miércoles, 18 de mayo de 2011

EZINBESTEKOA


Aurreneko eztabaidaldia ETB 1ean, alderdi bakoitzaren ordezkariak, besteak beste PPko Laura Garrido Knörr, euskarazko telesaioetara joan ohi den Gasteizko Olabideko ikastolakumea, euskaraz gero eta politoago jarduten duena, halabeharrez eta hainbestetan aldarrikaturiko hiri euskaraz, hots, batuaz, erdalguneetako euskalkia edo hizkera ikasia, jasoa. PPko ordezkariak hitza hartu orduko errieta sortzen da ETAren presoen zilegitasunari buruzko irizpidea mahai gainean jartzen baitu, ezta gauza bera gizabanakoen kontra saiatu izanagatik espetxeraturik egotea edo ETAren oraindik orain mehatxupean bizi direnena, nik ere uste dut bereizketa oso argia dela, ez daude parean, BILDUko Garitano jaunak guztiz kontrakoa esan arren, Garitano jaunak gaurdaino ezker abertzalearen argudio zein ihesbide bertsuak erabiltzen baititu ezinbestean. Halaber, mahai inguruan dauden gainontzekoak ere Laurari oldartzen zaikio gauzak berak esan bezala ez direla nola edo hala adierazi nahian. Ñabardurak ñabardura, beharbada edonolakoak egon behar ez diren gaian bertan, Laura andreak ondo asko daki nola jokatu bere alderdiaren BILDUrekiko jarrera salataria argi eta garbi gogoratzeko, Garitano jaunak EHko nozituriko bortizkeria bi aldeetatik datorren leloari eutsi bitartean Laurak bapatean moztu eta galdetzen dio zuzen-zuzen, gordin-gordin, ea ETA gaitzesten duen. Erantzuna espero bezala, nik behintzat besterik espero ez bainuen BILDUko ustezko gezur-independienteen aldetik, ohiko intzulinguruetatik egitan gogoan dutena ez esatearren, hots, terrorismoa bai noski, nola ez gaitzetsi, batez ere Galindo jeneralarena, gorroto biza diola dio Garitano jaunak. Baina ETArena? ETArena, ai ene!, oso bestelakoa da, indarkeriaren mota guztiak salatu bai, baina ETA bera gaitzestea oso bestelakoa da, ETA gaitzetsi ezkero ezker abertzalearen gaur arteko ibilbidea agerian uztea omen da, bide okerra hainbat tartetan, bide ankerra gehienetan, bide malkartsua. Gehiegitxo espero genuen BILDUkoengandik, larregi, bai, bildutakoena estrategia hutsa ez bailitzan inondik ere zilegizkoa ez den ilegalizioari muzin egitearren. Alabaina, legalizioak ere aukera paregabekoa eskaintzen digu Garrido andreak egin bezala BILDUkoen eta enparatuen irizpideak agerian uzteko, euren kontraesanak nabarmentzeko edota euren zilegitasun eza ikaragarria jendartean ezagutarazteko, ezin baita egon inolako baketzerik ez baldin badago aldez aurretik damu asmorik edota barkazioa eskatzeko gogorik.

Halaber, ETB1ko eztabaida-saioa oso azpimarratzekoa da Garrido eta Garitanoren arteko iskanbilari esker oihartzun ederra izan baitzuen euzkarazko saio batek erdarazko hainbat komunikabidetan.Hala ere, ezin ahaztu, ustezko hizkuntza normalkuntza baten erakusbidea izan zenik bakar-bakarrik, hau da, kolore guztietako politikariak euskaraz ari zirela euskaldungoaren aniztasun gero eta handiagoaren ispilukeria hutsa. Noraino egiazkoa ote, ez dakit, ala bai, azalekoa soil-soilik, baina gauza bat oso argi dut, Laura Garrido bezalakoek ikaragarrizko mesedea egiten diotela euskararen delako normalkuntza horri, sikiera eredu gisa, ezin hobeto erakusten baitute euskara ez dela banaka batzuen ondarea guztiona baizik. Noraino euskal PP osoaren jarrera ere izatea? Ez dut uste merezi ere duenik erantzuteak, denok baidakigu PPren euskararekiko jokabidea zer-nolako zekena eta eskasa den tamalez. Eta nola ez nabarmendu, txunditurik egon, Gizputzilandiako hautagaiburuak telesaiora gonbidatuak izanda ere, PPkoek Laura Garrido Knörr bezalako Arabako andere ikastola zein goiburgesiakume bat telesaiora igorri izana. Ez al dago Gipuzkoako PPean euskaldunik? Benetan bitxia, bai.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...