lunes, 16 de mayo de 2011

ITXURAKERIA ALA UTZIKERIA?


Gasteiztik bueltan kezkatuta edo gutxienez harrituta nator hauteskundeak direla-medio euskararen zer-nolako atzerapena sumatu dut alderdien iragarkietan. Zapatu goizean Andra Mari Zuria enparantzan dagoen EAJren egoitzaren aurretik igarotzerakoan zur eta lur geratu egin nintzen bertan azalden den guzti-guztia erdara hutsean zegoelako. Areago, hirian zehar txutxuka doan EAJren iragarkietan ere bizpahiru euskarazko hitz baino ez ziren azaltzen, lekukotasun huts baten modura, hau da, mamizko textu guztiak erdara hutsean ere bai. Etxera bidalitako botoa emateko publizitatean beste hainbeste, EAJrenean euskara behin berriro zipriztin gisa, ARALARen kasuan, ordea, are kezkagarriago, zenbait textu euskaraz azaldu arren erdarazkoaren aldean gutxi eta txikiagoak baitziren. ARALARekoek halakorik egite baldin dute zer espero genezake gainontzekoetatik, gainontzeko alderdi abertzaleetatik, zeren ete denok ondo asko sumatu bezala PSEarenean euskara bai dela testimonio hutsa, eta botoa emateko testuak batere ez, den-dena erdaraz. Ez dut, jakina, PPerena aipatzen, ez du merezi, aurkakoak dira-eta.

Gogorra bai, batez ere gogoratzen baldin baduzu aurreko hauteskundeetakoa eta ausnarrean ondo egin ezkero berehala konturatzen zara euskararen presentzia handiagoa zela, bazegoela benetako atxikimendua edo konpromisua abertzaleek behintzat aintzakotzat hartu behar zuten hizkuntzarekiko. Oraingoan, berriz, ezin ageriago da gehienek euskarazko zipriztinak baizik ez dizkiotela ematen euren publizitateari, elebitasuna ez dela behar bezala kontuan hartzen, errespetatzen, euskara begitantzen zaiela ezinbestekoa publizate hori nolabait koloreztatzeko eta kitto, baina inondik ere mamizko testuak egitekoa, zertarako denok erdara ondo baino hobeto ulertzen badugu, edo agian oso aintzakotzat hartzen dutela Javier de Andrés PPko Arabako hautagaiak erantzun ziona Arabako diputatu nagusiak euskaraz jakin behar zuen galdetu ziotenean: Zer dela eta Arabako biztanle gehienen ama-hizkuntza erdara izanda? Oso erantzun bitxia ama-hizkuntza bakar-bakarrik aintzat ematea edozein hiritarrekiko betekizunari dagokionez, badirudi oso argi eta garbi duela hizkuntza eskubideak euskara ama-hizkuntza dutenenak direla soil-soilik, euskara eskola eta batez ere bihotz-hizkuntza dutenok ordea ezin ditugu eskubideok aldarrikatu, gurea, noski, nahikeria hutsa da, izorratzeko gogoa edo antzekoa.

Laburbiduz, benetan kezkagarria, batez ere gero eta euskaldun gehiago dagoen gizarte horretan, Araban behintzat ia % hogeita bost bagara eta hala eta guztiz ere ez bagina bezala (EAJko Urtaran hautagaia bera bezalakoak), gure ordezkarien euskararekiko etengabeko eta gero eta handi eta ageriagoa den axolagabekeria, latinaren modukotzat nahi dutelakoan nago ni, hau da, noizean behin edo euren hitzaldiak edo iragarkiak zipriztintzeko eta kitto.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...