimarratu behar halako irakurketa ustez bakarrik arinak baina aldi berean ere oso atseginak euskaraz egin ahal izatea aparteko plazerra dela, eta aukera ez txikiagoa gure hizkuntzaren neurria edo aintzat hartuta, zeren baitago zenbait letragizon handiustekoa euskararen merkatua edo hiztungoa hain txikia izanda halako liburu ustez arinak idaztea edo kasu honetan itzultzeak merezi ez duela aldarrikatzen duena, euskaraz egindako guztia goi mailako ekoizpen artistikoa edo edo izan behar delakoan ezinbestez.

Nik uste baietz, areago ezinbesteko deritzot gure hizkuntzaren erabilpena gero eta zabalagoa izan dadin halabeharrez, zeren eta euskarazko irakurlegoaren zati handi-handi bat, gehiena ez esatearren, hizkuntza jasoa ikasten ari diren gazteak baitira, halako irakurketak gogokoen dituztenak hain zuzen, halako irakurketa ustez arinak benetan atseginak begitantzen zaizkielako eta agian ere ezin aproposagoak hizkuntza batua, idatzia edo jasoa, txukuna edonola ere, behar bezala jorratze aldera.

Bestalde, Arnaldur Idridason HILOBIKO ISILTASUNA nobela beltza ezta inondik ere irakurketa arina, zeharo atsegina baizik. Erraz leitzen da, bai, dela Julen Gabiriak egindako itzulpen eder eta bikainari esker, dela genero beltzaren ezaugarriek ederto laguntzen dutelako nobelaren neurria halakoa izan dadin.

Izan ere, HILOBIKO ISILTASUNA nobela beltzaren ezaugarrietako bat nik behintzat gogokoen zein ezinbestekoen dudana: liburuan ezinbestez agertu behar den krimenaren nondik norakoek garrantzi gutxien izatea pertsonaien nondik norakoen onerako, hau da, krimenaren inguruan agertzen zaizkigun pertsonaiak krimena bera baino garrantzitsuagoak izatea. Indridasonen liburu honetan, islandiar idazle arrakastatsua Europa osoan zehar, saritua hainbat aldiz eta dagoeneko pantaila handira eramandako liburuekin eta guzti, ezin ageriago da krimena aitzakia hutsa dela -generoaren lehentasun edo bertute nagusia ene aburuz duda izpirik gabe- guztiz mamitsuagoa, interesgarriagoa, zirraragarria den beste istorio bat kontatzeko, tratu txarretako istorio benetan gogor edo beltza.

Alde horretatik, eta liburuaren ezer agerian ez uztearren, nabarmen da Indridasonek ardazkaturiko argumentuak helburu bakarra duela ustekabean muino batean egindako indusketa baten erruz agertzen den gorpuaren inguruan: benetan lurperatua zegoen, ahanzturaren hobian, exaxolaren osinean agian hobeto esanda, zegoen emakumezko baten eta bere seme-alaben istorio ezin latzagoa baitzem.

Eta egin ezin hobeto egin du Arnaldun Indridasonek, agidanean ohiko duenez bestalde, irundako korapiloa apur-apurka baina etengabe eta idazkera zoli eta txukunaz altsikatzen baitu. Merezi du, zinez diot, halako gauzak irakurtzeak, merezi du euskaraz gozatzen laguntzen gaituen guztiak bezala. Eta aitortu beharrean nago, gutxitan bezala, istorioak gustatu ez ezik, zeharo hunkitu ere egin nauela, negarrak-eta botatzear egoteraino.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...